Ostegun honetan EAEko Administrazio Orokorreko Mahaia bildu da, eta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak ohar batean azaldu duenez, gehiengo sindikalak baztertu egin ditu bere proposamenak. Hala, Jaurlaritzak 2023ko Lanaldi eta Ordutegien Zirkularra 2024ko abenduaren 31ra arte luzatzea erabaki du, eta telelanaren kasuan, ekainaren 15era arte.
Jaurlaritzak abenduan aurkeztu zuen bere proposamena. Olatz Garamendiren sailaren arabera, lanaldi eta ordutegi eredu berri bat negoziatzea eskaini zien sindikatuei, lan baimenak eta lizentziak zabaltzea, telelanaren deialdi berri bat egitea, karrera profesionala garatzea eta berdintasun plan berri bat adostea.
Administrazio Orokorreko langileek, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gainerako funtzionarioek bezala, bi greba egun egin zituzten urte amaieran. Lan baldintzen alorrean, soldatarena da sindikatuen eskaera nagusia. 2010etik %20ko galera metatua izan dute, horri buelta emateko, %10eko igoera bat eskatu dute, aurten eta hurrengo urtean aplikatzeko, eta galdutako gainerakoa berreskuratzeko plan bat adostea. Horren inguruan, Jaurlaritzak argudiatu du funtzionarioen soldata igoera ezartzeko eskumenik ez duela.
Soldatez gain, lanaldiak murrizteko eskatu dute sindikatuek, eta sektore publikoko lanpostuetan dagoen behin-behinekotasun tasa egungo %49tik %8ra jaistea, baita zerbitzu publikoen pribatizaziorako joera amaitzea eta sektorea euskalduntzeko neurriak ere.
Proposamena
Jaurlaritzak sindikatuei eginiko proposamenean, besteak beste, honako neurri hauek azaltzen ziren: lanaldiaren kasuan, lau orduko derrigorrezko presentzia ezartzen zuen (09:30etik 13:30era), eta 07:30etik 17:30era lanaldia osatzeko askatasuna ematen zien langileei.
Gaixotasun larria edo mugikortasun arazoak dituzten senideak zaintzeko baimenak —50 ordukoa— zabaltzea proposatzen zuen: zehazki, 8 urtetik beherakoen zaintzarako. Eta beste 50 ordukoa 60 urtetik gorako langileentzat.
Telelanari dagokionez, astean gutxienez bi eguneko lanaldi presentzial derrigorrezkoa proposatzen zuen, baina bi egun horiek jarraian ez izateko baldintzarekin, eta aukera hori urte osoan erabili ahal izango lukete langileek, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean izan ezik.