Alderdi Popularrak etekina atera nahi dio Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Foru Aldundian gehiengoak behartzeko duen aukerari. Popularrek zuzenean lotu dituzte zerga erreforma eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu proiektua. Kontuak aurrera ateratzeko negoziazioetan engaiatzearen truke, PPk bideratuta ikusi nahi du zergak arinduko dituen moldaketa bat, eta ez da hori gaur-gaurkoz EAJk eta PSE-EEk adostu dituzten neurrietan ikusi duena.
EAEko PPren erreferentzia da popularren abstentzioarekin aurtengo aurrekontu proiektua ahalbidetzea onartu zuen ituna. Alfonso Alonso alderdiko presidentearen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du bete bertan hitzartutakoa, eta zerga erreformaren norabidea aldatzea izan liteke «konfiantza berreskuratzeko» urratsa.
Abstentzioaren truke, 29 milioi euroko —gastu aurrekontuaren %0,25— inbertsioen helburua zehaztu ahal izan zuen PPk, baina, horrez gain, fiskalitateari buruzko klausula bat zekarren hitzarmenak. Horretan ezarri zen edozein zerga erreformak babes zabala edukitzea, errenta txiki eta ertainen diru sarrerak ez gutxitzea, enpresen lehiakortasunari laguntzea, eta aurrezkia eta inbertsioa erraztea izan beharko zituela helburu. EAJk eta PSE-EEk onartu duten akordioa «zeharo kontrajartzen zaio» PPrekin hitzartu zenari.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan proposamen propioa — «zentzuzkoa», Alonsoren hitzetan— aurkeztuko dute popularrek. EAJk eta PSEk badute erreforma ateratzeko behar duten gehiengoa Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez Araban.
Popularren eskaera nagusia da sozietate zergaren tasa nominala Espainiakoarekin parekatzea. Gaur egun, %28 da tasa orokorra, eta %24 enpresa txiki eta ertainentzat. PPk %25era jaitsi nahi du tasa orokorra, %23ra enpresa txiki eta ertainena, eta %19ra mikroenpresena. Jeltzaleen eta sozialisten arteko desadostasun funtsezkoa izan da sozietate zergaren tasa, eta azkenean ez ukitzea erabaki dute. «Inbertitzeko erakargarritasun txikiena duten tokietako bat bihurtu da Euskadi. Uste dut hori kontzertu ekonomikoa ez ulertzea dela», kritikatu du Alonsok.
Errenta zerga
Alonsok ez du ikusi inolako hobekuntzarik zerga erreformaren proposamenean, Hori dela eta, sozietate zergan ez ezik, errenta zergan ere aldaketak eskatuko dituzte popularrek, eta autonomoei laguntzeko neurriak. Horiek gauzatzea bihurtu nahi du PPk EAJrekin eta PSErekin akordioa lortzeko dagoen aukerari buruzko termometro. «Oso zaila iruditzen zaigu diru sarrera politikarekin bat etorri gabe gastu politikaren inguruan edozein akordio lortzea», ohartarazi zuen popularren presidenteak.
Datorren astean onartuko dituzte foru aldundiek zerga erreformaren proposamenak, eta tramitazioa hasiko da batzar nagusietan. Jaurlaritzaren kontuak onartzeko azken bozketa abenduaren 22an egingo dute.
Zerga politika. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
EAEko PPk zergak jaistea exijituko du Jaurlaritzaren aurrekontuak hitzartzeko
«Konfiantza berreskuratzeko» urratsa litzateke, Alfonso Alonsoren ustez. Sozietate zergaren tasa gutxienez hiru puntu murriztea nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu