EAEko ekonomia %2,2 hazi zen 2024. urtean, espero baino gehiago

Alemaniaren eta Frantziaren ahuleziak esportazioak jaitsi ditu eta industriaren ekarpena mugatu du, baina zerbitzuek ongi eutsi diote. Eustatek dio 17.000 enplegutik gora sortu zirela, batez ere zerbitzuetan.

Etxebizitzak eraikitzen, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Etxebizitzak eraikitzen, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko martxoaren 7a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenik onenak hautsi ditu 2024ko barne produktu gordinaren datuak. Eustatek azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia %2,2 hazi zen iaz, Gasteizko gobernuak kalkulatu zuena baino hiru hamarren gehiago. Urtarrilean aurreratutakoa hamarren bat hobetu du estatistika erakundeak, azterketa zehatzago batek erakusten baitu urteko azken hiruhilekoa iragarritakoa baino hobea izan zela: urtarrilean esan zuen ekonomia %0,4 hazi zela 2024. urtekoarekin alderatuta, baina %0,6ra igo du datua.

2024ko hazkundea azken lau urteotako apalena da, baina testuinguru zail batean lortutakoa da. Hego Euskal Herrikoa ekonomia esportatzailea da, eta haren bazkide nagusiak atzeraldian (Alemania) eta atzeraldiaren atarian (Frantzia) ibili dira urte osoan. Espainiak, ordea, urte ona izan du —%3,2 hazi da, behin-behineko datuen arabera— eta horrek, euskal enpresei ez ezik, eurogune osoari lagundu dio atzeraldiari izkin egiten. Azkenean, %0,9 handitu zen iaz euroaren eremuko BPGa, eta %1, Europako Batasun osoarena.

Esportazioen bultzadarik gabe —%4 txikitu ziren Hegoalde osoan—, barne eskaria izan da EAEko ekonomiaren motor nagusia. %2,3 handitu da urte osoan, batez ere familien kontsumoa sendoa izan delako (%2,4) eta administrazio publikoak (%2,3) eta enpresen inbertsioak (%2,1) ez direlako atzean geratu. Zenbaki horiek are hobeak izan dira urtearen azken hiruhilekoan.

%2,2

Bizkaiaren BPGa zenbat den. Hazkundea oso paretsu ibili da EAEko hiru lurraldeetan: %2,2 hazi zen Bizkaian, %2,1 Gipuzkoan, eta %2 Araban. Azken bi lurralde horietan pisu handiagoa du industriak, eta Arabak bereziki atzeman du Mercedesen salmenten beherakada.

Sektoreei erreparatuz, industria dabil pattalen, kanpo merkatuen ahuleziaren eraginez. Urte osoan %1 hazi da industria eta energiaren alorra, baina manufaktura industria %0,6 baizik ez. Are gehiago, urtea indar gutxiagorekin bukatu du: iazko azken hiruhilekoarekin alderatuta %0,1 baizik ez da handitu.

Jarduera sendoagoa izan da eraikuntzan (%1,6 urte osoan eta %2,2 azken hiruhilekoan) eta zerbitzuetan (%2,6 eta %2,7 hurrenez hurren). Lehen sektoreak ere ekarpen positiboa egin dio EAEko ekonomiari (%3,1 urte osoan eta %2,2 azken hiruhilekoan).

Lanpostu gehiago

BPGaren hazkundeak isla izan du lan merkatuan ere. Eustatek lanaldi osoko lanpostu baliokideen bidez neurtzen du enpleguaren bilakaera, eta ondorioztatu du iaz % 1,8 handitu zirela enpleguak. Zenbaki osoetan, 17.136 lanpostu garbi gehiago zeuden 2024 amaieran, 2023 amaierarekin alderatuz gero. 

Zerbitzuetan sortu dira enplegu gehien (+%1,9), baina industria (+%0,7), eraikuntza (+%0,6) eta lehen sektorea (+%0,2) ere gai izan dira lanpostuak sortzeko.

%2

Jaurlaritzaren iragarpena zenbatekoa den. Iragarle ekonomikoek ez dute aldaketa handirik espero 2025erako. Eusko Jaurlaritzak uste du aurten %2 handituko dela EAEko BPGa, baina ohartarazi du urteak bi zati izango dituela. Lehen sei hilabeteetan ekonomia motel antzean ibiliko da, eta ekainetik aurrera, berriz, goraka egingo du.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.