EAEko enpresen %12,2k adimen artifiziala erabiltzen dute

BAIC zentroaren ikerketaren arabera, teknologia horiek erabiltzen dituzten enpresen diru sarrerak %9 handitu dira. Azpimarratu du «ekosistema publiko-pribatu sendo eta gorakorra» dagoela.

Ezkerretik eskuinera, Nerea Aranguren BAICeko presidenteordea, Mikel Jauregi sailburua, eta Laura Marron BAICeko zuzendari nagusia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Nerea Aranguren BAICeko presidenteordea, Mikel Jauregi sailburua, eta Laura Marron BAICeko zuzendari nagusia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2024ko urriaren 23a
15:30
Entzun

Nora joan erabaki ahal izateko abiapuntua zein den jakitea beharrezkoa delakoan, AA adimen artifizialaren egoerari buruzko diagnostikoa atondu du BAIC Basque Artificial Intelligence Center erakundeak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan teknologia horrek duen lekuaren «argazkia» lortzeko xedez. Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregiren esanetan, diagnostiko horrek erakusten du EAEn «ekosistema publiko-pribatu sendo eta gorakorra» dagoela alor horretan, eta horrek «potentziala» duela «Euskadi erreferentzia bilakatzeko adimen artifizialaren arloan».

Jauregik azaldu duenez, zuzentzen duen sailak hiru ardatz izango ditu agintaldi honetan: «Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago»; eta hiru xede horiek lortzeko, adimen artifiziala baitezpadako tresna izango da: «Adimen artifiziala ez da soilik gorabidean datorren teknologia; aurrekaririk gabeko industria iraultza baten motorra ere bada».

«Adimen artifiziala ez da soilik gorabidean den teknologia; aurrekaririk gabeko industria iraultza baten motorra ere bada»

MIKEL JAUREGIIndustria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua

Enpresen lehiakortasuna areagotzeko modua ematen du adimen artifizialak, eta hori izango dute xede, orain aurkeztu duten diagnostikoa oinarri hartuta, 2025eko lehen hilabeteetan garatu nahi duten Ekintza Planean; baina Jauregik nabarmendu du industria arlora ez ezik, «gizarte osora» ere hedatu nahi dutela adimen artifizialaren erabilera, bai eta horren inguruko «gogoeta» ere.

Produktuak eta prozesuak

Nerea Aranguren BAICeko presidenteordea da, Mondragon korporazioko Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren arloetako zuzendari nagusi izateaz gain: «Adimen artifizialak bi bide ditu enpresei onura ekartzeko: teknologia berri hori ekoizten ditugun produktuetan txertatuz, eta, antolakuntzaren aldetik, prozesu efizienteagoak izaten lagunduz». Etikarekin, jasangarritasunarekin, prestakuntzarekin eta zibersegurtasunarekin «konprometituta» dagoen erabilera baten alde egin du.

BAICeko zuzendari nagusi Laura Marronek aletu ditu diagnostikoaren daturik esanguratsuenak. Esan duenez, gaur egun EAEko enpresa eta entitateen %12,2k erabiltzen dute adimen artifiziala. Erabilera hori «moderatua» da, «Espainiako Estatuaren batezbestekotik gora» dago, eta «Europako herrialderik aurreratuenen parekoa» da, baina urtebetean «hazkunde handia» izan du, aurreko urtean %9koa baitzen.

Prestakuntzaren inguruko datuak ere eman ditu Marronek, eta erantsi du beharrezko ikusten dutela prestakuntzaren arloko eskaintza guztia bilduko duen «gune zentralizatu bat»; horregatik, iragarri du laster katalogo digital bat argitaratuko dutela, adimen artifizialaren arloan dauden ikasketa, ikastaro eta prestakuntza arloko eskaintza guztia jasotzeko.

«Adimen artifizialari buruzko ikasketa orokorren ordez, programa espezifikoak behar ditugu, alor zehatzen inguruan jardungo dutenak»

LAURA MARRONBAICeko zuzendari nagusia

Marronek esan duenez, espero dute prestakuntzaren arloko eskaintza %20 handitzea 2028rako. Edonola ere, gakoa ez da soilik ikastaro, titulu eta programa gehiago egotea; ikasketa horien nolakoari ere erreparatu behar zaio: «Adimen artifizialari buruzko ikasketa orokorren ordez, programa espezifikoak behar ditugu, alor zehatzen inguruan jardungo dutenak».

«Ekintzarako deia» ere egin du Marronek: «Arrakasta pertsona eta elkarte askoren lankidetzaren eskutik etorriko da». Enpresa, elkarte eta norbanako guztiei dei egin die «prozesu horren eragile aktibo» bilaka daitezen, eta eskatu die «nork bere buruari galdetzeko nola eragiten dion adimen artifizialak, zein den gaur egungo bere egoera alor horretan eta zertan lagundu ahal dion etorkizunean».

BAICeko arduradunek badakite adimen artifizialaren erabilerak zalantza asko pizten dituela, eta horietako asko alor etikoari dagozkiola. Jauregik esan du hori «balioen inguruko afera» dela, eta uste du eztabaida Europa osoaren esparruan egin behar dela: «Leku askotan saiatzen ari dira auzi horri heltzen, baina geu behintzat erosoago sentitzen gara Europak sustatzen dituen balioak partekatuz, eta uste dut eztabaida esparru horretan egin behar dela». Adimen artifizialaren ekosistema osatzen duten eragile guztiei dei egin die teknologia horien erabilera etikoari buruzko hausnarketa «elkarrekin» egitera.

adimen artifizialaren diagnostikoa eae-n

  1. EAEko enpresen eta entitateen %12,2k erabiltzen dituzte adimen artifizialeko teknologiak. Erabilera aldatzen da arloaren arabera: jarduera zientifiko eta teknikoen sektorean portzentaje hori %25ekoa da; informazioaren eta komunikazioaren arloan, %24koa; eta administrazio publikoan, %16,4koa.

  2. Eragin ekonomikoari dagokionez, AAko soluzioak eskaintzen dituzten enpresen fakturazioa 105 milioi eurokoa izan zen 2023an. Teknologia horiek erabiltzen dituzten enpresen diru sarrerak %9 handitu dira.

  3. Enpleguaren ikuspegitik, AAren sektoreak 7.500 profesional baino gehiago ditu. EAEko biztanleria aktiboaren %0,7 da hori. %17 ikerketan aritzen dira, eta %83, berriz, enpresa arloan.

  4. AAko soluzioak garatzen dituzten 25 bat start-up edo enpresa hasiberri daude. Teknologia horiek erabiltzen dituztenak ehun baino gehiago dira.

  5. Ikerketaren arloan, 90 ikerketa talde inguru daude, eta 1.300 profesional aritzen dira horretan.

  6. Prestakuntzari dagokionez, araututako 35 ikasketa programa daude, eta denen artean 34.000 irakaskuntza ordu baino gehiago batzen dituzte. Horrek esan nahi du urtero 900 tituludun berri baino gehiago ateratzen direla lan merkatura. Arautu gabeko prestakuntza programa ugari ere badaude.

  7. Azpiegituretan, jabetza publikokoak edo erdi publikoak diren zortzi data center edo datuak prozesatzeko gune daude, eta beste hamabi gune pribatu. Errendimendu handiko sei konputazio zentro daude, eta 2026rako eraiki nahi duten superordenagailua ere balio handikoa izango da AAri lotutako teknologiak garatzeko.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.