Iazko urtea hasieran espero baino hobea izan zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiarentzat. Eustaten arabera, hiru lurraldeetako BPGa %2,1 goratu zen iaz, iragarri baino gehiago. Eusko Jaurlaritzak %1,9ko igoera kalkulatu zuen, baina estatistika institutuak albiste ona eman dio, bi hamarren hobetu baitu iragarpena. Gaur jakinarazitakoa datu aurreratua da; galbahe zehatzago batez kalkulatutakoa martxoan argitaratuko du.
Iazko laugarren hiruhilekoari dagokionez, BPGa %0,4 handitu zen, eta, urte arteko alderaketa eginez gero, %1,9 igo zen 2023ko tarte beraren aldean. Hazkunde horrek lan merkatuan utzitako arrastoa 17.000 lanpostu berri izan ziren, %1,8 gehiago. Dena den, Gizarte Segurantzaren datuen arabera, iazko urte amaieran 1.024.511 pertsona ari ziren kotizatzen hiru lurraldeetan, urtebete lehenago baino 11.564 pertsona gehiago.
Iazko hazkunde datua 2023koa baino hobea da (%1,8), baina aurreko urteetakoa baino apalagoa. 2022an, %4,4ko hazkundea izan zuen; 2021ean, %5,5ekoa; 2019an, %2,2koa; eta 2018an, %2,8koa. Salbuespena 2020a izan zen: BPGak %9,5 behera egin zuen pandemiaren eraginez.
Zerbitzuen indarra
Hobeto xehaturiko datuen zain, Eustatek argitu du zerbitzuen sektoreak eta administrazio publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte zerbitzuen sektoreak egin ziola tira ekonomiari, eta beste guztiak 2023an baino «intentsitate txikiagoarekin» handitu zirela.
Beste horien guztien artean industriak izan du motelaldirik handiena. Alemaniako eta Frantziako merkatuaren ahulezia zama izan da sektorearentzat, haiek baitira EAEko industriaren bezerorik handienak. Txanponaren beste aldean daude, eta horrela nabarmendu du Eustatek bere oharrean, «merkataritza, ostalaritza eta garraioa». Turismoaren sektorearen datu onek berresten dute hori.
2023. urtearen amaieran, Eusko Jaurlaritzak %2,1eko hazkundea iragarri zuen, baina iaz bi aldiz apaldu zuen datu hori, eta horregatik izan da ezusteko gozoa. Eta 2025erako, zer? Bada, Jaurlaritzak esana du %2ko hazkundea espero duela aurten, eta urteak bi zati ezberdin izango dituela. Lehen sei hilabeteetan ekonomia motel antzean ibiliko da, eta ekainetik aurrera, berriz, goraka egingo du.