Patxi Lopezek lehendakari kargua hartu zuenean, Brasil aukeratu zuen nazioartera ateratzeko lehen bidaia egiteko. 2010. urtea zen, eta ordezkaritza instituzionalari enpresa talde esanguratsu batek lagundu zion. Modan zegoen Brasil, eta baziren arrazoiak: Hego Amerikako ekonomia handiena, BRIC multzoko B hizkia, eta munduko futbol koparen nahiz olinpiar jokoen eskutik arreta gune bihurtuta.
Kasualitatea edo ez, bidaiatik urtebetera, 2011. urtean, goia jo zuten Hego Euskal Herritik Brasilera egindako esportazioek: 681 milioi saldu zizkioten euskal enpresek herrialdeari. Harrezkero, ordea, indarra galduz doa izarraren disdira, atzeraldi garai bati jarraituz, eta ahuldu da merkatu modura duen garrantzia. Joan den urtean, esportazioak 389 milioi eurokoak izan ziren. Egoera apur bat hobetu da aurten. Abuztura bitarteko salmentak —309 miloi— azken hiru urteotako onenak izan dira.
Euskal enpresen interesa jaitsi dela baieztatu du Iñaki Ezkurra Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Agentziako sektore arduradunak. «Brasilek ez du ematen orduko neurria. Geure zerbitzuek herrialdeari buruz dituzten eskaerek behera egin dute», zehaztu du. Hala ere, merkatu estrategikoen artean jarraitzen du Brasilek. Gobernuak daukan nazioarteratze estrategian Brasil lehentasunezko bigarren multzoan dago, Frantzia, India edo Errusiarekin batera. Jarraipena egin behar zaien merkatuak dira, eta, kasu batzuetan, sartzeko zailtasunak eta trabak dituztenak.
Beste berezitasun bat ere badu Brasilek. Nazioartekotze agentziak dituen azken datuen arabera, EAEko 123 enpresa daude Brasilen. Lantegi produktiboak dituzte gehienek (74). Txinarekin eta Mexikorekin batera, nazioartean lantegi gehien dauden herrialdeetako bat da. Normalean, bulego komertzialen hedapena zabalagoa izan ohi da. Euskal enpresen kasuan, ekoizteko asmoz hartu dute Brasilerako bidea.
Konpainia ugari aspaldi hasi ziren han kokatzen, eta luzera begirako harreman bat ezarri dute. «Autogintza dago, oso sektore garrantzitsua Brasilen. Baita ere aeronautika, energia, edo tren bidezko garraioa», azaldu du Ezkurrak. Cie, Aernnova, CAF, Cikautxo, Fagor Ederlan, Gameko, Irizar, Orkli, Ingeteam, Viscofan eta beste hainbeste dira.
Krisiak krisi, oraindik ere merkatu «erakargarria» dela uste du Amaia Ferro Gipuzkoako Bazkundeko nazioartekotze zuzendariak. «Oso herrialde handia da, populazio oso gazte eta aktiboa du, justu geuri gertatzen zaigun kontrakoa», azpimarratu du.
Ez da merkatu erraza, ordea. «Zerga asko dituzte, maila askotan, eta batzuetan eragiketa batzuk interesgarriak izan daitezke edo ez fiskalitatearen arabera kostuak ondo neurtzen badakizu», azaldu du Ferrok. Beste ezaugarri bat protekzionismoa da. Muga zergak eta traba burokratikoak baditu. «Hauteskundeetan faboritoak irabazten badu, itxura du handitu egingo direla joera protekzionistak», ohartarazi du. Ezkurrak ere nabarmendu du bertan aritzeko «eskarmentu berezia» eskatzen duen herrialdea dela.
Negozio aukera bila jarraitzen dute enpresek Brasilen, baina merkataritza harremana aldatzen doa. Abuztura arte, lehen aldiz, esportazioak gainditu dituzte inportazioek. Petrolioak eta soja haziek bultzatuta, Hegoaldeko hamar inportatzaile nagusien artean sartu da Brasil.
Brasil. Euskal enpresak
Distira galtzen ari den Hego Amerikako izarra
Euskal enpresek Brasilera egindako esportazioen erritmoa moteldu egin da azken urteotan, baina merkatu interesgarria zaie, eta atzerrian lantoki produktibo gehien duten herrialdeetako bat ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu