Ardoa

EAEko Auzitegi Nagusiak eten egin du Arabako Mahastiak sor-marka erabiltzeko baimena

Errioxako Kontseilu Arautzaileak jarri zuen helegitea, eta arrazoia eman dio. Auzitegiak argudiatu du kontsumitzaileei «nahasmen handia» eragiten diela Jaurlaritzak emandako behin-behineko baimenak. ABRAk eta Arabako Mahastiak elkarrekin jarri dute helegitea. 

Mahastiak, Bastidan, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2023ko apirilaren 14a
10:24
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Arabako Mahastiak sor-marka merkaturatzen hasteko Eusko Jaurlaritzak emandako baimena. Errioxako Kontseilu Arautzaileak jarritako helegitearen aurrean hartu du erabakia auzitegiak, Europako Batzordeak zigilu berria eratzeko eskaera ofizialaren behin betiko erabakia hartu arte.

Jaurlaritzak iragan urrian eman zion behin-behineko baimena ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako zigiluari, Bruselak behin betiko erabakia hartu bitartean. Baimen horrek Espainiako Estatuaren barruan saltzeko aukera ematen zien soilik, jatorri izen bati dagokion babes kategoriarekin.

Hori dela eta, EAEko Auztegi Nagusiaren ustez, erabakiak ez dio kalte handirik eragingo sor-marka berriari, jatorri izenaren babesa «atzeratu» baino ez baitu egingo. Auzitegiak argudiatu du zigilu berriarekin merkaturatutako ardoek «nahasmen handia» eragingo lioketela kontsumitzaileari, «eremu geografiko bera duten eta babestutako bi sor-marka dituzten bi ardo eskainiko litzaizkiekeelako».

Auzitegiak iritzi dio, gainera, horrek guztiak Errioxa markaren «izen onari kalte» egingo liokeela, «atzeraezina» litzatekeen kaltea eraginez, edo, gutxienez, «konpontzen zaila izango litzatekeena». 97 urte baino gehiago dituen sor-marka baita Errioxa, 14.139 mahastizain eta 570 upategi biltzen dituena. «Kalte horien aurrean ez dago eskatutako etetearen aurkako interes garrantzitsurik», nabarmendu du auzitegiak.

Epaileek ez dituzte ontzat eman zigilu berria sortzeko Eusko Jaurlaritzak emandako arrazoiak ere. Gasteizko gobernuak esan baitzuen «agerikoak direla bi figurak bereizten dituzten elementuak, eta ez dagoela inolako oztoporik elkarrekin modu baketsuan bizitzea eragozten duenik». Eta, ordea, ez zien behar bezala erantzun Errioxa sor-markak ohartarazitako kalteei, auzitegiaren arabera. Edonola ere, epaiari helegitea jartzeko aukera izango du Jaurlaritzak.

Prozesua eten, kosta ahala kosta
Errioxako Kontseilu Arautzaileak iragarri zuen nola edo hala Arabako Mahastiak jatorri izenaren sorrera geratzen saiatuko zela. Jaurlaritzari atzera egiteko eskatu zion, eta iragarri zuen hala egin ezean helegitea jarriko zuela EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Aurrez ere sor-markaren tramitazioa geratzeko eskaria egin zuen, jatorri izena sortzeari Jaurlaritzak oniritzia eman zionean, 2021eko azaroan.

Errioxako Kontseilu Arautzaileak iritzi dio Arabako Mahastiak sortu nahi izateak kalte egiten diola bere sor-markaren irudiari, eta baliatu egiten duela hark lortutako ospea. Horiek horrela, oztopoak jarri dizkie upategiei eta mahastizainei, haien esklusibotasuna blindatuz.

Helegitea
Zigilu berria sustatzen ari diren upategi txikien artean ez da desagertu beste sor-marka batekin saltzeko borondatea. ABRAk eta Arabako Mahastiak sor-markak helegitea aurkeztu dute elkarrekin EAEko Auzitegi Nagusian –sor-marka eratuta baitago jada–. Ines Baigorri ABRAko zuzendariak BERRIAri azaldu dionez, «azkeneraino» jarraituko dute prozesuarekin, epaileen erabakia behin betikoa izan arte bederen. «Gure alegazioak entzun beharko dituzte orain, beraz, itxaron beharko dugu zer egin erabakitzeko».

Baigorrik uste du, halere, erabakia saihets zitekeela, kautelazko neurriak ezarri aurretik Jaurlaritzak alegazioen aurkezpenean parte hartzeko aukera eman izan baliote. Gasteizko gobernuak esku hartuko duela espero du, nolanahi ere. «Pentsatu gura dut haien esku dagoen guztia egingo dutela beren herritarrak defendatzeko», esan du Baigorrik.

Nolanahi ere, baliteke prozesuak luze jotzea. Izan ere, zigilua erabiltzeko behin-behineko baimenaren auzibideaz gain, sor-markaren sorreraren inguruan Errioxak aurkeztu zuen helegitearen inguruan ere erabaki beharko du Auzitegi Nagusiak. «Jaurlaritzak eta Errioxa sor-markak jada eskatua zuten prozesu hau gelditzeko epai hura irmoa izan arte», azaldu du Baigorrik.

EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak ezinezko egiten du ardoa zigilu berriaren pean aurten merkaturatzen hastea. Iazko mahats bilketaren ostean etorri zen Gasteizko gobernuaren baimena, beranduegi etiketak aldatzen hasteko, eta aurten hastea zen upategi batzuen nahia. Egitasmoaren bultzatzaileen iturriek BERRIAri esan zioten hamabost bat leudekeela prest Errioxa uzteko urratsa egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.