EAJk eta PSEk kontrol biometrikoa sartu dute DSBEaren lege berrian

Lanbideko «erabiltzaileak eta laguntzen onuradunak» identifikatzeko erabili nahi dute. Errenta jasotzen dutenen «inplikazio aktiboa» neurtzea proposatu dute, ordainak murriztea ahalbidetzeko

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, lege bidez ezarri nahi diete kontrol biometrikoa Lanbide enplegu zerbitzu publikoaren erabiltzaileei eta gizarte laguntzen onuradunei. Bi alderdiek DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren araudia eguneratzeko aurkeztu duten lege proposamenaren barruan ageri da neurria.

Enplegu Sailak orain dela hilabete batzuk iragarri zuen Lanbiden hatz marka digitalaren bidezko identifikazioa indarrean jartzeko asmoa. Hautsak harrotu zituen ideiak. Margarita Uria Datuen Babeserako Euskal Agentziaren zuzendariak ohartarazi zuen halako neurri bat ezin dela derrigortu, eta soilik borondatezkoa izan daitekeela, erabiltzailearen baimena «propio» emanda—hasita daudela salatu dute erabiltzaile batzuek—. Hatz marka aipatu gabe, testuak dio sistema biometrikoak erabiliko direla zerbitzuko «erabiltzaileak edota laguntzen onuradunak» identifikatzeko, datuen babeserako arauen zehaztapenak «aintzat hartuta».

EAJk eta PSEk atzo goizean erroldatu zuten erreformarako testu legegilea, lege proposamen gisa, agerraldi publikorik egin gabe. Uko egin diote Jaurlaritzaren lege proiektu gisa bideratzeari. Ez da ohiko jardun legegilea. Ohar baten bidez, bi alderdiek argudiatu zuten tramitazioa «arintzeko» jokatu dutela horrela.

Oposizioak ez du hala ikusi. «Gardentasun eta kontrol prozedurak bazterrean utzi dituzte», kexatu zen Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. Jaurlaritzak iritzia eman beharko du lege proposamenari buruz, baina ez ditu prestatu beharko memoria ekonomikoa, txosten orokorra eta aholku batzordearen irizpideak.

Ez da prozeduran dagoen ezberdintasun bakarra. Gobernuak aurkeztutako proiektu bat denean, legebiltzarreko taldeek posible dute osoko zuzenketa bat egitea, testua atzera bueltatzeko. Lege proposamenen kasuan, ez dago halakorik. Behin tramiterako onartuta, soilik zuzenketa partzialak egin ahal zaizkio, azken bozketan proposamena ez onartzeko aukera badagoen arren. Tramiterako onartzeko, EAJk eta PSE-EEk oposizioko beste alderdiren baten abstentzioa edo aldeko botoa lortu beharko dute.

Edukiari dagokionez, oso gertutik jarraitzen dio joan den urteko maiatzean Enplegu Sailak erreformarako aurkeztu zuen oinarri dokumentuari. Etxebizitza bakoitzeko errenta bakarra egotea arau bihurtu nahi dute. Eskema horrekin, adingabeak dituzten familiei laguntzak igoko zaizkie, baina etxea partekatzea zailduko zaie onuradun helduei.

Kasu batzuetan, etxebizitza bakarrean bi elkarbizitza unitate egotea baimenduko du legeak. Tratu txarren biktimak, etxegabetzeak jasan dituzten pertsonak, banatu direnak, eta adingabeak beren kargu izanik bizitza proiektu berri bati ekin diotenak dira halako kasu bereziak. Legeak aurreikusten du gehienez ere 24 hilabetez onartuko direla bigarrenelkarbizitza unitate ohiek. Bigarren unitate horretarako laguntza ekonomikoak txikiagoak lirateke, edonola ere.

455 euro, oinarria

Ordaina kalkulatzeko sistemari aldaketa sakona egin nahi diote. Martxan jarri zenetik, lanbidearteko gutxieneko soldatari lotu zaio errenta. 2005. urteko erreforman, gutxieneko soldataren %88ra iritsi zen pertsona bakar batentzat, %113 birentzat, eta %125 hirurentzat. Jeltzaleek eta sozialistek lotura hori kendu nahi dute legetik, eta horren ordez beste tresna bat erabili: gutxieneko gastuen adierazlea.

Adierazle berri horrek, eurotan, islatuko luke zenbat diru behar duen herritar batek hilero «oinarrizko betebehar arruntei aurre egiteko». Proposamenean, 455 euroan ezarri da. Ondoren, errenta kalkulatzeko osagarriak leudeke, elkarbizitza unitatea osatzen duten pertsonen kopuruaren eta harremanen arabera.

Oro har, gaur egungo estaldurari eusten zaio, baina ñabardura batzuekin. Pertsona bakarreko unitateak orain baino hamabost euro gehiago jasoko lituzke; bikote batek, lau euro gutxiago; eta harremanik ez duten hiru lagunek, 65 euro gutxiago. Adingabeak edo menpeko norbait beren kargu duten bikoteen ordainak gaur egungoak baino handiagoak lirateke: haur batekin 30 euro gehiago, birekin 116 gehiago, hirurekin 178 euro gehiago, eta laurekin 239 euro gehiago.

Alde handiena bi elkarbizitza unitatek etxea partekatzean gertatuko litzateke. Bigarren mailako unitatetzat jotzen denak diru gutxiago jasoko du. Esaterako, bi bikote baldin badaude etxe berean, unitate nagusitzak jotzen denak 823 euro kobratuko ditu, eta bigarren mailakoak, 573 euro. Bigarren unitate horrek, asko jota, 614 euro jaso ahalko ditu. Unitate nagusiaren muga 1.228 euro dira.

Kontuan hartu behar da, dena den, 2012. urtetik aurrera DSBEaren ordainei %7ko murrizketa ezarri zaiela, eta oraindik indarrean dagoela. Horrekin batera, alokairurako osagarria (250 euro) desagertu da, Etxebizitza Legearen barruan garatuko den beste laguntza batek ordezkatuta. Era berean, legeak hala agindu ez arren, azken bi urteotan eguneratzea egiteko inflazioa erabili du Jaurlaritzak, gutxieneko soldataren erreferentzia baztertuta. EAJk eta PSEk pentsatu duten eguneratze sistemak gobernuaren eskuetan uzten du ardura. Batetik, Eustatek gutxieneko gastuaren adierazlea berrituko luke, lau urtean behin gutxienez. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak ezarriko luke, aurrekontuen bidez, zenbat igoko den urte batetik bestera.

«Inplikazio aktiboa»

Ordaina jasotzeko baldintzetan ez dago aldaketa handirik. Onuraduna izateko gutxieneko adina 23 urte litzateke aurrerantzean ere, eta hiru urtez jarraian udalerri berean erroldatuta egon beharko litzateke, egoera jakin batzuetan bira jaisteko aukera utzita. Berritasun modura, onuradunen «inplikazio aktiboa» neurtzeko beste koefiziente bat martxan jarriko litzateke, ordainaren zenbatekoa berrikusteko aukera emateko.

DSBEa eskuratzearen truke, baldintza eta betebehar batzuk euren gain hartzen dituzte onuradunek. Hasieran, unitate bakoitzari koefiziente gorena emango diote, eta dagokion ordain osoa jasoko du. Lanbidek ondorioztatzen badu betebehar edo baldintzaren bat ez duela bete, koefiziente hori murriztu, eta ordaina proportzio berean jaitsiko diote. EAJk eta PSEk aldaketa justifikatu dute, azpimarratuta orain laguntza etetea beste alternatibarik ez zegoela, urraketaren bat gertatzekotan.

Pentsiodunei dagokienez, lege berrian atal bereiztu batean jaso dira haien baldintzak. Praktikan, ordea, gaur egun ere indarrean dagoen osagarriari jarraipena eman nahi zaio, diru kopuruak apur bat igota: 52 euro gehiago pentsiodun batentzat, eta 62 euro gehiago beste pertsona batekin bizi bada. Orain bezala, gainerako unitateena baino handiagoa izango da pentsiodunei bermatutako errenta. Ondare baldintzak ere leundu dira, premian daudenei laguntza ez ukatzeko. Halaber, Finantzen Euskal Kontseiluan aztertuko dute osagarri hori zerga negatibo baten bidez ordaintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.