Langile publikoak

EAEko ordezko langileek ez dute izango LEP berezia, estatuak araua argitu arte

Kidego eta Eskalen Legeak kanpoan utzi du ordezko gisa jarduten duten 55.000 langile publikoen lanpostua egonkortzeko arau berezia

Eusko Legebiltzarreko Mahaia, gaurko osoko bilkuran. EUSKO LEGEBILTZARRA
xabier martin
2021eko azaroaren 11
17:19
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Kidego eta Eskalen Legea onartu du EAJren eta PSEren botoekin, eta oposizio osoaren aurka. Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna apaltzeko helburua duen lege horrek ez du jaso, azkenerako, LEP lan eskaintza publiko berezi bat sortzea administrazio publikoan ordezko gisa jarduten duten 55.000 langileentzat. Lege berriaren bidez, ordezkoak langile publiko egonkor bihurtzeko tresna bat eratu nahi zuten tramiterako onartu zenean. Urte askoan jardun duten ordezkoek beste edozein hautagaik gainditu behar duen lan eskaintza publiko bera gainditu beharko dute, beraz, harik eta Espainiako araua argitzen den arte behintzat.

Izan ere, EAEko Polizia Legeak pareko klausula bat jaso zuen bere azken moldaketan, eta konstituzioaren aurkakotzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. PPrekin batera, EAJk eta PSEk berridatzi egin dute Eskalen Legea, klausula hori kenduta, «berme judizial guztiak» eduki ditzan; hala azaldu du Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko sailburuak.

Legearen jatorrizko idatzian jasota zegoen ordezkoen tasa %40tik gorakoa denean eskaintzen diren lan publikoen alorrean haiek eskuratzeko «txanda bereiz batera» deitu ahalko zuela administrazioak. Aukera hori baztertu du legeak; onartutakoak dio «salbuespen batzuetan enplegua kontsolidatzeko prozesu bereziak» antolatu ahal izango direla, baina betiere Espainiako arauak baimentzen duenaren barruan; Espainiako Kongresuan da tramiterako lege hori.

ELAren eta LABen kritikak

Legea erabaki judizialek «baldintzatuta» sortu dela onartu du EAJk, baina esan du «oso erabilgarria» izango dela aurrerantzean. EH Bildurentzat, alor publikoko ordezkoen auzia «soluziorik gabe» utzi du, eta Elkarrekin Podemosek LEP berezien «derrigortasuna» ez jasotzea kritikatu du.

ELA sindikatuak, berriz, gogor salatu du legebiltzarrak aurrera atera duen legea, enplegu publikoa kontsolidatzeko zen legeak «arriskuan jartzen dituelako milaka lanpostu publiko». Sindikatuak azaldu du oposizioa «baztertzailea» dela oraindik ere, eta deialdiko lanpostuan jardundako denbora ez dela «erabakigarria» izango lan eskaintza publikoen emaitzetan. Lege berriak jaso du ordezko langileen merituak «modu desberdindu» batean hartuko direla kontuan, baina meritu horiek ez dute gaindituko puntuazio osoaren %20.

«Milaka langileren lanpostua kolokan jartzen du xedapenak, kontsolidaziorako bermerik gabe», ELArentzat, eta, horrez gain, estatuarekiko «erabateko sumisioa» adierazten du, aurreikusten duelako kontsolidazio prozesuak Espainiako lege aldaketen barnean egitea. EAEko langile publikoen %40ri irtenbidea emango dien «kontsolidazio lege bermatzaile bat» eskatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. «Lege horrek egungo argazkia berriro ez errepikatzeko mekanismoak jaso beharko lituzke. eta Madrilek ezartzen dituen oztopoak kentzea ahalbidetuko".

LAB sindikatuak ere legearen aurka egin du: «EAJ eta PSOEk ezerezean utzi dute behin-behineko kontratazioaren abusua amaitzeko Jaurlaritzaren tresna legal bakarra omen zena». Sindikatu abertzaleak dio ezezkoa eman zaiola «oposizio faseko proba ez-baztertzaileak ahalbidetzeari»; hautaketa prozesurik gabe edota sententziarik gabe, hiru urte baino gehiagoz dagokion sailkapen taldeetan aldi baterako kontratazioaren «abusua pairatzen ari diren langileei» eman ei zaie ezezko hori. Jaurlaritzak «Madrildik zer etorriko zain» jarraitzen duela erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.