U-27ko greba orokorra

EAJri erreforma geldiarazteko eskatu diote sindikatuek

Biharko greba pentsioen sistema babesteko «urrats erabakigarria» dela ohartarazi du Euskal Herriko gehiengo sindikalakGrebarekin bat egin dute ezker abertzaleak Eusko Alkartasunak eta Alternatibak

LAB sindikatuko ordezkariek protesta egin zuten atzo Santander bankuaren Bilboko bulegoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Pentsioen erreforma geldiarazteko denbora badagoela uste du Euskal Herriko gehiengo sindikalak. Are gehiago, Espainiako Gobernuak etzi onartu asmo duen legeari EAJk ezetz esateko aukera duela gogorarazi diote jeltzaleei: «Ez dago euskal eragilerik gure izenean hori onar dezakeenik». Hala esan du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak biharko greba orokorrera deitu duten bost sindikatuetako ordezkariekin batera, Bilbon eginiko agerraldian.

Toledoko Itunak pentsio sistemaren inguruan eginiko aholkuak aztertu zituzten atzo ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruko kideek. Batzordeak Madrilgo legebiltzarrean aurkeztutako txostena «izapidea besterik ez» dela gogoratu dute, Espainiako Gobernuak azken 25 urteotan pentsio sistema publikoaren aurka eginiko «erasorik larriena» ahalbidetuko duena.

Erasoak, alabaina, helburu jakina duela azaldu du Adolfo Muñozek. Izan ere, alderdi politikoak finantza boterearen esku daudela eta, horrexegatik, «babestu beharrekoa zer den ondo dakite». Hala, «sistema publikoa desegin eta pentsio funts pribatuak sustatu» nahi izatea leporatu die ELAko idazkari nagusiak agintean dauden politikariei. Ildo beretik, Toledoko Itunak funts hauentzako zerga hobariak eskatzea«ulertezina» da Belen Arrondo EILASeko ordezkariarentzat.

Erreformak izango dituen ondorioak aintzat hartuz gero, greba orokorrera deitzea zilegi dela eta, horrez gain, «erasoaren tamainako erantzuna» dela berretsi du Muñozek. Etxaidek, halaber, lanuztearen «koherentzia» azpimarratu du, «errealitateak behin eta berriz salatu duguna berretsi duelako».

Gobernuaren diskurtsoa, dagoeneko, «agortuta» dagoela ziurtatu du LABeko buruzagiak eta, horregatik, herritarren artean «beldurra eta etsipena zabalduta» aurrera egin nahi dutela. Gehiengo sindikalak, aldiz, «jendearen haserrea kalean adierazteko erronka» bere egin du biharko mobilizazioekin. Grebari sistema publikoa berma dezaten eskatzeko «urrats erabakigarria» deritzo Etxaidek eta gauzak aldatzeko gaitasuna erakustea dagoela jokoan gaineratu du.

Atzo eztabaidatutako aholkuei dagokionez, gehiengo sindikalak pentsioak kalkulatzeko aztertu beharrezko urte kopurua luzatzeak izan dezakeen eraginaz ohartarazi du. Hala, 15 urtetik 20ra luzatzearekin pentsio berriak batez beste %6 murriztuko dira. Epeak 25 eta 35 urtera handitzeak, berriz, %10 eta %35 murriztuko lituzke, hurrenez hurren.

Toledoko Itunak, halaber, pentsioen zenbatekoa berrikusteko adierazle berriak erabiltzea proposatzen duela salatu dute sindikatuek, KPIak ez bezala, «pentsioen erosteko ahalmenari eutsiko ez lioketelako».

Alderdien babesa

Gehiengo sindikalak bezala, Euskal Herria Ezkerretik plataforma osatzen duten hiru alderdi politikoek grebarekin bat egiteko arrazoiak gogorarazi nahi izan dizkiete herritarrei lanuztearen atarian. Hala, Jone Goirizelaiak (ezker abertzalea), Pello Urizar (Eusko Alkartasuna) eta Oskar Matutek (Alternatiba) mobilizazioa babesteko agerraldia egin zuten atzo, Bilbon.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak aurretik deitutako lanuzteen ezaugarri komuna gogorarazi zuten: «Krisiaren aitzakiarekin eginiko murrizketen aurka kalera atera beharra». Administrazioek hartutako neurriek, berriz ere, «erantzun irmoa» eskatzen dutela eta, bestetik, «nazio eta gizarte eraikuntzak txanpon beraren bi aurpegiak» direla esan dute. Langileen eskubideei kalte egitea eta «merkatuen nagusitasunari eustea helburu» duen politikak, bestalde, greba orokorra «erabat justifikatzen» duela gaineratu dute.

Pentsio publikoen geroaren kezka dutenekin batera, egungo erretirodunek ere kalea hartzeko prest daude beren aldarrikapenen berri emateko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen eta aurre erretiratuen federazioak elkarretaratzeak antolatu zituen atzo Bilbon eta Gasteizen. Bihar, berriz, Donostian egingo dute protesta, 11:30ean, Gipuzkako Diputazioaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.