Duintasunaren errutina

Bizkaiko Novaltiako hogei langilek 351 egun daramatzate greban, enpresako buruek lan hitzarmena akordiorik gabe aldatu eta baldintzak asko kaskartu zizkienetik. Egunero enpresa aurrean biltzen dira gatazka ez dela konpondu gogoratzeko.

Greban dauden Novaltiako langileetako batzuk, kooperatibak Zamudion duen biltegiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Zamudio
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Zenbagailua oker ez badago, 351 egun daramatzate greban.Zenbaki handidun afixa plastikozko karpan eskegia dute.«Hau laugarren karpa da», gehitu du umoreko Ibai Carranzak. «Udazkenean euri asko egin zuen, eta egun haizetsuak egon ziren udaberrian. Tartean, gainera, leku aldatze bat egon da, hasi ginenean biltegia oraindik Zaratamon (Bizkaia) zegoelako. Hau ondo eusten ari da». Novaltia botika banaketako kooperatibak Zamudioko teknologia parkean duen biltegiaren aurrean dute kanpalekua, eta bertan hartzen dute babes egungo Euskal Herriko grebarik luzeena egiten ari diren hogei langileak. Biltegiko langile guztien %40 inguru dira.

Goizero joaten dira. BERRIA bisitan joan zaien egunean bero sargoria egiten du, eta etxola da babes bakarra. 09:30etik 15:30era artekoa da txanda, lan egun bat. «Ni ez nago oporretan, ni greban nago», aldarrikatu du Jorge Doladok. «Telegreba egin genezakeen, baina horrek ez du balio. Hemen egon behar dugu, lankideei eta arduradunei gogoratzeko borrokan jarraitzen dugula. Sindikatuetako jendeak-eta laguntzen gaitu [LABen eta, batez ere, ELAren erresistentzia kutxen babesa dute] eta haiei ere zor diegu». Eta, era berean, goiari eusten laguntzen dio. «Etxean geldituz gero ezingo genioke eutsi. A zer-nolako buru jana. Etortzeak lagundu egiten zaitu, lankideekin batu, hitz egin...».

Uztailaren 22an urtebete egingo dute greban. «Inondik ere ez nuen uste hain luze joko zuenik», onartu du Miren Edurne Expositok. Gogorrena «ziurgabetasuna» dela esan du, baina etxekoen babesa izateak lagundu egiten dio. «Lehen hilabeteak gogorrak izan ziren, baina giro ona dugu hemen». Halere, ez du ezkutatu lanean ari diren kideekiko harremana aldatu egin dela. «Lantalde osoaren alde ari gara, baina sartu berri direnen alde, batez ere. Helburuak lortzen baditugu, haiek izango dute hobekuntzarik handiena».

Expositoren esaldia ulertzeko,lan gatazkaren muina azaldu behar da, eskaeretako bat langileen arteko «koska» ezabatzea baita. Novaltia 2013an sortu zen, Aragofarrek eta Vascofarrek bat egin zutenean. Botika denda asko batzen dituen kooperatiba bat da. Fusio hartan ,Vascofarreko langileek lan baldintzak okertzea onartu zuten, kaleratzeak eragoztearen truke. «Ni neu lehen baino 5.000 euro gutxiago irabaztera igaro nintzen, eta aurretik zeudenentzat aldea handiagoa da», azaldu du Carranzak. Hala ere, sektoreko Espainiako lan hitzarmeneko soldata %35 hobetzea lortu zuten. Hobekuntza hori, baina, Vascofarretik zetozen langileentzat zen bakarrik —Carranza, Dolado eta Exposito multzo horretan daude—.

Hasieran, ez zegoen berririk, baina, urteen poderioz, ugaldu egin dira, eta lantegiaren barruan bi maila sortu direla salatu dute grebalariek, eta asko murriztu da enpresak soldatetan gastatzen zuen kopurua. «Langile berrien soldata gordina 16.000 euro dira urtean», azaldu dute. Garbi, 900 euro pasatxo, hilean. Soldata, baina, ez da lan bera egiten duten langileen arteko alde bakarra; berriek oro har, baldintza okerragoak dituzte.

Aurreko hitzarmena iazko otsailean bukatzen zen, eta hura berritzeko bilerak 2018ko otsailean hasi zituzten. «Alferrik galdutako urtebete izan zen», laburbildu du Carranzak. «Eskaera guztiak atzera bota zizkiguten». Negoziazioak tenkatuz joan ziren, eta, 2019ko otsailean, enpresak ez zuen errespetatu aurrerako eragina, eta Espainiako hitzarmena ezarri zien langileei. Adostu gabe hartu zuen erabakia.

Auzibidearen hasiera

Enpresak ez zuenjarrera aldatu, eta langileen zati batek grebara jo zuen, iazko uztailaren 22an. Lan ikuskaritzari jakinarazi zioten egoera, eta gatazka auzitegian dago; baita enpresa langileak aldi baterako enpresetan kontratatzen ari dela ere grebalarien oporrak ordezkatzeko. «Jardunari eusten badiote, horri esker da», azaldu dute grebalariek: «Marra gorri batzuk ditugu: lan hitzarmen duina, zerbitzu gehiagorik ez kanporatzea eta langile guztien baldintzak berdintzea». Denborak jarrerak urrundu egin ditu, eta 2020. urtean ez dira behin ere elkartu enpresako ordezkariekin.

Koronabirusaren krisiak euren protestaldia eten zuen, Novaltiarena funtsezko jardun izendatu zuten eta grebalarien erdiak lanera itzultzera behartu zituzten. «Ikusteko legoke beharrezkoa zen; farmazia banatzaile asko daude. Hori bai, gizarteak behar izan gintuenean hor egon ginen, eta beti arratsaldeko txanda egokitu zitzaigun, beste langileekin gurutzatu gabe», azaldu du Doladok.

Alarma egoera pasatuta, etxolara itzuli ziren, eta kaleetara. Astero elkarretaratzea egiten dute Bilbon, eta beste ibarretara joaten hasiak dira, botiketako jabeei euren egoera azaltzeko. Hala ere, Doladok ez du uste konponbidea hortik etorriko denik. «Nire lana gustatzen zait, baina jasotako tratua ez da ona izan. Urtebete daramagu, eta litekeena da ez sartzea epaileak zein baldintzatan ebatzi arte». Bitartean ez dute karpa desmuntatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.