Lan harremanak

EAEko langileen %5ek baino gutxiagok daukate lan hitzarmena iraungita

Beharginen erdiek baino gehiagok eguneratuta daukate lan ituna. Kopuru hori ia bikoiztu egin da duela bi urtetik. Hitzarmen berrietan, batez beste, %4,11 igo dira soldatak.

Emakume bat Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenaren aldeko mobilizazio batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emakume bat Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenaren aldeko mobilizazio batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko irailaren 24a
12:05
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar langiletik seik eguneratua dute lan hitzarmena. 2012ko lan erreformaz geroztik erregistratutako daturik onena da, negoziazio kolektiboak desblokeatu izanaren ondorioa. Zehazki, ekainaren amaieran %60,1 ziren ituna eguneratua zuten langileak; %35,3k luzatua zuten, eta %4,6 ziren hitzarmenik indarrean ez zutenak.

LHK Lan Harremanen Kontseiluaren azken txostenaren arabera, ehuneko hori lehen aldiz %5 baino baxuagoa izatea lortu da, nagusiki, 2023. urtean Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmena sinatu zelako, eta 2024an Arabako elikadura komertzioarena berreskuratu zelako. Azken hori indargabetuta zegoen.

%60,1

 

Zenbat langilek daukaten hitzarmena eguneratuta. Ituna berritua duten beharginen kopurua gora doa urtez urte: 2022ko ekainean %32,7 ziren; iazkoan, %52,9; eta aurtengoan, %60,1. 2012ko lan erreforma sinatu zenetik izan den kopururik handiena da.

Egoerak nabarmen egin du hobera azken urteetan. Konparatzeko: pandemia aurreko datuei erreparatuz gero —2019ko ekainekoei—, soldatapeko langileen %17,9k indargabetua zuten hitzarmena, %40,7k luzatua, eta %38k soilik zuten berritua.

Dena den, urteko lehen seihilekoa ez zen bereziki oparoa izan negoziazio kolektiboarentzat. Ekainera bitarte 173 hitzarmen sinatu ziren, eta, horien bitartez, 53.582 langilek eguneratu zituzten beren lan baldintzak. Itun horietako 35 sektorekoak izan dira; hamasei EAEn negoziatutakoak, eta hemeretzi Madrilen. 

Erabakiguneak gerturatzea

LHKren txostenak agerian utzi du, beste behin, zer garrantzitsua gertatu den autonomia erkidegoetako eta lurraldeetako lan hitzarmenak lehenesteko araua. Haren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekainera bitarte sinatu diren hitzarmenetan %4,38 igo dira soldatak, eta Espainian negoziatutakoetan %3,33. Hau da, erabakigunea gerturatzeak soldatak hobetzen ditu.

Indarrean dauden itun kolektiboetan, berriz, %3,36 igoko dira soldatak aurten, batez beste. 389.213 pertsonari eragingo die horrek.

Azkenik, urteko lehen lau hilabeteetako greben berri ere eman du LHK-k. 129 izan ziren, 23.425 langileri eragin zietenak. Iaz baino gutxixeago dira, baina hiru bider langile gehiagori eragin diete. Lanuzte gehienek negoziazio kolektiboekin izan dute lotura (%71,3k), eta nagusiki zerbitzuen sektorean (%62) eta industrian (%34,9) egin dira.

%4,38

 

Soldatak zenbat igoko diren EAEn sinatutako hitzarmenetan. 2024ko lehen sei hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan adostu diren itunetan %4,38 igoko dira soldatak; Madrilen negoziatu direnetan, berriz, %3,33. Batez beste, %4,11. Datu horrek agerian utzi du nolako garrantzia duen langileentzat erabakiguneak gerturatzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.