EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du EAEko oinarrizko errenta jasotzeko iaz indarrean jarritako arauetako bat. Haren arabera, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzetako bat zen etxebizitza baten jabe izatea, alokairu kontratu bat izatea edo norbaitek utzitako etxe batean bizi izatearen frogagiria edukitzea.
Argilan-ESK-k, Berri Otxoak taldeak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarri zioten duela urtebete DSBEaren araudi berriari. Haien arabera, baldintza berriek hartzaileen oinarrizko eskubideak urratzen zituzten, eta «sektorerik prekarizatuenei eta pobretuenei egingo zieten kalterik handiena». Izan ere, laguntzak jasotzeko aukerarik gabe gelditu ziren etxebizitza bat okupatu dutenak, kontraturik ez dutenak, etxe berralokatu batean bizi direnak edo bestelako egoera bat dutenak.
2023ko martxoan erreforma hori onartu arte, DSBEa jasotzeko baldintza nagusia zen Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako udalerri batean gutxienez hiru urtez erroldatuta egotea. Ezkerreko alderdiek, sindikatuek eta gizarte talde batzuek esan izan dute erroldatze epe hori luzeegia dela, eta berriro urtebeteko epea ezartzeko eskatu dute maiz, oinarrizko errenta sortu zenean ezarritakoa, alegia.
Talde horien eskaerak gorabehera, 2023ko moldaketak hiru urteko epeari eutsi zion, baina salbuespen batzuk finkatu: urtebete erroldatuta egotea nahikoa izango dute eskatzaileek adin txikikoren bat bere gain badu, mendekotasunen bat badu edo elbarria bada; eta erroldatze baldintzarik ez dute bete beharko indarkeria matxistaren biktimek, ezta sexu salerosketaren eta esplotazioaren biktimek, errefuxiatu gisa aitortutakoek eta terrorismoaren biktimatzat jotakoek ere.
Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista taldeek beste bi artikulu indargabetzeko eskatu zuten, baina epaileek ez dute onartu eskaera hori. Horrenbestez, aurrerantzean ere indarrean egongo dira indibidualki alokatutako logelek komun propioa edukitzeko betebeharra eta behar gorrian daudenek bete beharreko baldintzak.