Azpeitiko (Gipuzkoa) Corrugados zabaltzeko asmoz CL Taldeak egin saioari lotutako xextra politikoa ez da apaldu, eragile gehiago sartu baitira sokari tenk eusteko, azken orduetan. Azpeitiko EAJk enplegua sortuko lukeen ustezko proiektuaren «dokumentazio guztia» plazaratu du, hedabideei hainbat agiri bidalita. Eztabaida, azken egunetan, honetara bildu da: industria planik egon den ala ez, hain zuzen. EH Bilduk plan hori ezagutarazteko exijitu die Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Aldundiari, eta adierazi du halakorik ez dagoela, ez dela inoiz egon. Udal oposizioaren ekimenak, proiektuari buruzko zenbait txosten bidaliz, eskaera horri erantzuteko saio bat ematen du.
Bien bitartean, ELA sindikatuak salaketa gogorra egin du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren aurka. «Ez dago industria-planik, eta, halakorik balego ere, ez litzateke herrigune batean enpresa bat berriro ireki behar, hori biztanleriaren osasun, ingurumen eta segurtasun irizpide eta araudi guztien aurka baitoa», argudiatu du sindikatuak.
Azpeitiko EAJrentzat, berriz, «gardentasunez eta irisgarritasunez, herritar guztiek egiaztatu ahal izango dute Corrugados irekitzea posible zela eta dela», ezagutarazi duten dokumentazioaren bidez. Agiri horietako batzuk udalak berak bere webgunean jarriak dituen idatziak dira, publikoak, beraz. Beste batzuk, Cristian Lay taldeak emandakoak, adibidez, CuatreCasas abokatu zerbitzuari eskatutako bideragarritasunari buruzko txosten bat.
Zer agiri dira?
EAJk bidalitako agirien artean Azpeitiko Plan Orokorra dago. Bestalde, otsailaren 18an, CL Taldeak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Azpeitiko Udalari «eskuz eman zien Negozio Plana» ere bidali du, dagoeneko hedabide batzuk filtratu dutena eta CLren asmoen berri ematen duena, kopuru orokor batzuen bidez, baina industria plan bat garatu gabe. Halaber, CL-k Azpeitiko alkateari bidali zion gutun bat ere bai, «berriz irekitzeko asmoa zuela adieraziz».
Horrez gain, EAJko udal taldeak agirien artean sartu ditu martxoaren 17an Nagore Alkorta alkateari bidalitako gutunari erantsitako txosten juridiko bat eta udal idazkariak sinatutako beste txosten juridiko bat. Alkateak Osoko Bilkurara eraman zuen txosten hori, apirilaren 27an. Dokumentazio horrek «argi eta garbi» erakusten du, EAJren ustez, «jasoa geratzen dela proiektua existitzen zela eta dela».
ELA sindikatuak ere bere iritzia eman du auziari buruz, eta Tapia sailburuari erreparatu dio auziaren sorrera bera azaltzeko. «Onartezina da Arantxa Tapia sailburuak gai horri buruz duen jarrera, are gehiago Ingurumen Saileko titularra dela kontuan hartuta». Tapiak bere saila alderdikeriaz kudeatzen duela uste du sindikatuak. «Bere eginkizunen kontura borroka politiko alderdikoi bat egiteak gogoeta eginarazi beharko luke, ingurumenaren ardura izateko duen egokitasunari buruz». Sailburuaren kudeaketa jarri du mahai gainean, finean, ELAk. «Zaldibarko zabortegia, fracking-a eta errausketa moduko gai larrien aurrean izan beharreko jokabidea eta jarrera aipatu behar dira hemen».
Edonola ere, Corrugadosekin zer gertatzen ari den argi dauka ELAk: «Jaurlaritza Corrugados auzia kanpaina politiko gisa erabiltzen ari da bere industria eta ingurumen politika zorigaiztokoa ezkutatzeko». Aernnova, ITP, Alestis, H&M edo Tubacexen kaleratzeak direla-eta Tapiak ez duela«ezer» egin salatu du.
EAJk «agiriak» plazaratu ditu, eta ELAk salatu du ez dagoela industria planik
CL-k Corrugadosentzat egindako negozio plana jakinarazi du Azpeitiko oposizioak. Herriguneetan ez da fabrikarik ireki behar, ELAren ustez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu