Errenta unibertsala. Elkarrizketa. Ander Rodriguez. Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu ohia

«Desoreka sozialak errotik aldatuko lituzke oinarrizko errentak»

Errentak, enpleguak eta denbora banatzeko «erreminta eraginkor» gisa ikusten du Rodriguezek oinarrizko errenta unibertsala. Nahi izanez gero adingabeentzako errenta egun batetik bestera ezar daitekeela azaldu du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihan Vitoria.
Donostia
2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Ondasunak eta enplegua aintzat hartu gabe, «gizaki izate hutsagatik», herritar orok oinarrizko errenta baldintzarik gabe jaso beharko lukeela uste du Ander Rodriguezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1982), Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politikako diputatu ohiak (2011-2015). Alternatibako eta EH Bilduko kideak gogorarazi du Gipuzkoan erabat bideragarria dela.

Desiragarritzat soilik ez, bideragarritzat ere baduzu oinarrizko errenta unibertsala. Zergatik?

Eztabaida bereizi beharko litzatekeela iruditzen zait: alde batetik, bideragarritasun teknikoari buruzkoa debatea dago; eta bestetik, desiragarritasunaren ingurukoa. Zergatik bideragarria? Ekonomikoki horrela frogatu delako ezarri den tokietan. Eta zergatik desiragarria? Arrazoi ugarirengatik. Oinarrizko errenta, oro har, tresna eraginkorra da pobreziaren aurkako borrokan, baldintzapeko laguntzekin konparatuta pobreziari aurrea hartzeko gai baita. Diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen hasi ahal izateko, lehenik eta behin pobrea izan behar zara denbora batez eta, horrez gainera, pobrea zarela ere frogatu behar duzu. Oinarrizko errenta unibertsala, aldiz, pobrezia egoerara ailegatu baino lehen eskuratzen duzu, inolako baldintzarik gabe. Abantailak ageri-agerikoak dira.

Diru sarrerak bermatzeko errentarekin nahasten da sarri askotan, eta badirudi bat edo bestea aukeratzea dela bide bakarra.

Bai, arrazoi historiko bat dauka horrek: garai batean diru sarrerak bermatzeko errentari oinarrizko errenta deitu zion Eusko Jaurlaritzak, herri ekinbide legegile bati bide eman ostean, eduki aldetik zerikusirik ez bazuen ere. Nahasketa eragiten du horrek, eta eztabaida bi errenten arteko lehia gisara planteatzeak ere traba franko jartzen dizkio proposamenari. Oinarrizko errentak esklusiboki pobreziarekin amaituko balu, erabat justifikatua egongo litzateke haren ezarpena, baina harago doa: hori baino askoz gehiago da.

Zehazki zein da errenta unibertsalaren jatorria? Eta helmuga?

Gizakion askatasuna bermatzeko teoriarekin lotuta dago: pertsona bat ez da aske askatasuna gauzatzeko oinarri materialak ez baldin baditu. Bizirik irauteko beste pertsonen mende egotera derrigortuta dagoena ez da librea, baldintzatuta bizi baita. Eta herritarron erabateko askatasuna bermatzeko oinarri materialak ziurtatu behar dira. Hain justu, hor kokatzen da oinarrizko errenta: unibertsala, independentea eta baldintzarik gabea, boto eta osasun eskubideen parekoa kasik. Oinarrizko beharrak betetzeko diru kopuru bat ziurtatuko luke hilero, aitortu gabe. Pertsona libreak eraikiko lituzke, eta emakumeei, bereziki, gaur egun baino autonomia ekonomiko handiagoa emango lieke ahalduntzeko. Gabezia nabarmenak daude oraino kontu horietan.

Eta nola finantzatuko litzateke?

Gipuzkoako Foru Aldundian simulazio bat egin genuen Kataluniako hainbat aditurekin batera, eta ondorioztatu genuen baietz: oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabekoa aplika zitekeela lurralde osoan. 2011ko 450.000 errenta aitorpen oinarri hartuta, bizi maila hobetuko litzatekeela eta biztanleen %75ei mesede egingo liekeela frogatu genuen. Proposamena bezain inportantea da finantzaketa.

Baina nondik aterako zen dirua?

Bada txeke zuri gisa ulertzen duenik, baina oinarrizko errenta ezkerraldetik defendatzen dugun gehientsuenok uste dugu zerbitzu publikoetatik zentimorik atera gabe finantzatu beharko litzatekeela. Diru sarrera guztiei eutsi, aurrezkiak sortzen hasi eta PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga errotik erreformatuko genuke, hobari eta kuota murrizketei tokia eginda. Errenta jakin batzuetako zenbait puntu ere igotzea komeniko litzateke, kasu batzuetan tasa bakarra jartzeraino.

Eta zer gertatuko litzakete osasun eta hezkuntza zerbitzuekin?

Ezta ukitu ere! Gizarte zerbitzuak ere ez. Sozietateen gaineko zerga, BEZa edo ingurumen zergak egokitzea proposatzen dute hainbat adituk, eta argi geratu da bideragarria dela: adingabeen oinarrizko errenta, esate baterako, posible litzateke berehala aplikatzea.

Adingabeentzakoa bakarrik?

Nik irmo sinesten dut oinarrizko errenta unibertsalean, baina uler dezaket herritar batzuei bertigo apur bat ematea berehalako ezarpenak. Hurrenez hurrengo pausoak eman beharko lirateke: adingabeen errenta oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko lehenbiziko urrats bezala ulertu behar da. Prekaritatearen eta pobreziaren argazkiek argi eta garbi islatzen dute joera hori: 65 urtetik gorako pertsonetatik hasi, eta gazteenak kolpatzen ditu. Horrexegatik, presazkoa da haur pobrezia gutxitzeko eta larrialdi egoera hori iraultzeko neurriak hartzea lehenbailehen. Pausoz pauso aplikatzearen aldekoa naiz, baina, nahi izatekotan, egun batetik bestera ezar liteke. Horretarako, hori bai, gehiengoak bilatu behar dira. Familia gazteei lagunduko lieke, batik bat.

Laguntzak eta pentsioak ordezkatuko lituzke errenta berriak?

Diru sarrerak bermatzeko errenta, adibidez, bai. Pentsio, beka eta bestelakoen osagarri izango litzateke, eta diferentziak jasoko lituzkete onuradunek, betiere kopuru handiagokoak baldin badira.

Ez litzateke erosotasuna gailenduko eta kotizazioa apalduko?

Ezagutzen al duzu diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko lana utzi duen pertsonarik? Nik, ez. Oinarrizko errentaren aurkakoek maiz darabilte argudio hori, baina ez da egia: ikerketa frankok bistaratu dute onuradunek ez luketela enplegua utziko, eta uztekotan ere, beste lan duinago bat topatzeko edo tarte batez formazioa jasotzeko izango litzatekeela. Bide batez, orobat, langileak ahalduntzeko balioko luke, enplegua eta bateragarritasuna sustatzen baititu: lanaldi murrizketak areagotu, orduak liberatu, eta kontziliazioa errazten du. Aurretiazko erresistentzia kutxa moduko bat da: koltxoi bat. Oinarri materialak ziurtatuta, nola onetsiko dugu eskaintzen diguten lehen lanpostua baldintzei erreparatu barik?

Nolatan ez ditu aldeko gehiago?

Arazo bat dugu gizarte gisa. Enplegu osoa utopia bat da, eta porrotak ez dira soilik bozetan gertatzen, ideologikoki ere gertatzen dira. Enpleguaren gizartea gara, ustez duintasunarena, baina sistemak merkantilizatutakoa bakarrik kontsideratzen du enplegu, eta errotua dugu ideia horixe: borondatezko lanak eta zaintza lanak, kasurako, ez dira enplegutzat jotzen. Ideia okerrak nagusitzea eragiten du horrek, baina lan egitea zabalagoa da. Gizartea ez du soilik jarduera produktiboak sostengatzen: zaintza lanik ezean, hondoratu egingo litzateke gizartea; ekoizteari lagako bagenio, ordea, ez litzateke kolapsatuko.

Mundu finitu batean ekonomia infinituki haztea ezinezkoa ei da.

Errenta, enplegua eta denbora injustuki banatuta daude, eta oinarrizko errentak hiru oinarri horiek birbanatzeko gaitasuna du. Paradoxikoa da: langileek ez dute aisialdirako astirik, eta langabeek denbora bai, baina diru askirik ez.

Desorekak hautsiko al lituzke?

Aldatu, behintzat, bai. Errotik. Ez luke eredu kapitalista gaindituko, baina, oinarrizko errentari esker, beste kapitalismo bat ezagutuko genuke: justuagoa, ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.