AEBetako Jackson Holeko ibar paradisiakoan (Wyoming) Rockefeller familiak utzitako hotel batean bildu dira, aste amaiera honetan, banku zentraletako buruzagiak. Urteroko bilera da, eta, topaketa informala izan arren, han aztertzen dira mundu osoko ekonomiari eragiten dioten erabakirik garrantzitsuenetako asko. Aurtengo gai nagusia diruaren prezioa izan da. Bestela esanda: interes tasak. Horrek enpresei eragiten die —kredituak eskatzeko garaian—, bai eta herritarren poltsikoei ere — hipoteketan, adibidez —. Eta produktu guztien prezioei, oro har.
Aurten, Jerome Powell AEBetako Erreserba Federaleko (Fed) buruak zer esango zain zeuden denak. AEBetan inflazioa %3tik behera jaitsi da, 2021eko martxotik lehen aldiz, eta han jada inor gutxik jartzen du zalantzan Fedek tasak jaitsiko dituela irailaren 18an egingo duen bileran. Gehienek uste dute lehen murrizketa puntu laurdenekoa izango dela, %5-%5,25eraino, eta zenbaitek puntu erdi jaistea ere ez dute baztertzen.
Gaur eginiko hitzaldian, Powellek harrituta utzi du analista bat baino gehiago, aurreko agerraldi neurtuen ostean argi eta garbi mintzatu baita. «Diru politika doitzeko garaia iritsi da. Jarraitu beharreko bidea argi dago, eta tasen murrizketen egutegia eta erritmoa iristen diren datuen, perspektiben eta arriskuen araberakoak izango dira».
Powellek kritika asko jaso ditu azken hilabeteotan. Batzuen ustez, tasen jaitsiera berandu ezarriko du, eta inflazioaren aurkako borrokan ez dio jaramonik egin beste helburu nagusiari: enpleguari. AEBetan langabezia tasa %3,7tik %4,3ra igo da aurten, 2021eko urritik izan duen handiena. Horrek atzeraldi ekonomikoaren mamua piztu du. Fedeko presidenteak lurreratze leunaren tesiari eutsi dio orain arte; hau da, interes tasa altuen bidez inflazioa kontrolatu, atzeraldirik eragin gabe. Eta estrategia horri eutsiko dio. «Gure interes tasa ofizialaren egungo mailak tarte handia ematen digu izan litekeen edozein arriskuri erantzuteko, lan merkatuaren baldintzak gehiago ahultzeko arriskua barne».
Powellek Fedeko gainerako kideen oniritzia du erabakia hartzeko. Asteazkenean argitaratu zituzten azken bilerako aktak, eta horiek erakusten dutenez, erakundeko kideak prest daude diruaren prezioa berehala jaisteko, eta uztailerako horretarako prest zeuden haietako batzuk.
Europan, adi
Ekonomian, inflazioak eta horri aurre egiteko neurriak markatu dituzte pandemiaren ondorengo urteak. Banku zentralek aho batez jokatu dute. 2020an onartu zuten ekonomia diruz ureztatzea ezinbestekoa zela pandemiak eragindako geldialditik ateratzeko. Diagnostiko horretan, baina, huts egin zuten, inflazioaren igoera iragankorra izango zela pentsatu baitzuten. Horrela, 2022an, eta aho batez berriz ere, erabaki zuten interes tasak oso gutxitan ikusitako neurrian igotzea inflazioaren aurka, horrek atzeraldia eragiteko arriskuaz jakitun egon arren. Aurten iritsi dira emaitzak, eta inflazioa %2ra jaisteko helburutik gertu dira, baina zalantza guztiak ez dituzte uxatu oraindik.
Orain arte, modu sinkronizatuan jokatu dute banku zentralek. Baina Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Ingalaterrako Bankuak aurrea hartu diote AEBetakoari, eta interes tasak jaisten hasiak dira. EBZk ekainean egin zuen hori, puntu laurden, %4,25eraino. Urrats txikia izan zen, baina irmoa. Uztaileko bileran berdin mantendu zituen tasak.
Hurrengo bilera irailaren 12an izango du, Fedena baino astebete lehenago. Merkatuek eta analistek espero dute EBZk tasak jaitsiko dituela orduan eta urtea amaitu aurretik beste behin, baina puntu laurden bakarrik. Izan ere, euroguneko hodei beltz batzuk ari dira azaltzen. Inflazioa %2,6 izan zen zen uztailean, ekainean baino hamarren bat gehiago. Behera egiten ari da, eta hurbil du %2ko helburua, baina bide hori oso mantso egiten ari da, eta zenbait ataletan egonkortu egin da EBZk nahi baino gorago. Era berean, soldata igoerak handiak dira oraindik —%5 ingurukoak—, inflaziotik oso gora. Eta euroguneko ekonomia motel dabil: bigarren hiruhilekoan %0,3 hazi zen, aurreko hiruhilekoan bezala. Gainera, herrialdeen artean alde handiak daude; Alemaniak, esaterako, atzera egin du (-%0,1).
Horrek zuhurtziaz jokaraziko die EBZko buruzagiei. Uztailaren 18ko bilerako aktak aste honetan jakinarazi dituzte, eta horixe bera uzten dute agerian. «Zuhurrak izan beharko genuke, eta desinflazioa benetan bideratuta dagoela egiaztatzen duten datu gehiago egon arte itxaron».
Gainera, badago beste faktore bat, eta horrek lotura zuzena du AEBetako Erreserba Federalarekin. EBZk bere tasak Fedek bereak baino askoz ere gehiago jaisten baditu, arriskua dago inbertitzaile askok dirua AEBetara eramateko, interes handiagoa lortze aldera. Horrek euroa ahuldu eta inportazioak handituko lituzke, eta inflazioa berriro piztu.