Diruen banaketa sisteman aldaketa handirik egin gabe itxi dute ekarpen lege berria

Aldundien ekarpena neurtzeko sistemak berdin segituko du, baina desorekak konpontzeko funtsa handituko dute. Jaurlaritzak zati handiagoa jasoko du

Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera, joan den otsailean. Kamerari begira, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hamar urteko atzerapenarekin, baina azkenean lortu dute akordioa Ekarpen Legeari buruz. Aldaketa handirik ez duen akordio bat da, ogasun bakoitzak Eusko Jaurlaritzari eman beharreko ekarpena kalkulatzeko sistema ez baita aldatzen. Berritasun nagusia, sistemaren desorekak arintzeko sortutako Egokitzapen Funtsean izango da, haren neurria ia %50 handituko baita.

Gaur egun indarrean dagoen Ekarpen Legea 2007an hitzartutakoa da. Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaian EAJ-EA-Ezker Batua koalizio gobernuaren botoa izan zuen, baita PSE-EErena eta Aralarrena ere.Beranduenik 2011n zen berritzekoa, 2012-2016 eperako beste bat indarrean jartzeko. Baina foru diputazioen arteko desadostasunek ezinezkoa egin dute akordioa, orain arte. Bi jarrera izan dira: batetik, Araba eta Gipuzkoa, kexu ez direlako iristen dagokien kopurura; bestetik, Bizkaia, sistema aldatzeko asmo berezirik gabe, on egiten baitio. Zertan datza aldea? Bizkaian zergak ordaintzen dituztela enpresa handi batzuek, eta haien diruei esker aise iristen dela bere portzentajera.

Erakunde bakoitzean alderdi politiko desberdina egoteak ez zuen akordioa erraztu luzapenaren lehen urteetan. Baina azken bi legegintzaldietan EAJk Jaurlaritzaren eta aldundien buruzagitza izatea ez da pagotxa izan. Horren erakusgarri da gobernu eta diputazio jeltzaleek sei urteko agintaldia ez dela nahikoa izan aldundi bakoitzak zenbat ordainduko duen kalkulatzeko sistema aldatzeko. Kalkuluaren %70 herrialde bakoitzak duen errenta erlatiboa erabilita ateratzen jarraituko dute, eta beste %30 zerga ahalegina eta bilketa ahalmena aintzat hartuta. Horrenbestez, Jaurlaritzari dagokion dirua horrela banatuko dute: %50,94 jarriko du Bizkaiak, %33,06 Gipuzkoak, eta %16 Arabak. Kopuru horri koefiziente horizontala deitzen zaio.

Are gehiago, Gasteizko gobernuari diru gehiago eman beharko diote aldundiek. Azken urteetan zergetan hiru aldundiek bildutako diruaren %70,04 joan da Jaurlaritzaren kutxetara. Orain, ordea, %70,81 izango da, gobernuak eskuduntza gehiago hartu dituelako. Koefiziente bertikala izena jasotzen du zati horrek.

Aldaketa, beraz, koefiziente horizontalaren desorekak mugatzen dituen atalean egingo dute, Egokitzapen Funtsa izenekoan. Funts hori lau erakundeek hornitzen dute: %70 jartzen du Jaurlaritzak, eta beste %30 aldundiek, bakoitzak koefiziente horizontalean duen pisuaren arabera. Azken urteetan bilketaren %1 joan da horretara; lege berria indarrean jartzen denean, berriz, %1,45 izango da. Diru horrekin bermatu behar dute aldundi guztiek bere koefizientearen %99 bete ahal izatea. Iaz, esaterako, funts horren diru guztia, ia 57 milioi euro, Arabarentzat izan zen, hura geratu zelako urrunen bere koefizientetik.

Akordioak erakunde guztien aldarrikapenak betetzen dituela ziurtatu du Ogasun Sailak.

Kontseilua, ostegunean

Lau erakundeek Finantzen Euskal Kontseiluaren bilera berezi bat egingo dute hurrengo ostegunean, sistema berria onesteko. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak hartuko du, lege proiektu bat egingo du eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko. Legea urrirako indarrean egonez gero, hura hartuko dute oinarri hilabete horretako Finantzen Euskal Kontseiluan, datorren urterako diruak zehazki nola banatu erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.