Eusko Legebiltzarrak aldatu egin du enpresa pribatuak diruz laguntzeko modua ematen duen legea, deslokalizazioak zigortzeko. Hemendik aurrera, bere jarduna deslokalizatzen duen enpresak jasotako diru laguntza publiko guztiak itzuli beharko ditu. Are gehiago, diru laguntza eman zion sailak kasua oso larria dela iritzi badio, isun bat jarri ahal izango dio: jasotako halako hiru ordaindu beharko dute. EH Bilduk bultzaturiko aldaketa da, eta EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemos-IUren babesa jaso du Eusko Legebiltzarrean, gaur.
Enpresen finantzaketa publikoen «izpiritua» haien sustraitzea sustatzea dela dio laguntza publikoen legeak, eta, errentagarritasun handiago baten bila jarduna atzerrira eramateak izpiritu hori urratzen duenez, Eusko Legebiltzarreko gehien-gehienek uste dute erabaki hori zigortu beharra dagoela. Hura zigortzeko bidea diru laguntzen legean aurkitu dute alderdiek, eta hemendik aurrera baldintza berriak izango dituzte.
EH Bilduk proposatu zuen aldaketa eta EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute. PPk, aldiz, aurka bozkatu du legebiltzarrean.
Baina zer da deslokalizazioa? Lege berriak bi aldagai aipatzen ditu zer den azaltzeko. «Enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen jarduera uztea edo nabarmen murriztea» da, eta aldi berean jarduera bera duen beste enpresa bat irekitzea EAEtik kanpo. Deslokalizaziotzat joko da enpresa berria bestea itxi baino hiru urte lehenago edo geroago jarri bada martxan.
Era berean, jarduerari uzten zaiola ulertuko da «bai entitatea desegiten denean, bai, desegin ez arren, entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan mantentzen dituen ekoizpen-instalazio guztiak edo batzuk ixten direnean». Eta jarduna nabarmen murriztutzat joko da langile kopurua «murrizketa egin aurretik zuen kopuruaren erdira baino gutxiagora jaisten bada».
Isun motak
Jasotako diru laguntzak itzultzea. Kasuaren larritasunaren arabera, isun bat jarri ahal izango zaio enpresari: jasotakoa halako hiru ere izan daiteke.
Kontratu publikoak jasotzeko debekua. Kasuaren larritasunaren arabera, bost urtera arteko debekua izan daiteke.
Diru laguntza berriak jasotzeko debekua. Kasuaren larritasunaren arabera, bost urtera arteko debekua izan daiteke.
Deslokalizazioa den ala ez, laguntza eman zuen sailak zehaztuko du, baina Kontuen Epaitegiak ofizioz jokatzeko ahalmena ere izango du. Isunak hiru motatakoak izan daitezke: diru laguntzen itzultzea, jasotakoa halako hiru ere izan daitekeena; kontratu publikoak jasotzeko debekua, bost urtera artekoa ere izan daitekeena; eta, azkenik, diru laguntza publiko gehiago eskatzeko debekua, hura ere bost urtera artekoa izan daitekeena.