Gaur hasi behar zuen EAEko UGTko idazkari nagusia aukeratzeko kongresuak, baina, sindikatuak jakinarazi duenez, erabaki dute bertan behera uztea.
Ohi ez bezala, kongresua hasi aurretik sindikatuak ez du hautagaitza ofizialik proposatu, eta izen alternatiborik ere ez da aurkeztu. Kontsentsuzko zerrenda bat adostea zen egungo zuzendaritzaren asmoa, batzarra aurkezteko egin zuten prentsaurrekoak azaldu zutenez, martxoaren 4an.
Raul Arzak agerraldi horretan jakinarazi zuen ez zuela karguan jarraituko: esan zuen «bazterrera» egiteko garaia zela. Sindikatua «kohesionatua» dagoela gaineratu zuen, eta «trantsizio ordenatua» egitea zela kongresuaren helburua. Denak «norabide berean arraunean» ari zirela nabarmendu zuen. Arantza Ruiz sindikatuko antolakuntza idazkaria azaldu zen Arzaren alboan.
Sindikatuko iturrien arabera, baina, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioak ez dira akordio batera iritsi, eta zerrenda bana proposatu dute. Hori ikusita, UGTko zuzendaritzak erabaki du bertan behera uztea kongresua.
Horrekin batera, eta federazioek hala proposatuta, batzarra atzeratuko dute. Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duten. Federazioetako batek eskatu du «topaketan parte hartu beharreko erakunde guztien parte hartze demokratikoa bermatu arte» atzeratzea.
UGTk ohar batean esan du egungo zuzendaritzak «normaltasun osoz» jarraituko duela karguan, kongresua egin arte, eta gaineratu du haren ordezkariei eta afiliatuei arreta eta estaldura emango diela, eta negoziazio eremu guztietan eta kide den erakunde soziolaboral guztietan parte hartzen jarraituko duela.
Raul Arzak (Laudio, Araba, 1963) hamabi urte egin ditu sindikatuaren buruzagitzan, 2013an Damaso Casadok utzitako lekua bete zuenetik. Kargua hartu zuenean, esan zuen zortzi urtez jarduteko asmoa zuela, baina beste lau egin zituen, pandemia osteko egoera kudeatzeko.
33.000Afiliatuak EAEko sindikatuetan laugarrena da UGT, ELAren, LABen eta CCOOren atzetik. Hiru lurraldeetako ordezkari sindikalen %10,51 ditu. Gaur egun, 2.000 ordezkari eta 33.000 afiliatu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Nafarroan, otsailaren 28an egin zuten kongresua, eta Lorenzo Rios aukeratu zuten idazkari nagusi, Jesus Santosek kargua uztea erabaki ostean. Riosena izan zen hautagaitza bakarra, baina haren garaipena ez zen erabatekoa izan, botoen %52 lortu baitzituen. Nafarroan lehen sindikatua da UGT, ordezkarien %24,8 baititu.
EAEko UGTren kongresua Bilboko hotel batean egin behar zuten gaur eta bihar. Raul Arzak ez ezik, gaurko irekiera ekitaldian hitz egin behar zuten Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Enplegu eta Lan sailburuak, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak eta Loli Garcia Euskadiko CCOO idazkari nagusiak.
Sindikatu hori maiatzaren 15ean eta 16an da egitekoa bere kongresua. Garciak ere erabaki du karguan ez jarraitzea, baina, kasu horretan, CCOOren zuzendaritzak «kontsentsuko hautagai» bat aurkeztu du: Santi Martinez ekintza soziopolitikorako eta komunikaziorako egungo idazkaria.