Dumareyrekin eta Sodenarekin mahai bat sortzea eskatuko du Sunsundeguiko langileen batzordeak

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek uste dute fabrika likidatzeko bidea azken aukera dela eta ahalegin guztiak egin behar direla hori eragozteko.

Sunsundeguiko langileen elkarretaratzea iragan azaroan. IÑIGO URIZ / FOKU
Sunsundeguiko langileen elkarretaratzea, iragan azaroan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2025eko martxoaren 26a
14:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Sunsundeguiko langileen batzordean gehiengoa duten hiru sindikatuek (LAB, ELA eta CCOOk) aukera guztiak agortu nahi dituzte. Altsasuko enpresa kinka larrian dago, baina, hura itxi aurretik, enpresa erosteko prest dagoen inbertitzailearekin eta Sodena Nafarroako sozietate publikoarekin mahai bat sortzea proposatuko dute. UGTk ez du bat egin proposamen horrekin.

Denbora gutxi geratzen da. Asteburu honetan jakin da urte hasieratik Dumarey taldeak interes handia azaldu duela Sunsundegui bereganatzeko, baina oraingoz ez du eskaintzarik egin. Ez du industria planik aurkeztu ere. Hori ikusita, hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak proposatu dio Iruñeko Merkataritza arloko lehen auzitegiari autobusen karrozeria enpresa likidatzea eta ixtea. Hamabost eguneko epea dago alegazioak aurkezteko, epaileak behin betiko erabakia hartu aurretik.

Likidazio prozesua hasiko balitz ere, Dumarey taldeak edo beste edozeinek eskaintza bat egiteko aukera lukete. Egoera zail horretan, langile batzordean LAB, ELA eta CCOOk uste dute likidazioa kosta ahala kosta eragotzi behar dela. Horretarako mahai bat sortzea proposatuko diote Sodenari eta Dumarey taldeari. «Mahai horretan konponbideak proposatuko dizkiegu. Ikusiko dugu hark zer erantzuten duen», adierazi du LABeko Oskar Telletxeak.

Urriaz geroztik, 341 langileak lana aldi baterako erregulatzeko espedientean daude, eta oso jakitun dira egoera larria dela. Batzordeak gaur goizean batzarra egin du langileei Molins eta Andres abokatu bulegoak aurkeztutako txostenaren nondik norakoak azaltzeko eta euren proposamenaren berri emateko. UGTk ez du egoki ikusi hori, oraindik orain txostena aztertu behar dela iritzita. 

Telletxearen arabera, langileen artean nekea eta etsipena da nagusi. Lan erregulazioan izaki, langabezia saria agortzen ari da, eta oraindik ez dute konponbiderik ikusten. Horri gehitu behar zaio langileetako askok iraganean egoera zail ugari bizi izan dituztela.

Nafarroako Gobernua, zain

Nafarroako Gobernuak ere ez du itxaropena galdu nahi. Bere eskaintza egin aurretik, finantzaketa lotu nahian dabil Dumarey, eta hor agian zeresana izango du Sodenak. Gobernu kontseilu osteko agerraldian, Sunsundeguiri buruz galdetuta, Amparo Lopez eledunak esan du eskaintza lotesle baten zain daudela. 

«Nafarroako Gobernuak lanean eta hitz egiten jarraitzen du. Oraingoz ez dago eskaintzarik, baina inbertitzaile posible bat dago», esan du. Lopezek gaineratu du likidazio prozedura hasita ere eskaintza egiteko aukera ez dagoela itxita. «Eskaintza orori ongietorria egingo diogu, egoera sendotzeko lanean ari baikara». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.