1. Duralex, a zer oroitzapenak! Marka horretako baxera marroi bat dugu, kristalezkoa, duela berrogei urte aitaren herrian erosia.
Normala, duela hamarkada batzuk asko zabaldu ziren. Ohikoenak baxera marroi eta berdeak ziren, eta ez ziren kristalezkoak, beira tenplatuarekin eginikoak baizik. Horregatik ziren hain gogorrak.
2. Hara, eta oraindik egiten al dituzte?
Bai, Orleansen (Frantzia) dago lantegia. Baina komeriaz beteriko hogei urteren ondoren, enpresak ordainketak eteteko agindu zuen apirilean.
3. Ulertzekoa da porrot egitea. Ez da enpresa arloko aditua izan behar jakiteko inoiz hausten ez den baxera egitea negozio eskasa dela.
Hara gure Bill Gates. Tira, arrazoirik ez zaizu falta, baina energiaren garestitzeak eman zion azken kolpea. Beira ekoizteko energia asko behar da, eta hura garestitzeak kalte handia egin zion enpresaren errentagarritasunari. Frantziako Gobernuak hamabost milioi euroren mailegua eman zion, baina ezta horrela ere. 2023an 31 milioi euroko fakturazioa izan zuen; iaz, berriz, 24,6 milioikoa. Fakturazio horrekin ez dira kontuak ateratzen, eta IKEA lehiakide gogorra da.
4. Orduan, akabo Duralex?
Ez, 226 langileek enpresaren kontrola hartu dute. Langile kooperatiba (SCOP) bilakatuko zuten ala ez bozkatu, eta %60k aldeko botoa eman zuten. Orain, haiek dute kontrola.
5. Eta nola lortu dute hori?
Orleanseko merkataritza arloko epaitegiak oniritzia eman dio haien asmoari. Langileen eskaintza aztertu, eta «berme handikoa» eta «bideragarria» dela ebatzi zuen. Beraz, ekoizpen baliabide guztiak haien esku gelditu dira. Dena den, ez ziren interesdun bakarrak, beste bi enpresak ere egin baitzituzten Duralex erosteko eskaintzak.
6. Eta nola hasi dira?
Aste honetako kontua da. Hasteko, langile bakoitzak 500 euro jarri ditu bere poltsikotik, eta uko egin beharko diote zor zaien diruaren zati handi bati. Orleanseko Udalak lantegiko zorua erosiko du, bost eta zortzi milioi euro artean ordainduta, eta likidezia emango dio enpresari. Agintariek esan dutenez, bankuekin negoziatzen lagunduko diete.
7. Orduan, enpresa salbatutzat jo daiteke?
Ezta inondik ere, baina ikur bilakatzen ari da. Lantegiko zuzendari berriak langileen motibazioa goratu du, eta Frantziako Industria ministroak Duralex markako produktuak erostera gonbidatu ditu frantziar guztiak. Hemezortzi platereko jokoak 45 euro inguru balio du.
8. Aski ote da horrekin?
Tira, Frantzian 2.635 SCOP daude, eta 59.702 langile dituzte. Hori bai, langile kooperatiba horien %9 bakarrik sortu ziren arazoetan zeuden enpresen oinordeko gisa. Eskertuko dute ministroaren publizitate kanpaina.