Diskrezioaren itzalpean

Karbono emisioen %23 bakarrik daudela zergapetuta azaldu dute Munduko Bankuak BECen antolaturiko bilerako lehen egunean. Aurkakoek aparkalekuko sarrera itxi dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak eta Kapitalari Plantok BECen kanpoan egin zuten protesta. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Munduko Bankuaren ikurra ageri da egunotan BEC erakustazokako atarian, Barakaldon (Bizkaia). Hiru eguneko bilera bat antolatu du Innovate 4 Climate izenburupean. Nazioarteko hainbat erakunde pribatu eta publiko elkartu dira, eta klima larrialdiari aurre egiteko moduen inguruan eztabaidatuko dute. Azalpenak, baina, errealitateak baino ponposoagoa dirudi. Protestengatik ez balitz, inor gutxik esango luke itzal erraldoiko erakunde baten jarduera bat garatzen ari dela bertan.

BEC erakustazokan gimnasio bat dago, eta haren erabiltzaileek eta Innovate 4 Climate goi bileran izena eman duten parte hartzaileek ilara berean egin zuten bat atzo goizean. Kanpoan Ertzaintzako lau furgoi zeuden aparkatuta, eta haien alboan, gama erdiko bi auto ofizial, baina ez zegoen inolako oztoporik erakustazokan sartzeko. Zerikusi gutxi Munduaren Bankuak antolaturiko ekitaldi handietan ikusi ohi diren segurtasun neurri zorrotz eta zabalekin.

Bilerako ateak 08:30ean ireki zituzten, eta ordurako zuten protesta deitua Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak, EH Kapitalari Plantok eta Jauzi Ekosozialak. Hainbat eragile sozialen babesa jaso dute. Haien izenean mintzatu zen Alaitz Arroitajauregi, eta «garbiketa berdea» egotzi zien goi bileran bildutako erakundeei eta enpresei: «Sortu zutenetik Munduko Bankuak lapurretak, txirotze prozesuak eta klima larrialdiaren eragileak finantzatu ditu». Aldi berean, salatu zuen kapitalak berriztagarrietan interesa jarri badu, negozio aukera ikusi duelako jarri duela.

Protesta antolatu zutenek espaloia utzi eta errepidera jo zuten gero. Ordu laurdenez itxi zuten BECeko aparkalekurako sarrera. Ertzaintza bertaratu zenean ez zen tentsio handirik egon, eta ekintzaileek modu baketsuan libratu zuten bidea. Hori bai, goi bileran sartzen ari ziren gonbidatu askoren arreta bereganatu zuten. Arratsaldez beste protesta bat egon zen Barakaldon, Munduko Bankuari Ez kolektiboak deiturikoa.

Munduko Bankuak areto handi bakarra du hartua BECen. Antolakuntza osoa haren esku dago, eta, behin atea gurutzatuta, euskara eta gaztelania desagertu egiten dira. Inaugurazio ekitaldian, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak hartu zuen hitza. Ongietorria egin zien Euskal Herrira etorritako parte hartzaileei, eta Jaurlaritzak bultzaturiko trantsizio ekologiko eta industrialeko proiektuak azaldu zituen. Era berean, erakunde txikien garrantziaren aldarria egin zuen: «Tamaina guztietako erakundeek bat eginda hartu behar dute parte klima larrialdia gelditzeko politiketan. Klima aldaketaren egitasmoen %75 lurralde mailako erakundeek bultzatzen dituzte».

Tratuak egiteko parada

Tapiaren ondoren mintzatu zen Axel Van Trotsenburg Munduko Bankuko zuzendaria. Hura ez dago Bilbon, eta bideoz hartu zuen parte. Nabarmendu zuen teknologia berrietan inbertitzea ezinbestekoa dela klima larrialdiari aurre egiteko, eta trantsizioa «aukera» izan daitekeela enpresentzat. Alor horretan Munduko Bankua prozesu horren bultzatzaile izan behar dela nabarmendu zuen, eta finantza erakundeak eta sektoreko enpresak «harremanetan jartzera» animatu zituen.

Tratu horien eredu, Iberdrolak atzo bertan jakinarazi zuen Munduko Bankuak 138 milioi euroko mailegu bat eman diola Neonergiari. Konpainiak Brasilen duen filial bat da. Argindar sareen eraginkortasuna hobetzeko Munduko Bankuak eman dion bigarren mailegua da. Iaz beste 115 milioi utzi zizkion. Akordioa Barakaldon izenpetu zuten bi aldeek.

Lehen eguneko mahai inguru nagusian, karbono isurien salerosketa eskubideen inguruan jardun zuten. Munduko Bankuak haien inguruko azterketa bat eskatu du, eta, ikerlanaren arabera, egun munduan sortzen diren isurien %23k bakarrik daude zergapetuta. Duela hogei urte %7 baino ez ziren. Eta zenbatekoa da karbonoa isurtzeagatik ordainduriko zerga horien guztien zenbatekoa? 88.000 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.