EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpen batek ezbaian jarri ditu administrazioko behin-behineko langileak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak abiatutako prozesuak; zehazki, eskaini dituen lanpostuen kopurua jarri du zalantzan. ELA sindikatuaren salaketa baten ondorioz, haur eskolen kasua aztertu du, eta ebatzi du bost urte baino gehiagoko antzinatasuna duten aldi baterako langileentzat eskainitako lanpostuen kopurua ez dela nahikoa eta %30 handitu behar dela. Horrelako salaketa gehiago daude Osakidetzan eta beste arlo batzuetan. Haur eskoletakoa izan da gisa horretako lehen epaia. Jaurlaritzak helegitea jarri du Espainiako Auzitegi Gorenean.
ELAk ohar batean adierazi du orain arte behin eta berriz salatutakoa babestu duela auzitegiak. «Eusko Jaurlaritzak eta bere baitako administrazioek borondate gutxi izan dute behin-behinekotasunaren arazoa konpontzeko. Oro har, ahalik eta lanpostu gutxien eskaintzea eta ahalik eta langile gutxien kontsolidatzea izan da haien helburua».
Duela bi urte abiatu zituzten administrazioek behin-behineko langileak finkatzeko prozesuak, Espainiako Iceta legean oinarrituta, eta 2025era arteko epea dute horretarako. Espainiako Gobernuak lege hori egin behar izan zuen EBko Justizia Auzitegiak administrazioan aldi baterako langileen erabilera «abusuzkoa» zela ebatzi ondoren. ELAren arabera, EAEko administrazioan %40tik gorakoa da egoera horretan dauden beharginen kopurua, eta lege horrek ezartzen du %8ra murriztu behar dela. Horren arabera, azterketarik egin gabe, soilik merituak kontuan hartuta, lanpostua lor dezakete beren postuan bost urte baino gehiago daramaten langileek.
34.000 langile kanpoan
Arazoa eskainitako lanpostuen kopuruan dago. ELAk uste du Jaurlaritzak eskainitakoak ez direla aski behin-behinekotasuna %8ra murrizteko, eta auzitara jo du. Sindikatuaren kalkuluen arabera, 34.000 langile inguru deialdi horietatik kanpo geratuko dira, behin-behineko langileen %73.
Zehazki, haur eskolei dagokienez, 264 lanpostu eskaini zituen partzuergoak, eta epaiak dio 453 izan behar dutela. Kopuru horretatik 112 kendu ditu, norbanakoek jarritako helegiteak direla-eta dagoeneko auzitegiek finko bihurtu dituztelako lanpostu horiek. Hala, ondorioztatu du deialdian beste 77 lanpostu gehitu behar dela (+%29).
ELAren arabera, haur eskoletako epaiak agerian uzten du zein den Jaurlaritzaren estrategia. «Informazioa falta eta gardentasun eza» leporatu kontsolidazio prozesuetara atera beharreko lanpostuen kopurua zehazterako orduan, eta, horrekin, epaitegien lana zailtzea.
Jaurlaritzak ez du berdin pentsatzen. Ebazpena ez dela berria jakinarazi du, eta helegitea martxoaren 12an aurkeztu zuela. Bingen Zupiria eledunak azaldu duenez, ez da Jaurlaritzaren arazoa soilik, eta gogoratu du beste administrazio batzuetako deialdien aurkako salaketak ere badaudela. «Gai konplexua da. Eztabaidagai dago lanpostuen kopurua zehazteko modua. EAEko Auzitegi Nagusia ontzat jo ditu kopuru batzuk, baina ez datoz bat guk egindako kalkuluekin, eta horregatik jo dugu Gorenera». Dena den, nabarmendu du Jaurlaritzak behin-behinekotasuna %8ra «berehala» murrizteko «konpromisoa» duela.
Orain ezagututako epaia kolektibo oso bat kontuan hartzen duen lehena da. Horri beste batzuk gehitu behar zaizkio, norbanakoenak, non posturik lortu gabe oposizioa gainditu zuten behin-behineko langile batzuk finko bihurtu dituzten. Horren harira, oraindik argitzeke dago Espainiako Auzitegi Gorenak EBko Justizia Auzitegiaren epaiari buruz zein interpretazio egiten duen. EBko auzitegiak Espainiako Estatuko epaileen esku utzi du iraupen luzeko behin-behineko langileak finko bihurtzea. Haren ustez, Iceta legea ez da nahikoa administrazioan dagoen behin-behinekotasunaren abusua konpontzeko, eta bide bat izan daiteke langile horiek guztiak zuzenean finko bihurtzea.
Jaurlaritzak udaletarako LEP bat aurkeztu du, 177 lanposturekin
Eusko Jaurlaritzak 2024rako lan eskaintza publiko (LEP) berri bat onartu du, tokiko administrazioan 177 lanpostu betetzeko. Lege aholkularitzarekin eta diruzaintza eginkizunekin daukate lotura. Gehienak Bizkaiko udaletan eta tokiko erakundeetan hutsik dauden lanpostuei dagozkie. Hautatze prozesuak txanda irekien edo barne sustapenen bidez egingo dira. Txanda irekikoetan oposizioa egingo da; barne sustapenekoetan, ez. Hizkuntza eskakizunak tokiko entitateek hutsik geratu diren lanpostuentzat jarritako berberak izango dira. Prozesua gehienez urtebeteko epean amaituko da, oinarriak onartu ondoren.