Lanbide. DSBEa

DSBEaren Ikuskapena, Poliziatik Lanbidera

Orain arte poliziek egin izan dituzte ikuskapenak DSBEaren hartzaileen etxean, legez kanpokoak denak, gizarte eragileek salatu dutenez. 2022ko abenduko legearekin, Lanbidek egingo ditu ikuskapen horiek.

Lanbide DSBE
Berri Otxoak-eko kideek urte hasieran Lanbideren Barakaldoko bulegoan egindako protesta. BERRI OTXOAK
inaut matauko rada
2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

Urte hasieran, gizarte eragile batzuek salatu zuten Ertzaintza DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren hartzaile batzuen etxean sartzen ari zela, ikuskapen batzuk egiteko. DSBEaren lege berria oraindik ez zegoen indarrean orduan, eta ikuskapen horiek legearen aurkakotzat jo zituzten Berri Otxoak-ek, Argilan-ESK-k, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak eta beste hainbat eragilek. Izan ere, aurreko legeak ez zuen ezer esaten hartzaileen ikuskapenari buruz; abenduaren 22ko 14/2022 legeak, ordea, bai.

Lege berriaren IV. tituluak arautzen du Lanbideren «ikuskapen eginkizuna». 94. artikuluak dio Lanbideko ikuskatzaile berriak DSBEaren hartzaileen etxean sartu ahalko direla, bizikidetza unitateen egiaztapenak eta bestelakoak egiteko. Iñaki Uribarri Argilan-ESK-ko ekonomistak adierazi du 25-29 kideko ikuskatzaile talde bat sortuko dela, «Lanbideko polizia», haren hitzetan. Orain arte udaltzainek eta ertzainek «legearen kontra» egin dutena egingo dute.

Ikuskatzaile talde hori, baina, oraindik ez da sortu. Izan ere, Uribarrik esan moduan, legea indarrean sartu eta gehienez bi hilabetera onartu behar zuten DSBEa irizpidetuko duen araudia, baina oraindik ez dute onartu, nahiz eta legea martxoaren amaieran indarrean sartu zen. Sara Buesa Lanbideko Prestazio eta Inklusio zuzendariak SER kateari irailean adierazi zion urrian onartuko zutela araudi berria, baina hori ez da jazo oraindik.

«Berme gehiagoko legea»

Orain arte, poliziek DSBEaren hartzaileen etxeetan egindako inspekzioetan «nahi zutena egiten zuten», Uribarriren arabera. Hala, lege berrian Elkarrekin Podemosek lortutako akordio batzuei esker, «berme gehiago» izango dituzte hartzaileek ikuskapen horietan: «Hemendik aurrera itxura txukuna eman beharko dute, dokumentazioa eraman, ikuskapenak egitea ahalbidetzen dien txartel bat erakutsi, zer egin behar duten esan... ezingo dira sartu Ertzaintza sartzen zen moduan».

Hala ere, bazterkeria egoeran dagoen jendearekin lan egiten duten eragileak ez daude ziur berme horiek beteko diren edo ez, Lanbiderekin bermeek «balio dutena balio dutelako», Uribarriren esanetan. Uribarri bera, baina, baikor dago: «Ez badugu ondo egiten, gure errua izango da, legea gure alde baitago». Uste du funtsezkoa izango dela jendeak garbi izatea zeintzuk diren bere eskubideak.

«Hemendik aurrera, itxura txukuna eman beharko dute; ezingo dira sartu Ertzaintza sartzen zen moduan».

IÑAKI URIBARRIArgilan-ESKko ekonomista

Horretarako, Argilan-ESK-k eskuorri batzuk egingo ditu DSBEaren hartzaileei emateko, Lanbideko ikuskatzaileei une oro oroitarazteko zer esaten duen legeak. «Ikuskatzaile gorputz hori Lanbideko polizia izango da, baina jendeak kasu egiten badigu eta ez badira izutzen, berme gehiago izango dituzte», azaldu du.

Lege berriak, baina, oraindik ere alde txar asko dituela uste du Uribarrik, berme horiek ezbaian jartzen dituztenak. Izan ere, elkarrekin bizi diren lagun batzuen harremana «ezkon-harreman baten analogoa» izango dela ondorioztatuko dute bi kasu hauetan: seme-alabarik badute komunean, edo azken lau urteetan gutxienez bi urtez elkarrekin bizi izan badira. Beraz, bakoitzak bere DSBEa jasotzen duten bi pisukidek bi urte baino gehiago badaramatzate etxe berean bizitzen, ezkon harreman moduko bat dutela ondorioztatu ahalko dute, eta DSBE bat ez baizik bi kobratzea leporatu.

«Shock terapia»

DSBEaren kudeaketa Lanbidek hartu zuen arte, herri bakoitzeko udaltzainek egiten zituzten ikuskapenak errentaren hartzaileen etxeetan, zerbitzu sozialen eta foru aldundien esku baitzuten eskumena. Kudeaketaren ardura Lanbidek hartu zuenean, Ertzaintza hasi zen ikuskatze horiek egiten, eta Uribarrik uste du horrek jendea are gehiago beldurtu zuela, «nahiz eta poliziak kaleko jantzita joan».

2023aren hasieran aldatu ziren gauzak. Hainbat gizarte eragilek salatu zuten Ertzaintzaren ikuskatze horiek areagotu egin zirela, eta, legez kanpokoak zirela salatzeaz gain, adierazi zuten erabaki batzuk iritzi subjektiboekin hartzen ari zirela. Orduan, Berri Otxoak taldeko kide Sheila Fernandezekin hitz egin zuen BERRIAk, eta adierazi zion hainbat errenta behin-behinean bertan behera uzten ari zirela aurreiritzietan oinarrituta.

Fernandezek emandako adibide batzuen arabera, emakume bati errenta kendu zioten esekitokian gizonezkoen arropa lehortzen izateagatik. Emakumeak bere arropa zela adierazi zien ertzainei, baina haiek iradoki zuten bertan gizon bat bizi zela, eta bizikidetza unitateari buruz gezurra esan zuela. Beste bati errenta kendu zioten ikuskapena egin zuten unean lagun batzuk zeudelako bertan kafea hartzen, eta harekin bizi zirela ondorioztatu zuten agenteek.

Ertzaintzak gezurtatu egin zuen ikuskatze horiek egiten ari zela. Uribarrik adierazitakoaren arabera, ikuskapenen areagotze hori laster amaitu zen, eta DSBEaren hartzaileen etxean sartzeari utzi zioten. Ekonomialariaren iritziz, «shock terapia» moduko bat egiten saiatu ziren horrekin, etorkizuneko Lanbideko ikuskatzaileek egingo dituzten ikuskatzeak begi hobez ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.