Zeresan handia eman du etxebizitza bakoitzeko DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta bakarra baimentzeko proposamenak. Hainbat alderdi eta eragilek kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren ideia, behartuta eta harremanik ez duten arren elkarrekin bizi behar duten onuradunei kalte handia egingo diela iritzita. Enplegu Sailak errentaren erreforma eztabaidatzeko igorri dien dokumentuan, hala ere, ñabardura batzuk egiten zaizkio proposamenari, eta atea irekita uzten du kasu batzuetan DSBEtik aparteko ordain osagarri bat egon dadin.
Arau orokorra etxebizitza bakoitzeko DSBE bakarra egoteak izan behar du, gobernuaren ustez, baina salbuespenak egin daitezke. «Kontuan izan behar da egoera jakin batzuetan harreman afektiborik edo familia artekorik ez duten pertsonak elkarrekin bizitzera behartuta daudela, egoera sozial erabat ezberdinak izanda», dio agiriak, hitzez hitz. Kasu horietan ordain osagarri bat eskatzeko aukera egongo litzateke.
Nolakoa litzateke ordain hori? DSBEaren antzeko eskalak izango lituzke —diru oinarri bat, eta osagarriak, eskatzaileen arabe-ra—, baina horren erdia litzateke: asko jota, 600 euro. Etxebizitza bakoitzeko gehienez ere ordain osagarri bakarra legoke.
Laguntza horri iraupen mugatua jartzea proposatu du Enplegu Sailak: hamabi eta 24 hilabete artekoa. «Pentsa litekeelako bizi-proiektu bateratua ez izateak, arrazoiz, ordezko bizkidetza formulak bilatzera bultzatuko dituela denbora horretan», zehaztuta dago proposamenean. Edonola ere, epemuga zabaltzeko aukera legoke, premia egoera luzatu eta bestelako bizitoki bat lortzeko modurik ez balego.
Agerraldian, aipamenik ez
Joan den astean, erreformarako proposamena aurkezteko agerraldia egin zuen Beatriz Artolazabal Enplegu sailburuak Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek DSBE bakarra egoteko ideia kritikatu bazuten ere, Artolazabalek ez zuen propio aipatu beste ordain osagarri bat sortzeko aukera. Ondorioak aztertu eta «salbuespenak» ezarriko zirela baino ez zuen esan.
Ondoren hedabideetan egin dituen hainbat adierazpenetan DSBE kopurua mugatzeko ideiari eutsi dio, eta beti antzeko adibidea eman du argudiatzeko: elkarrekin bizi den bikotea, baina bi errenta kobratu ahal izateko unitate bakarra direla onartzeari uko egiten dioten pertsonak.
Jaurlaritzaren azterketan aipagai dira egoera horiek. «Ez dira praktika komun bat», ondorioztatu du. Hedabide batzuei emandako datuaren arabera, 3.800 etxebizitzatan kobratzen dira gaur egun bi errenta. Hots, onuradunen %10 baino gehiago dira. Ez dute kuantifikatu zenbatetan dauden unitateak faltsutzen, eta ia ezinezkotzat jo du sailak berak. «Oso zaila da objektibatzea —administrazio erroldetara jotzeaz haratago— zein kasutan ezar daitekeen de facto bizikidetza dagoela bi pertsonaren edo gehiagoren artean». Zailtasun hori da sailaren argudio nagusia etxebizitza bakoitzean asko jota errenta bat nahi izateko.
Praktikan, DSBE bakarra egotearen efektua arinduko luke bestelako ordain horrek, baina ez luke osorik ezabatuko. Erreformarako proposatu diren ordainekin, elkarrekin bizi diren eta unitate ezberdinak osatzen dituzten bi bikotek diru sarreren %38 galduko lituzkete. Bikote horiek haur bana balute, galera %33 litzateke. Ordain osagarriaren aukera onartuta, bi bikoteren kasuan %19 gutxiago eskuratuko lukete hilero. Haur bana duten bi bikotek, berriz, %15 gutxiago. Aparteko ordain berri horrek 400 euro izango lituzke hilero pertsona bakar batentzat.
DSBEtik aparteko osagarri bat egon liteke etxea partekatzen dutenentzat
Gehienez ere 600 eurokoa litzateke, eta urtebete edo bi urteko iraupen mugatua ezarriko litzaioke. Eusko Jaurlaritzak alderdiei aurkeztu dizkien erreformaren oinarrietan jasota dago proposamena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu