Kutxabank. Gipuzkoaren proposamena

Dohaintzaren zirrikitua

Kutxako akzioak erakunde publikoen esku uztea proposatu du Gipuzkoako Aldundiak.BBBri eta Vitali berdin egiteko eskatu die, Kutxabanken kontrol publikoari eutsi diezaioten fundazio arrunt gisa

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, atzo, Donostiako Miramar jauregian, bere proposamena aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
Donostia
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Ideia sinple batekin bermatu nahi du Gipuzkoako Aldundiak Kutxa esku publikoetan egotea. Proposatu du aurrezki kutxa horrekKutxabanken dituen akzio gehienak Gipuzkoako erakunde publikoei ematea, «doaneko eskualdatze» baten bidez. Ondoren, erakundeek lortutako irabazia Kutxari itzuliko liokete, hark gizarte ekintzara bidera dezan. Kutxaren eta Kutxabanken estatutuak eta Kutxa eta Banku Fundazioen Legea aztertu ondoren, halakorik egiteko legezko oztoporik ez dagoela ziurtatu du. Proposamenak «berme juridiko eta legezko guztiak ditu; borondate politikoa da aurrera ateratzeko baldintza bakarra», azaldu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Zehazki, Gipuzkoako Aldundiak proposatu du Kutxak Kutxabankeko akzioen %4,998ei eustea. %5eko muga hori garrantzitsua da, hortik gora fundazio arrunt batek ezin duelako finantza erakunde baten jabetzarik izan, eta derrigorrezkoa duelako banku fundazio bilakatzea (urtea amaitu aurretik, gainera). Gaur egun, Kutxabanken %32 da Kutxarena, %57 BBKrena eta %11 Vitalena.

Behin Kutxak zati bati eutsita, gainontzeko %27a honela banatzea proposatu du Garitanoren gobernuak: %4,998 izango lukete aldundiak berak eta Donostiako Udalak —Kutxaren bi sortzaileak dira—, eta gainontzeko %17,006a, berriz, lurraldeko udalen artean banatuko lukete. Azken horren hamarren bat linealki emango luke (herri bakoitzari 391 akzio), eta gainontzeko %90a proportzionalki, UFFF udalen funtsa banatzeko erabiltzen dituen irizpideen arabera. Horrela, Donostia alde batera utzita, Gaintzak izango luke akzio gutxien (460) eta Irunek gehien (35.867). Edonola ere, banaketa hori negoziatzeko prest daudela esan du Helena Franco Ogasun diputatuak, mamia aldatzen ez den bitartean, hau da, jabetza publikoa izatea.

Donostia Kutxaren sortzaile Gipuzkoa den heinean, harentzat egin du proposamena Martin Garitanoren gobernuak, baina Bizkaiari eta Arabari begira ere egin du, BBK-k eta Vitalek berdin egiteak baizik ez lukeelako ziurtatuko Kutxabanken jabetza publikoa. Horregatik, proposamena aztertzeko eskatu zien behin eta berriro Garitanok beste lurraldeetako agintariei atzo arratsaldean Donostian egindako aurkezpenean.

Proposamenari kutsu instituzionala eman nahi izan zion aldundiak. Foru gobernuko kideez gain, Miramar jauregian izan ziren Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariak —tartean Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea—, Hasier Arraiz Sortuko presidentea, ELA eta LABeko ordezkariak, eta beste gizarte eragile batzuk.

Gipuzkoako Aldundiak Kutxaren batzarrean aurkeztuko du proposamena, «onartuko duten esperantzarekin», Francoren hitzetan. Ez da erraza izango, ordea, banku fundazioaren trena martxan dagoelako. BBK-k eta Vitalek ekainean jada eman zuten banku fundazio bilakatzeko pausoa, EAJ, PSE eta PPren babesarekin. Kutxa fundazio bihurtzeko prozesua ere aurrera doa, hiruko horren eta Xabier Iturbe Kutxako presidentearen eskutik.

Ezker abertzalea, berriz, Gipuzkoako Aldundiak atzo egindako proposamena gizarteratzen saiatuko da asteotan. Gaur bertako deitu ditu hedabideak proposamena aztertzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko taldeak.

Legeari, izkin

Gipuzkoako Aldundiaren proposamena abokatu talde batek landutako txosten juridiko batean oinarritzen da. Uztailean eskatu zuen, BBK eta Vital banku fundazio bilakatu ondoren. Txosten horrek dio ezer ez diola galarazten Kutxari bere akzioak beste norbaiten esku uztea. Hiru aukera daude horretarako: bata da prezio sinboliko batean erostea (euro batean, esaterako), bestea da merkatuko prezioan eskuratzea, eta, azkenik, dohaintzan ematea. Azkeneko hori hobetsi dute, merkeena izateaz gain —Kutxako akzioek ehunka milioi balio dute—, segurtasun juridiko handiena ematen duelako.

Espainiako Kutxa eta Fundazioen Legeari izkin egitea da Gipuzkoakoaren proposamenaren helburua. Europako Batasunak Espainiari bere bankuak salbatzeko emandako erreskatearen baldintzen artean (memorandum of understanding) zegoen lege bat egitea, aurrezki kutxek beren menpeko bankuen kontrola galtzeko. Bruselaren begietan kutxen gaineko kontrol publikoa izan zen haietako askok (Bankia, CAM, CCLM...) porrot egitearen arrazoia. Espainiako Kongresuak 2013ko abenduaren amaieran onartutako lege horrek ez ditu berez aurrezki kutxak debekatzen, baina muga handiak jartzen dizkie: 10.000 milioi euroren aktiboak izatea (61.500 milioi ditu Kutxabankek). eta haien jarduera erkidego pare batera mugatzea (hamalautan dago Kutxabank, bitan CajaSur izenarekin).

Kutxabanken moduan finantza negozioa banku baten bidez egiten duten kutxak onartzen ditu legeak, baina baldintza gogor batzuk jarri zizkien, helburu garbi batekin: gero eta parte hartze txikiagoa izatea. Lehenik, kutxa izateari utzi eta fundazio bilakatzera behartzen ditu (teorian, kontrol politikoa gutxitzeko). Atal horretan aurkitu du zirrikitua aldundiaren txostenak. Xabier Barinagaerrementeria abokatuak atzo azaldu zuenez, derrigorrezkoa fundazio bilakatzea da, baina ez banku fundazio. Lehenengoak soilik onartzen ditu baldin eta bankuko akzioen %5 baino gutxiago badituzte. Hortik gora dutenek (BBK, Kutxa eta Vitalek), banku fundazio bihurtu behar dute derrigor, eta horrek zama handia du.

Izan ere, banku fundazio horrek bankuaren gero eta jabetza handiagoa izan, orduan eta betebehar handiagoak bete behar ditu. Jabetzaren %30 baino gehiago kontrolatzeko finantza plan bat aurkeztu behar diote Espainiako Bankuari (balizko galerak estaltzeko dirua nondik aterako litzatekeen argitzeko). Jabetzaren %59 baino gehiagori eusteko, berriz, erreserba funts bat sortu eta hornitu beharko dute, izan ditzakeen galerak estaltzeko.

Fernandezen formula

Baldintza horiek betetzeak Kutxabanken irabazi guztiak irentsiko dituela dio Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak, eta ezingo lukela gizarte ekintzarik banatu. Horregatik, urte gutxiren buruan uste du Kutxabanken %30 izango dela fundazioena, eta beste %70 beste inbertitzaile batzuentzat. Saldutako akzioekin lortutako dirua inbertitzea eta haren etekina gizarte ekintza hornitzeko baliatzea da Fernandezek defendatzen duen formula.

Fundazioa bihurtuta, Kutxaren jabetza publikoari ez ezik, haren gaineko «kontrol sozialari» ere eusteko modua izango litzatekeela dio Aldundiak. Hau da, orain arte Kutxaren batzarretan ordezkaritza izan duten taldeek (sortzaileak, udalak, bezeroak, langileak eta gizarte ordezkariak) lekua izango luketela fundazioaren patronatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.