Bete da Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariaren nahia: azkenik, bukatu da energia enpresen irabazien gaineko zerga bereziaren ibilbidea. Indarrean sartu zenetik bi urtera, zerga hori luzatzearen inguruan eztabaidatu dute gaur Espainiako Kongresuan, eta gobernuaren proposamenak ez du behar beste babes jaso. Neurriaren aurka bozkatu dute PPk, VOXek, JxCatek eta EAJk.
Iazko abenduan, zerga bereziaren aurka bozkatu zuten lau alderdi horiek, baina, ondoren, Espainiako Gobernuak EH Bildurekin eta beste batzuekin adostu zuen urtebetez luzatuko zuela dekretu bidez. Erabaki hori Kongresuak berretsi behar zuen, gaur egin duten ezohiko osoko bilkuran, baina ez da halakorik gertatu.
Jeltzaleen erabakiaren inguruko azalpenak Idoia Sagastizabal diputatuak eman ditu. EH Bilduri, ERCri eta Podemosi demagogia egitea egotzi die, eta galdetu die ea zergatik ezartzen zaion zerga berezi hori energiaren sektoreari soilik, eta ez «are irabazi gehiago» dituzten industria farmazeutikoari eta garraioaren sektoreari. «Zerga berezia luzatzea adostu zenutenerako bazenekiten ez zela onartua izango. Errelato bat behar zenutelako egin duzue», egotzi die hiru indar politiko horiei.
Jaurlaritzaren diru sarreren aurreproiektuaren arabera, zerga horrekin 67 milioi euro gehiago bilduko lituzkete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Sagastizabalen arabera, ordea, gezurra da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 67 milioi euro horiek galduko dituztela.
«Zerga berezia luzatzea adostu zenutenerako bazenekiten ez zela onartua izango. Errelato bat behar zenutelako egin duzue»
IDOIA SAGASTIZABALEAJko diputatua
Jeltzalearen ostean hitz egin du EH Bilduko Oskar Matutek. Azaldu duenez, Petronorrek, Iberdrolak eta beste batzuek Espainiako ogasunari ordaintzen diote zerga hori, bai, baina ondoren egiten diren transferentzien bidez helduko lirateke 67 milioi euro horiek foru ogasunetara.
Matutek zerga berezia defendatu du, eta adierazi Imazek berak aitortu zuela zerga hori «huskeria» zela irabazten dutenerako. EAJri gogorarazi dio zerga berezi horren alde egin zuela duela bi urte: «Orain ezezkoa eman diozue. Eskertzen dizuet: ez da koherentea, baina bai zintzoa».
«Guk ez dugu politika Repsoleko kontseilari ordezkariaren zerbitzura egiten. EH Bildurentzat herria dago lehenik, eta alderdia gero»
OSKAR MATUTEEH Bilduko diputatua
Amaitzeko, demagogia akusazioei erantzunez, esan du bozketa taula guztiz argigarria dela —PP, VOX eta JxCatekin elkartu da EAJ—, eta bi formazio politikoen aldeak azpimarratu ditu: «Guk ez dugu politika Repsoleko kontseilari ordezkariaren zerbitzura egiten. EH Bildurentzat herria dago lehenik, eta alderdia gero».
Eztabaida hasi aurretik jakina zen ez zutela dekretua onartuko. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak hartu du hitza lehendabizi, eta argi geratu da hori haren mintzaldian. Azaldu du euren bazkideekin zituzten konpromisoengatik eraman dutela dekretua kongresura, ahal izan duten guztia egin dutela onartua izan zedin, baina emaitza «normalitate demokratikoz» onartuko dutela. Eskuineko alderdien jarrera kritikatu du, «edozein abagune» baliatzen dutelako zergak jaisteko.
Omnibus dekretua, atzera
Energia enpresen gaineko zergaren bozketan ez bezala, ez zegoen argi eguneko beste puntu nagusiaren emaitza zein izango zen. Omnibus dekretu bat bozkatu dute diputatuek, eta hartan jasota zeuden hainbat neurri: besteak beste, pentsioak eta bizitzeko gutxieneko diru sarrerak igotzea, garraio publikorako deskontuak, argindarra ordaintzeko bonu sozialak, tanta hotzak kaltetutakoentzako laguntzak eta Jaurlaritza erbesteratuak 1936an Parisen erabili zuen egoitza EAJri itzultzea. Gobernuak neurri horiek PPren babesarekin onartzea espero zuen, baina azkenean ezezkoa bozkatu dute popularrek eta JxCatek.
Dekretu horrek aurrera egin ez izanak zenbait ondorio ditu. Pentsiodunei, esaterako, ez diete hitzeman zieten %2,8ko igoera aplikatuko otsailetik aurrera —urtarrilean bai, agindua jada emana zegoelako—. Ez dute %9ko igoerarik izango pentsio ez-kontributiboa jasotzen dutenek, ezta bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen dutenek ere. Eta gutxieneko pentsioa jasotzen dutenei ere ez zaie %6ko igoerarik egingo.

Bestetik, pentsioak igo ahal izateko, Madrilek kotizazioak igo nahi zizkien Gizarte Segurantzan afiliatutakoei, baina hori ere ez da gertatuko momentuz. Soldata handienei ezarri nahi zizkien zerga berri batzuk ere ez dira indarrean sartuko.
Kalte horiek guztiak arintzeko, PPk iragarri du lege proposamen bana aurkeztuko duela pentsioak igotzeko, Valentziako kaltetuei laguntzeko eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen dutenentzako. Gaurko dekretuari ezezkoa eman diote «gobernuak akordioak egiteko gaitasuna falta baitu». «Ez dugu onartuko murrizketak eta xantaiak jasotzen dituen dekretu bat», defendatu du Juan Bravo diputatuak.
EAJ-k dio Parisko Jauregia jaso duela jada
EAJko iturriek ziurtatu dutenez, sekulako harrabotsa eragin duen Parisko jauregia alderdiaren eskuetan dago jada: dekretua berretsi ez bada ere, transferentzia egina dago, eta ez dago atzera biderik.
Kongresuan, Omnibus dekretuaz eztabaidatzeko txandan, EAJko Sagastizabalek gogor egin du PPren kontra. Euskaraz, «lotsagabe bat» dela esan dio Miguel Tellado PPko bozeramaileari, hark azken egunetan adierazi baitu jeltzaleak «aprobetxategi batzuk» direla.
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak pasa den ostegunean kontatu zuen egoitza hori alderdiaren diruarekin erositakoa dela, eta hura jeltzaleei itzultzea memoria historikoarekin lotutako kontu bat dela. «[Mariano] Rajoy presidenteak hartutako konpromiso bat da», aurpegiratu zien.
Gaur egun, Cervantes Institutuaren Frantziako egoitza da eraikina. Hori ez da aldatuko, baina aurrerantzean Espainiako Gobernuak alokairu bat ordaindu beharko dio EAJri.
Jauregia 1937an erosi zuen alderdiak, baina Gestapok bere egin zuen Paris okupatu zuenean, eta Frantziak Francoren gobernuari eman zion 1951. urtean.