Haizeak alde jotzen du Arrasaten. Mondragon korporazioa hazkunde aurreikuspenetik gertu dabil industria dibisioan, eta 2018. urtea %8 inguruko igoerarekin itxiko du salmentei dagokienez. %16 inguruko hazkundea litzateke bi urtean. Iñigo Uzinek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1960) badaki merkatuen ziurgabetasuna gora doala, baina taldeak pasatu dituenak pasatuta, ez da lemazain beldurtia itsaso zakarretan jarduteko. Udalatx eta Anboto elurturik ikusi ditu bere bulegotik sarri, eta badaki gailurrerako bideak lurmendu egiten direla beti.
Dena den, kooperatiben gihar finantzarioa sendotzeko txostena onartuko du Mondragonek asteazkenean, Donostian egingo duen kongresuan. Iraganeko lezioa ez da alferrik izan, eta 2016an onartutako mandamendu berriei—autoexijentzia eta ardura partekatua— beste bat gehituko diete: irabaziak kooperatibisten artean banatzeko gutxieneko sendotasun finantzarioa. Kooperatibak eta kooperatibistak ratio berrien sokan ariko dira aurrerantzean. Iraunkortasunaren aldarean errentagarritasuna eta osasun finantzarioa gurtzen da Mondragonen.
Zergatik da beharrezkoa halako neurri bat hartzea orain?
Beti izan da beharrezkoa. Enpresak zenbaki egokiak baditu, erresilenteagoa da okerrak datozenean. Adibidez, azken krisia: bankuek ezin izan zioten erantzun enpresen finantzaketa beharrei.
Krisi baten beldur?
Ez, baina krisiak ziklikoak dira, eta beti egon behar dugu prest. Enpresak familiak bezalakoak dira, haiek ere beren ondasunak zaindu behar dituzte.
Zer diote familiek? Mondragon izeneko eraikin batean bizi baitira kooperatibak.
Oso ondo hartzen ari dira. Azken batean, kooperatibistarik gabe ez dago kooperatibarik, baina, era berean, kooperatibarik gabe ez da egongo kooperatibistarik. Hau dena enpresa sendoagoa egiteko da, eta ez gaurko bazkideentzat soilik, etorkizunekoentzat baizik. 2016ko kongresuan finkatu genuen atal finantzarioa sendotu behar zela, eta aurtengo txostena ildo horretan doa. Hau ez da izan zentro korporatibotik atera den kontu bat; hau kooperatibetatik atera da. Asko landu dugu agiria bete beharreko ratioak finkatzeko.
Agian mozkinak jaso dituzten bazkide batzuek ez dituzte jasoko epe batez.
Hemen dikotomia bat dago: norberaren poltsikoa eta epe motza, batetik, eta epe luzeko interesak, bestetik; bai pertsona horienak, bai etorkizunean enpresan egongo direnenak ere. Bakarrik hiru zuzenketa aurkeztu dira; adostasuna oso handia da, benetan.
Deigarria da adostasun hain handia egotea gai horretan, bazkideen patrikaz ari baikara.
Kontua da enpresa batek dirua irabazi behar duela: epe ertain eta luzean ez da kooperatibistarik izango kooperatibak ez badaude. Krisia datorrenean, erortzen hasten dira enpresaren atalak, banan-banan. Ezin bada erosi, soldata egokiak ordaindu, ezin bada inbertsiorik egin... badakigu akaberan zer gertatzen den: itxiera.
Kooperatibismoaren eztabaida betean sartu gara. Enpresa aurretik jartzea dela pentsatuko dute kooperatibista batzuek.
Berriro diot: kooperatibisten onerako da; gure balioekin koherentea da. Mugak ezartzen dira kooperatiba batek ez duenean egoera ona. Egoki baldin badabil, ez dago arazorik emaitzak beti bezala banatzeko.
Operazio estrategikoak egiteko finantza gabezia izan dute hainbat kooperatibak?
Bankuek ez dute ematen dirurik baldintza batzuk ez badira betetzen. Azken urteetan diru asko eta diru merkea egon da merkatuan, baina aurretik begira nola ibili ginen.
Eta Mondragonen tresna finantzarioak?
Gure kooperatibei proiektu estrategikoetan laguntzeko hor dago Mondragon Inversiones, baina muga batzuekin. Horregatik, txostenaren helburua da enpresak independenteagoak izatea inbertsioei aurre egin ahal izateko.
Ezinezkoa da ez gogoratzea Fagor Etxetresnak kooperatibaren porrotarekin...
Gertaera horrek eragina izan du, zalantzarik gabe. Baina logikak agintzen du: enpresa batek ez badu dirua irabazi, urte gutxian gurpil eroan da: I+G ezin du egin, hornitzaileek baldintza gogorragoak jartzen dituzte, ekoizpen sistema eraginkortzeko inbertsiorik ezin du egin... Horrek nora eraman du enpresa? Zulora. Enpresek dirua irabazi behar dute, ezinbestekoa da.
Eta elkartasun kooperatiboa ?
Gure elkartasun tresnak hor daude, baina enpresa bat dirua galdu eta galdu ari bada, eta beste kooperatibei bitartekoak galarazten proiektu estrategikoak egiteko... Dirua irabazi beharra dago, nahitaez. Kooperatiba batek ezin du beti besteen laguntzen zain egon. Ezin da eutsi besterik gabe; zerbait berria egin behar da iraunkortasuna lortzeko; eraldatu egin behar da.
Ematen du eskola honetan ikasle aurreratuak nahi dituzuela bakarrik. Enpresa liderrak edo liderrengandik gertu dabiltzanen kluba nahi duzue?
Hori da helburua. Krisi bat datorrenean, denok sufritzen dugu, baina eskasenek gehiago sufritzen dute, eta batzuk itxi egiten dira. Arrisku eremu horretatik hanka egin behar da. Ez dut esaten tropela atzean utzi behar dela beti, baina tropelaren atzean joatea ez da komeni.
415 milioi euro gehiago saldu zuen industria dibisioak 2017an, %8 gehiago. Nola doa 2018a?
Oso ondo, aurreikuspenetik hurbil. Hazi egingo gara berriro, beste %8 inguru.
2019a beste kontu bat izango da igual, merkatuen egoera asko nahasten ari da eta.
Aurten ere petrolioa igo egin da, dibisek beti ematen dute ezustea, eta planta zabaldu berriek ez dituzte emaitza oso onak ematen, eta guk zabaldu ditugu batzuk. Hala ere, urte positiboa izango da guretzat. Ikusiko dugu 2019a nola datorren.
2.700 enplegu sortu dituzte kooperatiba industrialek 2017an, 7.000 azken bost urteetan, eta horietatik erdiak baino gehiago Euskal Herrian. Zer iruditzen zaizu datua?
Sekulako poza ematen digu enplegua sortzeak. Asko hazi da gure dibisioa azken urteetan.
Ekonomiaren hazkundea moteltzen hasi da. Kezka bada kontuan hartuta inbertsio handiak egin dituzuela Europan, adibidez, Oronak?
Europa zaharrean zahar asko dago, eta igogailu asko beharko dituzte... Baina bai, Europako merkatua oinarrizkoa da, eta kezka beti dago. Gure salmenten %60 Europan egiten ditugu. Brexit-a hor dago, Italiaren egoera ere bai, Espainiarena bezala. Dirua oso beldurtia dela badakigu. Baina AEBetan ekonomia ondo doa, eta, munduko ekonomia ondo joateko, aurrena hark joan behar du ondo. Krisiaren beldur izateko motibo handirik ez dute erakusten zenbakiek, baina zer dator? Inork ez daki seguru.
Iranen aurkako AEBen zigorrak ere nozitu dituzue, ezta?
Bai. Itxaropen handia genuen merkatu horrekin, eta lantzen ari ginen. Orain dena gelditu da. Ez dugu galera handirik eduki, baina bide bat itxi da.
Brasilen eta Txinan ere arazoak...
Bai, dena dago lotua. Merkatu garrantzitsuak dira guretzat, baina baita Alemania ere. Txinaren moteltzeak Alemaniako enpresa inbertitzaile bati eragiten badio, guri modu bikoitzean eragingo digu, adibidez. Dena dago lotua.
I+Gra bideratu duzue salmenten %3. Nahikoa da?
Arreta handia jartzen zaio ehunekoari, eta garrantzitsua da, baina gakoa da zertara bideratzen den kopuru hori. Eraginkorrak izan behar dugu. Benetako I+G egiten ari gara gu, merkatura begira.
Zorra berregituratzeko negoziazio betean da Eroski. Kezkaturik dago Mondragon bere kooperatiba handienaren egoerarekin?
Eroskik bere konpromiso guztiak bete ditu, eta gehiago. Bere negozioa, Zurekin ereduaz, ondo doa, eta emaitzak hobetzen ari da. Bankuek beren interesak dituzte, eta, negoziazio bat dagoenez, egia ez diren albisteak kaleratzen dira batzuetan. Baina gutxi falta da akordiorako. Ez dago motiborik berregituraketa egin ez dadin.
Fagor Etxetresnen porrota erronka handia izan zenLagun Arorentzat. Haren egungo osasunak islatzen du Mondragonek porrot horri buelta emateko izan duen gaitasuna?
Pentsioen atala, Lagun Aro EPSV, oso ondo dago, eta enpleguaren atala ere bai. Bikain kudeatzen dituzte, zuhurtzia handiz, eta horri esker lortu dugu 1.800 pertsonari baino gehiagori enplegu irteera bat ematea. Ez zen broma erronka hori. Baina izugarria izan da kooperatibek eta bazkideek jendea lanerako hartzeko eta kuota handiagoak pagatzeko egin duten ahalegina. Kanpoan harriturik geratzen dira ikusita nola kudeatu den hori guztia.
Kataluniako CNA taldearen ihesaz zerbait esateko?
Zenbat balio du etxetresna batek? Hemengo kostuekin ekoitzi daiteke eta errentagarri izan? Zaila da, benetan. CNAk garbi hartu zituen Feden lerro onenak, eta begira.
Bi urtetik gora daramazu Mondragonen leman. Gustura?
Nik ez dakit nirekin gustura dauden ala ez, baina ni gustura nago. Talde ona daukat, eta kooperatibak ondo ari dira, oro har.
Bi urte barru amaituko duzu agintaldia. Jarraitzeko asmorik bai?
Denok gustura baldin badaude, jarraituko dut.
Iñigo Uzin. Mondragon taldeko presidentea
«Dirua irabazi behar da: kooperatibarik ez badago, ez da egongo kooperatibistarik»
Finantza osasuna korporazioaren iparrorratz bihurtuko duen txostena onartuko du Mondragonek, asteazkenean, kongresuan. Emaitzak bazkideen artean banatzeko irizpideak aldatu egingo dira, kooperatiben iraunkortasunaren mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu