47 urteko langile bat hil da Durangon (Bizkaia), Fumbarri galdategiko teilatutik erorita. Behargina Porto Cubiertas azpikontratatutako enpresakoa zen, eta konponketa lanak egiten ari zen.
Istripua 10:50 aldera gertatu da, eta bertaratutako larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin langilearen bizia salbatzeko. LABek jasotako lehen datuen arabera, arnesa ipinia zuen eta litekeena da bitarteko loturarik ez egotea, edo horrek huts egitea. Sindikatuak eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatu ditu.
Heriotzaren ondorioz, enpresak bere jarduna eten du, eta langile batzordeak (LAB eta CCOO) lanuztea deitu du biharko, 12:30etik 14:30era. Tartean, 13:00etan, kontzentrazio bat egingo dute enpresaren aurrean.
2017ko abuztuan ere hil zen 57 urteko behargin bat Fumbarrin, lan istripuan. Desmoldekatze kutxa batekin zebilela harrapatuta gelditu zen, eta ia berehala hil zen.
LAB sindikatuaren arabera, urtea hasi zenetik 14 langile hil dira Euskal Herrian, hiru altueretatik erorita.