Diruaren korapiloa

Greziari erreskatearen azken zatia eman aurretik, EBk epeak luzatzeak ekarriko duen kostua lotu nahi du

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batasunari maileguak itzultzen hasteko, denbora gehiago lortzekotan dago Grezia. Baina denborarena baino gehiago, diruaren arazoa dago mahai gainean, eta korapilo hori askatzea gehiago kostatuko zaie EBri, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari.

Euroguneko finantza ministroak Bruselan bilduta zeuden atzo gauean. Hasiera batean, Greziaren erreskatearen azken zatiari baimena eman behar zioten—31.500 milioi euro—, baina erabakia hurrengo baterako uztea espero zen. Diru hori jasotzeko baldintza nagusiak bete zituen joan den astean Greziak: parlamentuak laugarren austeritate plana onartu zuen asteazkenean, eta 2013ko aurrekontuak, berriz, igandean. Baina Greziak baino presa gutxiago dute euroguneko kideek, orain eman beharreko dirua baino gehiago, hurrengo urteotan eman beharrekoa baitute buruan. Troikaren zirriborro baten arabera, Greziak ia 33.000 milioi euro gehiago beharko ditu, 2016 bitartean finantzatzeko. Ordurako bere defizit primarioa konpondu —zorraren ordainketa kontuan hartzen ez duena— eta hazkundearen bidean izango dela espero dute.

Merkelen Lisboako bisita

Finantza ministroak Bruselan bilduta zeudela, Angela Merkel Alemaniako gobernuburua Lisboan zegoen. Merkelen aurkako manifestazioak izan ziren, baina duela hilabete Atenasen harrera egin ziotenak baino baketsuagoak izan ziren. Alemaniako gobernuburuak sostengua adierazi zion Pedro Passos Coelho kontserbadorearen gobernuari, defizita gutxitzeko «neurri ausartak» hartu dituelako. Horiei esker, Portugalek bigarren erreskaterik ez duela beharko ziurtatu du Merkelek. Austeritate dosia gehiegizkoa izan dela diotenen kopurua handituz doa Portugalen, eta kaleko giroa aurka jartzen ari zaio gobernuari. Bihar aurtengo bigarren greba egunera deituta daude herritarrak.

Greba izango da Espainian ere. Hango Ekonomia ministroak, Luis de Guindosek, defizita txikitzeko erritmoa moteltzeko eskatu zuen atzo Europako Legebiltzarrean, «austeritate hutsak problema gehiago» sortzen dizkiolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.