Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan merkatua egonkor mantendu zen 2024an, azken hiruhilekoan zertxobait hoztu bazen ere. Eustaten arabera, %7,1eko langabezia tasa zegoen Euskal Autonomia Erkidegoan urtearen bukaeran, eta 75.600 langabe, 2023ko abenduan baino 100 gehiago. Landunei dagokienez, estatistikako institutuak 995.100 pertsona zenbatu ditu guztira, duela urtebete baino 15.700 landun gehiago.
Lurraldeka, Araban 800 pertsona gutxiagok esan diote Eustati ez dutela lanik: 11.400 guztira, eta langabezia tasa %7 da bertan, duela urtebete baino sei hamarren gutxiago. Bizkaian, 43.800 langabe zenbatu dituzte, 1.600 gutxiago, eta tasa %7,9ra jaitsi da, bi hamarren gutxiago. Gipuzkoan, berriz, 1.800 pertsona gehiagok diote lanik gabe daudela —20.400 guztira—, eta tasa hiru hamarren igo da, nahiz eta hiru lurraldeetatik txikiena izaten jarraitzen duen (%5,7). Horrela, EAEko langabezia tasa Europako Batasuneko batez bestekoaren gainetik kokatu da (%5,9).
Emakume gehiago
Eustaten arabera, 35.600 gizon daude langabezian, duela urtebete baino 3.000 gutxiago. Eta tasa %6,5 da. Emakumeen kasuan, aldiz, gora egin du: duela urtebete baino 5.500 andre gehiago daude langabezian, 40.000 guztira. Eta tasa %7,7ra igo da. Horren arrazoia da, batez ere, gero eta emakume gehiago daudela lanerako prest edo aktibo.
Urte osoan, lurralde guztietan igo da gutxienez lan bat dutela diotenen kopurua. Eta bi sexuetan gertatu da hori, baina emakumeen artean gizonen artean baino gehiago handitu da: duela urtebete baino 10.600 gehiagok diote lana dutela. Eustaten arabera, denera 995.100 pertsonak daukate enplegua. Duela urtebete baino 15.700 gehiagok (+%1,6).
Sektore guztietan sortu dira lanpostuak, industrian izan ezik, 4.100 langile galdu baititu —horietatik gehienak, 3.600, urteko azken hiruhilekoan—. Zerbitzuetan, aldiz, urtebetean 17.400 langile gehiago zenbatu ditu Eustatek. Nekazaritzan 2.400 gehiago, eta eraikuntzan beste 400.
Kontratazio modalitateari dagokionez, duela urtebete baino 30.200 langile gehiagok esan dute kontratu mugagabeak dituztela. 7.000 langile gutxiago daude kontratu mugagabearekin. EAEko estatistika erakundearen datuen arabera, soldatapeko hamar langiletik zortzik dute kontratu mugagabea (%79,9): 658.700 dira guztira. 170.000 pertsonak diote lanean daudela soldatarik jaso gabe.
Gora egin dute pertsona aktiborik ez duten etxekoen unitateek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 925.100 etxebizitza inguru daude, eta haietatik herenek ez dute pertsona aktiborik. Hamar etxetatik ia seitan pertsona aktibo guztiak okupatuta daude. Bestalde, 27.000 etxetan, lan egiteko adina eta baldintzak dituzten pertsona guztiak langabezian daude.