Udako seriea. Munduaren jabeak (eta V)

EAEko funtsaren lehen urratsak

Kanpainan, Eusko Jaurlaritza gidatzeko bi hautagai nagusiek proposatu zuten funts subirano bat sortzea, baina posible al da halakorik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?

Pello Otxandiano eta Imanol Pradales, uztailean egindako bilkura batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pello Otxandiano eta Imanol Pradales, uztailean egindako bilkura batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Euskal Herria ez da lehengaietan aberatsa den nazio bat. Superabit komertzial handirik ere ez du. Inportazioen eta esportazioen balantza nahiko orekatuta dago. Beraz, ez da funts handi baten bidez kudeatu beharreko dibisak lortzen dituen herrialde bat. Inguruko lurraldeekin alderatuta industriak erlatiboki pisu handia badu ere, ekonomia zerbitzuetan oinarritzen da gehienbat, eta ongi dibertsifikatutako industria bat du.

Hala ere, ez da herrialde homogeneoa, lekuz leku aldatu egiten baita; hiru administraziotan banatuta egoteak ere eragina du. EAEn industria sarea zabala bada ere, Nafarroan pisu handiagoa du sektore horrek, baita lehen sektoreak ere. Ipar Euskal Herriko datuak jakitea ez da erraza, bertako errealitatea jasotzen duten erakunde gutxi baitaude. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak emandako datu batzuen arabera, artisautzak eta laborantzak pisu handiagoa dute, eta industriak ez horrenbestekoa —enplegatuen %10 gutxi gorabehera—.

Azken urteetan ugaritu egin dira bertako enpresetan inbertsio publikoa handitzeko tresnak, baina EAEn funts subirano bat sortzeko proposamenek indarra hartu zuten Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskunde kanpainan; batez ere, gai horri garrantzia eman zietelako bi hautagai nagusiek: EAJko Imanol Pradalesek eta EH Bilduko Pello Otxandianok.

Euskal Herrian badira inbertsiora bideratutako hainbat sozietate publiko, baina ezin dira konparatu erregaietatik edo merkataritzatik etekin handiak lortzen dituzten herrialdeetako funts subiranoekin. Ez tamainan, ez funtzioan. Haiek inbertsio handiak egiten dituzte herrialdean bertan eta atzerrian, bai ekonomia dibertsifikatzeko —helburu estrategikoak—, bai errentagarritasuna lortzeko —helburu ekonomikoak—. Funts horiek kudeatzen dituzten aktiboek bilioi bat euro gainditzen dituzte kasu batzuetan, Norvegiarenean, esaterako. Hemengo funtsek diru zorro txikiagoa dute, eta egiten dituzten inbertsio gehienen helburuak estrategikoak dira; lurraldean errotzea, esaterako.

Finkatuz sozietatea da horren adibidea. Deustuko Unibertsitateko Orkestra Lehiakortasunerako Institutuko zuzendariorde Ibon Gil de San Vicenteren arabera, EAEko enpresa «estrategikoak» bultzatzeko tresna «%100 publikoa» da Finkatuz, enpresen «egonkortzean eta errotzean» zentratzen dena. Hala ere, beste herrialde batzuetako funtsen aldean, ezerezean geratzen da Finkatuz-en indarra, 300 bat milioi euro baititu inbertitzeko; Norvegiako funtsak, munduko handienak, bilioi bat eta erdi euro inguru ditu zorroan: Finkatuz-ek halako 5.000.

Alderdien proposamenak

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakari berriak funts subirano bat sortzen hasteko bidea irekitzea proposatu zuen hauteskunde programan, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarrituta. Horrez gain, azaldu zuen konpromisoa hartuko zuela lehendik existitzen diren funtsak indartzeko: «Finkatuz funtsari bultzada berezia emango diogu, eta horren bidez inbertsio estrategikoak egitera konprometitzen gara».

Zin egin zuen inbertsio funts publiko bat sortuko dutela industria azpiegituren garapenerako, SPRI agentziari lotuta egongo dena, eta kapital pribatua erakartzeko helburu izango duena. Kapital Arriskuko EAEko Sozietateari urtean gutxienez 50 milioi euro emango dizkiotela esan zuen EAJk kanpainan.

Funts subiranoan sartuta, Pradalesek Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetako programan ez zuen zin egin, besteekin egin bezala, halakorik sortuko zuenik, baina azaldu zuen «indarrak batuko» dituztela horretarako: «Finantza ahalmenak lerratuko eta zentratuko ditugu, tresna publikoen eta pribatuen bidez, EAEko funts handi bat sortu eta industrian eta teknologian hazkunde eta finkatze operazioak egiteko. Horri esker, ekonomia proiektu eraldatzaile handiak bultzatu ahal izango ditugu, eta merkatu globalean aukera berriak erakarri Euskadirentzat».

«Funtsaren iturri nagusiak ekarpen pribatuak —inbertsio funtsak, BGAEak, banku fundazioak— eta potentzialki beste entitate publiko batzuenak izango lirateke, kapital oinarri dibertsifikatu eta garatu bat ziurtatzeko»

IBON GIL DE SAN VICENTEOrkestra institutuko zuzendariordea

EH Bilduk ere garrantzi handia eman zion hauteskunde kanpainan garapen industrialari, «jasangarritasuna» eta «energia subiranotasuna» ardatz izanda. Bide horretarako, esaterako, Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigai izandakoak konpromisoa hartu zuen 2028rako «funts herritar bat» sortzeko, energia berriztagarria ekoizteko azpiegituretan inbertituko zuena.

Adierazi zuen ezen, Jaurlaritzara iritsiz gero, industria garapenaren alorrean hainbat konpromiso hartuko zituela 2028rako, eta funts subirano baten sorrera izan zen horietako bat: «Inbertsio estrategikorako funts subiranoa: inbertsioa sustatzeko, bai balio erantsi handiko eta ertaineko dibertsifikazio erlazionatuko proiektuetan, bai misioaren arabera bideratutako proiektuetan».

Koalizio abertzaleak beharrezko ikusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren eta industriaren «arkitektura» eraldatzea, egungo testuingurura moldatzeko eta hobeto kokatzeko. Bide horretan, beharrezko deritze «enpresak lurraldera sustraitzeko politikei», eta, horretan, «funtsezko» rola izango luke funts subirano batek. Funts horrek orain arte egin diren saiakeretatik «gorago» egon beharko lukeela uste du EH Bilduk.

Zenbat aktibo?

Programetan jasotzeaz gainera, bi hautagai nagusiek adierazpenak ere egin zituzten gai horri buruz, eta programetan idatzitakoa berretsi zuten: posible ikusten dute EAEn funts subirano bat sortzea. Hedabideetan interesa piztu zuen gai horrek, eta xehetasun gehiagori buruz galdetu zieten biei. Funtsak inbertitzeko zenbat aktibo izango lituzkeen izan zen galderetako bat.

Gil de San Vicentek esan bezala, Euskal Herriak ez du funts subirano bat diruz hornitzeko beste lehengai, eta horrek asko murriztuko luke funts hipotetiko baten zorroa. Hala ere, bi hautagaiek kanpainan azaldu zutenez, funts horren helburu nagusia ez litzateke izango, beste herrialde batzuetan bezala, errentagarritasuna sortzea, baizik eta inbertsio «estrategikoak» egitea industria ehuna sendotzeko eta finkatzeko. Orkestra institutuko zuzendariordeak azaldu du EAEko funts hipotetikoak nondik lortuko lituzkeen aktiboak Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik harago: «Funtsaren iturri nagusiak ekarpen pribatuak —inbertsio funtsak, BGAEak, banku fundazioak— eta potentzialki beste entitate publiko batzuenak izango lirateke, kapital oinarri dibertsifikatu eta garatu bat ziurtatzeko».

ESPAÑA INSTITUTO FINANZAS
Finantzen Euskal Institutuaren egoitza berriaren inaugurazio ekitaldia, iaz. LUIS TEJIDO / EFE

Funtsaren sorrerak ere garrantzia izango du; Pradalesek eta Otxandianok asmoa azaldu zuten elkarlanean sortu eta kudeatzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako beste agente publiko eta pribatu batzuekin. EH Bilduk egindako kalkuluen arabera, 1.300 milioi euro inguru izango lituzke funtsak, entitateen artean indarrak batuta. BGAEek —borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek— 28.000 milioi euro inguru dituzte, eta koalizio abertzaleak azaldu du funts horien %5 edo horretara bideratu ahalko litzatekeela, beste finantza erakunde batzuen laguntzaz, Kutxabank esaterako.

Pradalesek antzeko formula proposatu du, erakunde publikoek eta pribatuek indarrak batzea, baina Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea Otxandiano baino urrunago joan zen, funtsak 3.000 milioi euro biltzeko indarra izango lukeela esanda. Pradalesek kanpainan azaldu zuen ez dagoela kapital arazorik funtsa sortzeko, «fokuan eta lerrokatze estrategikoan» baizik.

«Duela urte batzuk ez genuen tresna hori [Finkatuz], orain bai, eta 300 milioi euroko kapitala du inbertitzeko. Uste dut ontzat jotzeko moduko zerbait dela, eta egindako esfortzu hori handitu beharko litzateke datozen urteetan»

IBON GIL DE SAN VICENTEOrkestra institutuko zuzendariordea

Gil de San Vicenteren ustez, ez da erraza jakiten funtsak zenbat aktibo izango lituzkeen kudeatzeko. Hala ere, uste du zenbatekoak ez duela garrantzi handirik; bai, ordea, «beharrezko oinarriak sortzeko aurrera egitea», prozesu «konplexua» izango dela aurreikusten baitu.

Posible al da?

Hori da askok egiten duen galdera: posible al da Eusko Jaurlaritzak funts subirano handi bat izatea? Lehengairik ez izateak funtsa «mugatuko» duela onartu du Gil de San Vicentek, eta gehitu du urteetan «esfortzu jarraitu bat» eskatuko duela diru iturri handi bat Jaurlaritzaren ekarpenak izateak.

Hala ere, Finkatuz sortu izana seinale ona dela uste du: «Duela urte batzuk ez genuen tresna hori, orain bai, eta 300 milioi euroko kapitala du inbertitzeko. Uste dut ontzat jotzeko moduko zerbait dela, eta egindako esfortzu hori handitu beharko litzateke datozen urteetan».

EAJk eta EH Bilduk kanpainan azaldu zutenez, funts pribatu eta publikoak mugitzea eskatuko luke funts subirano batek, baina, haiek bezala, Gil de San Vicentek ere uste du badagoela kapitala, eta BGAEek kudeatzen dituzten ia 30.000 milioi euroak jarri ditu adibide gisa. Hala ere, ohartarazi du kontu handia izan behar dela horrekin, pertsona askoren etorkizuneko pentsioen osagarriak baitaude jokoan.

Finean, Pradales, Otxandianok eta Orkestrako aditua ados daude indarrak batzea dela funts subirano bat sortzeko jarraitu beharreko bidea, eta, hein batean, BasqueFIK finantzen klusterraren sorrerak nahi edo behar hori irudikatzen du. Hala ere, ikusteko dago orain zer-nolako bidea egingo duen EAJk eta PSE-EEk osatutako Jaurlaritza berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.