Zerga sistema

EAJk eta PSE-EEk elkarrizketak hasi dituzte zerga erreforma baterako

Helburua zerga sistemaren «progresibitatea handitzea» dela adierazi dute. Baina ez dute iragarri zer aldaketa aztertuko duten zehazki. ELAk eskatu du enpresa handiei zergak igotzea.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, iazko urrian. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
Aitor Biain - Maddi Iztueta Olano
2023ko urtarrilaren 31
12:36
Entzun

Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, iragarri dute hartu-emanak abiatu dituztela zerga sistemaren aldaketa bat adosteko. Ohar bateratu bat argitaratu dute alderdiek, eta bertan adierazi dute «progresibitatea handitzea» dela helburua, «euskal gizarteak aurre egin beharko dien erronkei erantzuteko».

Bi alderdien esanetan, 2013an adostutako erreforma eta 2018an onartutako doikuntzak hartuko dituzte abiapuntu gisa. Izan ere, haien esanetan, aldaketa horiek lagundu egin diete Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunei unean uneko gastuei erantzuteko diru sarrera nahikoa eskuratzen, eta betiere «progresibitate zentzuzko baten barruan». Baina azken urteetako gertakariek, pandemiak eta Ukrainako gerrak kasurako, ezohiko gastuak eragin dizkiete, eta, beraz, uste dute ezinbestekoa dela sistema berrikustea orain.

EAJk eta PSE-EEk azpimarratu dute fiskalitatea dela etorkizunari erantzuteko tresnarik egokiena, baina ez dute zehaztu zer aldaketa egitea aztertuko duten. Dena den, gogorarazi dute premiazkoa dela Espainiako Gobernuak proposatutako aberastasun handien gaineko zerga onestea.

Hain justu, iazko urtearen amaieran, Itun Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren azken bileran adostu zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunen esku uztea fortuna handien zergaren bilketa. «Elkartasun zerga» deiturikoak, baina, ez dira martxan jarri oraindik, Espainiako Kongresuak onartu behar baitu Itun Ekonomikoaren Legean aldaketa egitea.

Aspaldiko eskakizuna
Maiatzeko udal eta foru hauteskundetarako hilabete gutxi falta direla egin dute iragarpena EAJk eta PSE-EEk, alderdiak kanpainaurrean sartuta daudela. Baina zerga sistema erreformatzea aspaldiko eskakizuna da. Oposizioak behin eta birritan eskatu baitie Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei sistema berrikusteko eta aldatzeko.

EH Bilduk, esaterako, fiskalitatearen gaia mahai gainean jartzea galdegin zion Jaurlaritzari aurrekontuen negoziazioan, eta «norabide aldaketa» errotzeko eskatu. Elkarrekin Podemos-IUk ere zerga sistemaren inguruan «marra gorririk gabe» negoziatzeko eskatu zion. Aldiz, PP+CSk kontrako norabidean egin zituen proposamenak, «arintze fiskal bat» eskatuta.

Bestalde, ELAk bi alderdien asmoei erantzun die prentsa ohar baten bidez. Sindikatuak gogorarazi du «denbora luzea» daramatela fiskalitatearen premiazko erreforma eskatzen, eta, orain arte, «entzungor» egitea leporatu diete erakundeei. EAJk eta PSE-EEk abian jarri nahi duten zerga erreformaren inguruan, eskatu dute enpresen irabazien gaineko zerga %25ean kokatzea eta errenta handientzako zerga tasak igotzea.

Prentsa oharrean, azpimarratu dute enpresek gero eta mozkin handiagoak lortzen dituztela, baina langile klasea «pobretzen» ari dela. Horiek hala, sindikatuak iritzi dio «inoiz baino beharrezkoagoa» dela fiskalitatearen gaiari heltzea; aberastasuna «modu justuan» banatzeko.

Sindikatuaren arabera, azken urteetako kapital errenten bilketak behera egin du. Jaitsiera horren erantzuletzat jo dituzte, besteak beste, soldataz kanpoko errentetako iruzur fiskala eta enpresa handiek ordaindu beharreko zergak murriztu izana.

Kontuak kontu, EAJk eta PSE-EEk esan dute prozesua hasi baino ez dutela egin. Baina azpimarratu dute «lanak» elkarrekin egingo dituztela oraingoz, beste alderdiekin partekatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.