Dena prest dago AT sistema martxan jartzeko N-1 errepidean, eta Aintzane Oiarbide (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) buru-belarri dabil azken doikuntzekin arkuaren sistema eraginkorra izan dadin. Kamioilariak aurrez aurre ditu Bide Azpiegitura diputatuak, baina, «atzera bueltarik ez» dagoela dio, eta sektoreak ere badakiela hori.
Tokiko kamioilariek pagatuko dute gehien bidesari sistema berriarekin, atzerriko matrikuladunak gehiago diren arren. Bidezkoa al da hori?
Europak argi dio ezin dela inolako bazterketarik egin, eta hortik aurrera sistema egituratzeko moduan baino ezin dugu arindu aldagai hori; horregatik daude hiru arku, eta ez bi bakarrik, Irunen eta Etzegaraten. Bide erdian beste arku bat jarri dugu, Andoainen, tokikoek ordaindu bai, baina bere mailan ordain dezaten, askoz apalago. Orekari eusteko egin dugu, tokikoei bertakoei ez egiteko kalte gehiago, nahiz eta kanpotarrak baino gehiagotan pasatuko diren arkupetik.
Ez al dute nahikoa pagatzen hidrokarburoen zergarekin? Trailer baten biltegia 1.000 litro hartzeko gai da.
Kontakizun bat badute kamioilariek erregaiaren inguruan: zergetan, Gipuzkoan, 300 milioi euro uzten dituztela diote. Baina ez da hain erraza. Zerga berezi bat da hidrokarburoarena: 400 milioi euro jasoz gero, ehun milioi Madrilera doaz; 300etik %70 Jaurlaritzara doaz; %16 diputazioen kutxa komunera; eta beste %12 udaletara; geratzen dena beste kontzeptu batzuetara doa. Azkenean, 400 milioi horietatik 50 baino ez datoz bueltan Gipuzkoara, eta gure sailera bost baino ez. Bada, errepideen mantentzea egiteak 162 milioi euroko kostua du urtero. Uste dut dena esanda dagoela horrekin.
Baina errepideari ez diote kamioilariek bakarrik kalte egiten, ezta?
Ez, noski; baina kamioiek eragiten dute kalte handiena; pisua da oinarrizko aldagaia lurzorua hondatzeko. Gainera, istripuak gertatzean, askoz ere konplexuagoa da garabien lana, eta trafikoa normalizatzeko denbora tarteak luzeagoak dira. Elurra dagoenean bata besteari aurreratzea debekatua dute, baina, hala ere, badira horretan hasten direnak eta, gero, aurreko eguneko istripuak eta zirkulazio eteteak datoz. Asko dira zintzo ibiltzen direnak, baina ez denak.
Sektoreak pairatzen dituen enpresa postontziek eta kooperatiba faltsuek gidariei jartzen dizkieten lan baldintza negargarriak ez ote daude jarrera txar horien atzean?
Guk ez daukagu horren inguruko azterketarik, eta ez da gure eskuduntza jakitea ere, baina badakit kezka dagoela, garraiolariekin sarritan hitz egiten dugulako. Baina ezin dut hitz egin daturik gabe.
AT sistema kamioiak AP-8ra desbideratzeko xedea ere hor dago. Eibartik Zarautzerako zirkulazioa ez al da nahikoa jada?
Oraindik badugu gaitasuna zirkulazio gehiago hartzeko, eta hiru errailetako proiektuak ere aurreikusten ari gara. Baina bi ardatzen oreka nahi dugu, ez denak autobidera joatea. N-1 merkeagoa izango da, baina hura ere pagatu beharko dute; horrek orekatuko ditu ardatzak, hasteko kamioi handientzat askoz ere egokiagoa delako autobidea N-1a baino.
Erabat baztertuta dago N-1eko bidesaria ibilgailu denentzat jartzea?
Bai. Hemendik hamar urtera ezin esan zer gertatuko den, baina epe laburrera eta ertainera, bai.
Eta Deskargan, zer?
Jarri dugu jada arkua, eta, bukatzen denean, ibilgailu guztiek pagatuko dugu. Hura errepide berria da, eta beti esan dugu ordainpekoa izango zela. Abiatu sistemaren barruan sartuko da; beraz, ez da ezer berezirik egin beharko hura pagatzeko, eta Abiaturen deskontuaren barruan sartuko da, noski. Hilean, gehienez 29 euro pagatzen dituenak orain, berdin pagatuko du.
Zenbatekoa izango da bidesaria?
Ez dakigu oraindik.
N-1aren tankerakoa?
Ez dut uste: N-1 errepide zaharra da, hobekuntzak behar dituena, baina Deskarga autobide berri bat da, eta desberdina da. Ez da asko izango; dagokiona.
N-1etik, Beasaindik, Zumarragara joatea doakoa da orain. Nola eragingo dio Deskargako bidesariak tarte horri?
Ikusteko dago, ez baitugu erabaki Deskargako arkuak zenbat kilometro hartuko dituen kontuan. Zenbateko tartea jotzen den zati berri erabakitzeko dago, alegia.
Deskarga autonomo faltsuekin egiten ari direla dio ELAk. Zer diozu zuk?
Deskargako adjudikazioak jasotzen duen oro betetzen ari da; ez dugu obra ikuskatzeko eskumenik, Jaurlaritzarena baita; baina gure ustez, obra ondo doa. ELAk berak esan izan digu txukun zegoela, baina orain beste gauza bat esatea tokatu zaie, nonbait. Guri ELA ez zaigu frogekin etorri, eta hemen ez dago ezer frogatuta. Balitz eta balegoz ari dira. Non dago salaketa? Prentsan bakarrik.
Aintzane Oiarbide. Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua
«Deskargan jarri dugu arkua jada, eta denok pagatuko dugu han»
Oiarbidek dio kamioiek eragiten diotela errepideari kalte handiena, eta haiek bidesaria ordaintzea egokia dela. ELAk Deskargari buruz egindako salaketa baztertu du, bestalde: «ez dago frogaturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu