Autonomia erkidegoetako eta lurraldeetako lan hitzarmenak lehenesteko arauaren garrantzia erakusten du Lan Harremanen Kontseiluak gaur kaleratu duen datu batek. Haren arabera, aurten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan negoziatutako lan itunetan %5,2 igo dira soldatak; EAE Euskal Autonomia Erkidegoan eragina duten Espainiako hitzarmenetan, berriz, %2,45 baizik ez. Hau da, erabakigunea gerturatzeak soldatak hobetzen ditu.
Indarrean dauden 602 hitzarmenetan, aldea ez da hain handia, baina beti da bertako itunen aldekoa: %3,61eko igoera EAEn negoziatutakoen artean, eta %2,75ekoa Madrilen lortutakoen artean.
Lanaldien iraupenean ere handiak dira aldeak: indarrean dauden EAEko hitzarmenetan, 1.686 orduko lanaldia dago urtean, eta hortik oso gorakoa EAEn eragina duten Espainiakoetan (1.755).
LHKren azken txostenean ikusten denez, aurtengo lehen lau hilabeteetan erregistratutako lan hitzarmenetan are apalagoa da lanaldia: 1.679 ordu EAEn lortutakoetan, eta 1.749 ordu Espainiakoetan.
118 itun aurten
Negoziazio kolektiboak desblokeatuta dirau. Urtarrilaren 1etik apirilaren 30 arte 118 lan itun sinatu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, horien bitartez, 31.658 langilek eguneratu zituzten beren lan baldintzak. Milaka batzuk gehitu dira aste honetan, lan hitzarmena berritzea lortu baitute Bizkaiko ostalaritzan eta Gipuzkoako egurgintzan. Azken datuen arabera, itunpeko langileen %56,7k dute lan hitzarmena indarrean —urte hasieran %52,3 ziren—, eta, bestalde, %38,6k indarraldia luzaturiko ituna daukate. Beharginen %4,7k daukate hitzarmena iraungita.
4.260Zenbat langilek izan dituzten erregulazioak. LHK-k nabarmendu du gora egin duela enplegua erregulatzeko espedienteek eragindako langileen kopuruak: espedienteak %14 gutxiago izan dira, baina %86,4 langile gehiago daude haien eraginpean: 4.160 dira. Enpresa guztiz gehienek arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte enplegua erregulatzeko, baina gutxik erabili dituzte langileak kaleratzeko. Langile gehienei kontratua aldi baterako eten diete (3.937), eta gutxi batzuei, berriz, hautsi (205).