Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IUk aurreakordioa egin dute DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta berriari buruzko lege egitasmoan. Neurri nagusia da DSBEa eskuratu ahal izateko adina 23 urtetik 18ra igaroko dela, eskatzaileak frogatuz gero gutxienez urtebetez lan bila aritu dela. Horrekin batera, errolda epeak murriztuko dira kolektibo «zaurgarrienen» kasuan, eta zenbatekoetan gehieneko errenta ezingo da izan 803 eurotik beherakoa. Neurriak datorren urtean sartuko dira indarrean.
Maiatzean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak DSBE berriari buruzko lege proiektua, baldintza malguago eta zenbateko handiagoekin. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta ez dute beste talde politikoen babesik egitasmoa aurrera ateratzeko; dena den, akordioa sinatu duten hiru alderdiek adostasun hori zabaltzeko borondatea agertu dute. Eragile batzuentzat, ELA sindikatuarentzat esaterako, atzerapausoa da DSBE berria.
Aldaketak errolda epe eta zenbatekoetan
Indarrean dagoen araudiarekin, 23 urte bete behar dira DSBE hori jaso ahal izateko, nahiz eta salbuespen batzuk egon: adibidez, adingabeak norbere kargu edukitzea, genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima izatea, umezurtza izatea, edo adingabeen zentro batetik atera berria izatea. Kasu horietan, aukera dago 18 urtetik aurrera jasotzeko. Akordioarekin, 18 urte bete dituen edonork eskatu ahal izango du.
Horrez gain, DSBEa jasotzeko, aurretik gutxienez urtebetez lanean aritu izana eskatu da orain arte; alegia, gutxienez urtebeteko kotizazioa izatea Gizarte Segurantzan. Akordioarekin, lan egin izana ez, Lanbiden erregistratuta urtebetez lan bila aritu dela erakutsi beharko du eskatzaileak 18 eta 23 urte artean baditu, eta emantzipatuta bizitzen gutxienez urtebete eraman. Azken baldintza hori ez dute izango 23tik 29 urtera arteko hartzaileek.
DSBEa eskuratu ahal izateko adina jaistearekin batera, erroldatze aldiak ere murriztuko dira babesgabetasun bereziko egoeretan: adibidez, beren kargura adingabeak dituzten familietan, edo desgaitasunen bat dutenetan edo mendekotasuna aitortu zaienetan. Jaurlaritzaren lege egitasmoan 0 eta 3 urte arteko erroldak eskatzen dira. Elkarrekin Podemos-IUrekin eginiko akordioarekin, errolda eperik eskatzen ez zaienen taldea zabaldu egingo da ere, hala nola errefuxiatuentzat, indarkeria matxistaren biktimentzat eta sexu esplotazioaren biktimentzat.
Zenbatekoei dagokienez, gehieneko errenta pobrezia arriskuaren tasa baino txikiagoa ez izatea bermatuko da, hau da, Espainia osoari dagokion batez besteko errenta baliokidearen %60 baino txikiagoa ez izatea. Hala, 2024. urtetik aurrera kopuru hori ez da unean uneko gobernuaren erabakiaren menpe egongo.
Hori kontuan harturik, gehieneko errenta ezingo da izan 803 eurotik beherakoa hurrengo urtean. Alegia, bere diru sarrerak DSBEarekin osatzen dituen pertsona batek —bere kargu haurrik ez duenak— bermatua izango luke bere sarrerak diru kopuru horretara iristea. Aurten, unitate familiar bakarrarentzat bermatutako gehienekoa 727,41 euro da. Bermatutako diru sarrera horietara iristeko, DSBEaren gutxienekoa 491,63 eurokoa da, eta horri gehitu ahal zaizkio beste osagarri eta diru sarrera batzuk.
Era berean, DSBEa kautelaz eteteko neurriak jasotzen ditu akordioak, onuradunei kalte konponezinak eragin diezazkieketen etenaldi automatikoak saihesteko.
Ikuskaritzari dagokionez, berme mekanismo bat aurreikusten du, ikuskatzaileek eta poliziek onuradunen etxebizitzara sartzeko ahalmenak mugatzeko —horretarako aukera ematen zien lege egitasmoak— .
Lanbideren kasuan, enplegu zerbitzu publikoak langile gehiago izateko aukera adostu dute, eta prestakuntza egokia bermatzeko neurriak ere ezarriko dira, barne hartuko dituztenak, besteak beste, berdintasunerako araudia eta planak, eta diskriminazioaren aurkako borroka.