Sonny Crockett eta Rico Tubbs Dubain bizi al dira orain, ala?
Bai zera, baina 1980ko hamarkadako telesailean ageri zen ustelkeriak ondotxo laburbiltzen du Arabiar Emirerri Batuetako hiri horretako egungo giroa: glamour ugari, eta gaizkile andana.
Castillo tenientea bezain garratza dirudizu.
Ez didazu sinetsiko, baina hartu Dzenis Kadric polizia ohiaren kasua. Bosnian droga kartel handi bateko kide izatea egozten diote. Haren emazteak hainbat bideo argitaratu ditu Tiktok sare sozialean. Irudiei erreparatuta, jabetu dira karteleko buruzagia ere ageri dela, eta bikotea Burj Khalifa Dubaiko dorre ezagunean bizi dela, alokairuan.
Apartamentu hori ez da merkea izango.
Alokairuko kontratuaren arabera, 200.000 dirham urtean ordaintzen dituzte (50.000 euro, trukean). Garestitxo, polizia ohi batentzat. Jabea Candido Nsue Okomo da, Ekuatore Gineako presidentearen koinatua eta petrolio sozietate publikoko zuzendari ohia. Ustelkeriagatik eta diru beltza zuritzeagatik ikertua da.
Bosnia, Ekuatore Ginea... Ez al da kasualitatea?
Ez, aste honetan ezagutzera eman den ikerketa zabal baten arabera. 2020tik 2022ra arteko Dubaiko ondasun higiezinen datuak aztertuta, justiziarekin arazoak dituzten bost kontinenteetako ehunka lagunek ezaugarri komun bat dute: luxuzko etxeak dituzte Dubain.
Zertarako jo nahi dute basamortura bizitzera?
Duela 40 urte harea besterik ez zegoen tokian, ondasun higiezinen munduko negoziorik handiena altxatu dutelako bertako buruzagiek eta diru beltza zuritzeko oasia eskaintzen dutelako. Atzerritarren esku dago higiezinen ondarea, 160.000 milioi eurorena.
Denak al dira gaizkileak?
Ez, noski. Baina ikerketan ageri direnak bai. 200 lagun dira, eta mila etxebizitza inguru dituzte. Tartean daude Europan gehien bilatuak diren narkotrafikatzaileak: Daniel Kinahan irlandarra eta Salam Shebani suediarra. Zerrendako beste batzuei ustelkeria, merkatuen manipulazioa, kriptodiruekin iruzur egitea eta bestelako delituak egozten zaizkie.
Eta zer egiten dute Arabiar Emirerri Batuek?
Beste aldera begiratu. 2022an, diru beltza kontrolatzen duen nazioarteko erakunde nagusiak herrialdea irmo ohartarazi zuen. Ordutik salerosketa susmagarrien zaintza hobetu dutela dio herrialdeak, baina, Suediako SVT telebista kateak egindako ikerketa batean, etxe saltzaile batek onartzen zuen inork ez duela galderarik egiten etxe bat erosterakoan; aldiz, dirua bankuan sartuz gero, hamaika galderari erantzun behar dio bezeroak. Diru beltza zuritzeko modurik errazena da. Baldintza bakarra horixe da: zakukada diru izatea.