Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek «gaitasun handiagoa» izango dute hamalau zerga kudeatzeko —horien artean, BEZa—, eta «erabateko autonomia» ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan. Era berean, EAEko erakundeek partaidetza handiagoa izango dute Ecofin Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza Ministroen Kontseiluan, eta presentzia izango dute OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak nazioarteko zerga sistemari buruz egiten dituen foroetan.
Hala erabaki dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera batean. Aldaketa horiek indarrean sartzeko, aldatu egingo dituzte Kontzertuaren hogei bat artikulu eta bi xedapen gehigarri, eta horrek Espainiako Gorteen oniritzia jaso beharko du. Eusko Jaurlaritzak esan duenez, akordioa «mugarri bat» da EAEren «autogobernu ekonomikoan».
Behin aldaketak indarrean sartuta, foru ogasunek modua izango dute beste hamalau zerga kudeatzeko, eta, horietan bezala, BEZarenean ere «gaitasuna handiagoa» izango dute —ez dute zehaztu zertan—.
zergak
- BEZ balio erantsiaren gaineko zerga
- Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga
- Energia elektrikoa produzitzearen balioaren gaineko zerga
- Erregai nuklear agortuaren produkzioaren eta energia nukleoelektrikoa sortzearen ondoriozko hondakin erradioaktiboen gaineko zerga
- Erregai nuklear agortua eta instalazio zentralizatuetako erregai erradioaktiboak biltegiratzearen gaineko zerga
- Gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauztearen balioaren gaineko zerga
- Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga
- Aseguru primen gaineko zerga
- Zerga bereziak
- Berriro erabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga
- Berotegi efektuko gas fluoratuen gaineko zerga
- Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga
- Zabortegietan hondakinak uztearen, erraustearen eta batera erraustearen gaineko zerga
- Joko jardueren gaineko zerga
Horrekin batera, «erabateko autonomia» izango dute ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan. Zerga hori EAEn bizi ez baina bertan jarduera ekonomikoren bat dutenek pagatu behar dute. Orain arte, Espainian bizi ziren herritarrei bakarrik aplikatzen zitzaien EAEn, eta, aldaketa indarrean sartzean, Espainiatik kanpo bizi direnek ere ordaindu beharko dute.
Badu beste ondorio bat, Ogasun eta Finantza Sailak azaldu duenez. Orain arte, atzerriko inbertitzaileak ezin ziren baliatu EAEko pizgarri fiskalez; neurria onartzean, aldiz, modua izango dute horretarako. Jaurlaritzak nabarmendu du horren bitartez aukera izango dela atzerriko inbertsioak erakartzeko.
Adostutako beste neurrietako batek sozietate zergarekin dauka zerikusia. Hamabi milioi baino gutxiago irabazten duten enpresek ogasun bakar batean ordaindu ahal izango dituzte zerga hori eta BEZa. Orain arte, hamar milioi baino gutxiago irabazten zutenek bakarrik egin zezaketen. Jaurlaritzaren arabera, horren ondorioz enpresa gehiagok ordainduko dituzte zergak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunetan.
Beste erabaki batek inportazioen BEZari eragingo dio. 2015etik, Espainian ez dago aduanetan inportazio horien BEZa aurreratu beharrik. Baina zergak EAEko ogasunetan pagatzen zituztenak sistema horretatik kanpo zeuden, eta, Jaurlaritzaren arabera, «finantza karga gehigarri bat» zuten horregatik.
Nazioarteko foroak eta kupoa
Akordioak zerga sistemarekin loturiko beste puntu batzuk jasotzen ditu. Horien artean, Eusko Jaurlaritzaren «eskaera historiko» bat: fiskalitateari buruzko nazioarteko foroetan egotea. Testuan zehazten da EAEko erakundeek parte hartze handiagoa izango dutela Ecofin Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza Ministroen Kontseiluan, eta Madrilek ontzat joko duela erakunde horiek OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko fiskalitate foroetan parte hartzea. Ez dago zehaztasun gehiago.
Bileran, 2022ko eta 2023ko kupoen likidazioak onartu dira, eta 2024ko behin-behinekoa adostu. 2022ko kupoa 1.711,9 milioikoa izango da, eta 2023koa, 1.618,5 milioikoa. 2024rako, 1.504,5 milioikoa ezarri da, aurreko urtekoa baino 114 milioi gutxiagokoa. Koefizientea, berriz, bere hartan utzi du: %6,24. 1981ean Ekonomia Ituna berreskuratu zenetik, ez da aldatu portzentaje hori, nahiz eta EAEk Espainiaren ekonomian duen pisua apaldu egin den.
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak foro bat sortuko dute Gatazkak konpontzeko
Aldebikotasunaren bidean beste urrats bat egin du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuarekin hitzartu du foro bat sortuko dutela elkarren artean eskuduntzen inguruan sortzen diren desadostasunak konpontzen saiatzeko, auzitara jo behar izan gabe.
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman zuen bilgunearen sorreraren berri, asteartean. Zehaztu zuenez, EAJk eta Alderdi Sozialistak Pedro Sanchezen inbestiduraren harira egindako akordioaren ondorio da foroa, eta, haren bitartez, eragotzi nahi dute eskuduntzei buruzko desadostasunak inkonstituzionaltasun helegiteen bitartez konpontzea.