Diru estra irabazi, kezkarik gabe?

Urtea hasi zenetik, indarrean da Vinted, Wallapop, Airbnb eta enparauak erabiltzaileen eragiketen berri ematera behartzen dituen EBko zuzentaraua. Zer eragin ditu?

Emakume bat arropa salerosteko Vinted aplikazioa erabiltzen. BERRIA
Emakume bat arropa salerosteko Vinted aplikazioa erabiltzen. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 24a
05:00
Entzun

Ezagutuko duzue Wallapop bidez autoa saldu duenik; edo armairuan garbiketa egin, eta behar ez dituen arropak Vintedetik saldu dituenik; agian, logela bat Airbnb bidez alokatzen duen lagunen bat ere izango duzue. Baina ordaintzen al dute zergarik eragiketa horiek egiteagatik?

2024. urtea hasi zenetik, dena ez da libre. EB Europako Batasunak onartutako DAC 7 direktiba indarrean da, eta plataformen bidez urtean 30 salerosketa egiten edo 2.000 euro baino gehiago jasotzen dituztenek kontu eman behar diote ogasunari. Agian ez dute zergarik ordaindu beharko, baina kontrolatuak izango dituzte. Helburua da salmenta asko egiten dituzten pertsonen jarduera ekonomikoaren berri izatea; funtsean, informazioa biltzea eta dagozkien zergak ordaintzen dituztela ziurtatzea.

Ondasunak saltzen edo autoa alokatzen ari dena zu bazara eta oraindik ezer egin ez baduzu, lasai. Irune Iarza Gipuzkoako Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, ez duzu ezer egin behar. Plataformen ardura da mugak gainditzen dituzten erabiltzeen berri ematea. Dagokien ogasunean txosten bat aurkeztu beharko dute, zenbait kontu jakinarazteko: erabiltzailearen bankuko datuak, hiruhileko bakoitzean eskuratu duen zenbatekoa, egin dituen eragiketen kopurua...

«Betebehar berri bakarra informazioa ematea da; balioko du Europako Batasunean plataformak kontrolatzeko».

IRUNE IARZAGipuzkoako Ogasuneko zuzendaria

Izatez, objektu pertsonalen salerosketek ez dute zergarik ordaintzen. Salbuespena bat da: gauzak erositako prezioen gainetik saltzea. Hori ez da aldatu; Iarzak adierazi duen moduan, «orain jarritako betebehar berri bakarra informazioa ematearena da». Jarduera ekonomikoak dituzten enpresen eta pertsona juridikoen kasuan, gehitu du plataformetatik eskuratutako irabazien gainekoak bestelako zergekin batera ordainduko direla.

Norbanakoak hartu-emanetan jartzeko aplikazioak denetarikoak izan daitezke. Wallapopek eta Milanunciosek edozein motatako ondasunak salerosteko balio dute (altzariak, autoak, jostailuak...); Vinted bigarren eskuko arropentzako da; Airbnb, etxebizitzak epe motzerako alokatzeko; Getaround, ibilgailu partikularrak alokatzeko. Beste ehunka plataformari eragingo die EBko direktibak. Kuriositate modura: tartean da Only Fans, nagusiki eduki sexuala zabaltzeko erabiltzen den harpidetza zerbitzu ezaguna.

Mezu lasaigarriak

Denek zerga berak ordaintzen dituzte? Gipuzkoako Ogasuneko zuzendariaren erantzuna argia da: «Ez, etekin bakoitzak bere zergak ditu, kontzeptuaren arabera». Eta Euskal Herri osoan berdin aplikatuko da? «Bai, Europatik datorren zuzentaraua da. Beraz, eragina berbera edo antzekoa izango da herrialde guztietan», argitu du.

Iarzak ontzat jo du arau berria, transakzio mota horiei buruzko informazio gehiago emango dielako, eta zerga bilketarako lagungarri izango zaielako. Dena den, azpimarratu du zergei dagokienez ez duela ezer aldatu.

Onartu zenean, plataformek mezu lasaigarriak helarazi zizkieten erabiltzaileei. Vintedek bidalitakoak, esaterako, horrela zioen: «Ziurrenik entzungo zenituen zurrumurru batzuk, baina horiek gezurtatzeko gaude hemen: orokorrean, Vinted bidez saltzen diren objektu pertsonalek ez dute zergarik ordaindu behar». Nabarmentzen zuen arropak erositako prezioaren azpitik salduz gero ez dagoela arazorik. «Beraz, ez egin zalantzarik, jarraitu kezkarik gabe diru estra irabazten», zioen mezuak.

Izugarri hedatu dira ondasunak salerosteko edo epe motzerako alokatzeko plataformak. Vintedek 75 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu, eta hogei milioi inguru Wallapopek —Europa hegoaldean soilik jarduten du—. Airbnb-n bost milioi higiezin baino gehiago daude alokagai. Etengabe hazten ari dira, eta, oraingoz, ez dirudi zergak horretarako oztopo izango direnik.

Kamerarik ez airbnb-ko etxebizitzetan

Airbnb bidez aloka daitezkeen apartamentuetan ez da kamerarik egongo apirilaren 30etik aurrera. Plataformak azaldu du helburuak direla segurtasun kameren inguruan dituen politikak sinpletzea eta erabiltzaileen pribatutasuna ziurtatzea. 

Airbnb-k neurria hartu du alokagai dauden zenbait etxetan grabatutako bideo batzuk biral egin eta gero. Gertakari horren ondorioz, askok kritikatu dute plataforma. 

Orain arte, maizterrek korridoreetan eta egongeletan jar zitzaketen kamerak, betiere argi adierazita baldin bazeuden. Aurrerantzean, sarreretan soilik jarri ahalko dituzte. Plataformaren arabera, erabiltzaile gehienek jada kenduak zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.