Dexia hirugarren aldiz salbatu dute Belgikak eta Frantziak

Beste 5.500 milioi euro sartuko dituzte bankuaren kapitalean, modu ordenatuan likidatzen jarraitzeko

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Espainia edo Grezia ez dira beren bankuak salbatu behar dituzten Europako Batasuneko kide bakarrak. Frantziako eta Belgikako gobernuek iragarri dute beste 5.500 milioi euro handituko dutela Dexiaren kapitala. Diru hori gabe bankuak porrot egingo lukeela uste dute. Laguntzen duten hirugarren aldia da.

1996an sortu zen Dexia, Belgikako Credit Communal eta Frantziako Credit Local batu zirenean. Udalen eta tokiko erakundeen finantzaketa laguntzeko erakundeak ziren sorreran, baina beste arlo arriskutsuagoetara ere hedatu ziren. AEBetako sub-prime maileguen hondamendiak zuzen-zuzenean jo zuen Dexia, AEBetako FSA adarraren mailegu toxikoengatik. Frantziak, Belgikak eta Luxenburgok porrotetik salbatu zuten 2008ko urrian, 6.400 milioiko kapitalarekin eta bere maileguen 150.000 milioi euro arteko bermearekin.

Iaz, bankua era ordenatuan likidatzeko prozesua hasi zuten, eta abenduan berme gehiago eman behar izan zizkioten Frantziak eta Belgikak. Berme horiek 500 milioi euroko kostua dute urtero Dexiarentzat, eta bere adar onak prezio merkean saldu behar dituela gehituz gero, galera handiak pilatzen ari da: 11.600 milioi iaz eta jada 2.400 milioi aurten.

Dexiari emandako laguntzek eragina izango dute Frantziaren eta Belgikaren defizitean ere. Frantziak 2.585 milioi euro sartu ditu Dexian (%47), eta horrek 0,1 puntu gehituko dizkio bere defizit publikoari. Parisek nahiko arazo baditu bere kontuak txikitzeko: aurten %5,2tik %4,5ra jaisteko konpromisoa bete ahal izango duela iragarri du Europako Batzordeak, baina ez du uste datorren urtean %3tik behera geratuko denik—%3,5 aurreikusi dio 2013 eta 2014rako—.

Dexia berriro salbatzeak faktura handiagoa ekarriko dio Belgikari, jarriko dituen 2.900 milioi euroak haren BPGaren %1 delako. Herenegun kaleratutako txostenean, EBk iragarri zuen Belgikak %3ko defizita izango duela aurten eta %3,4 datorren urtean.

Bermeetan ere egongo dira aldaketak: gehienez, 85.000 milioieuro bermatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.