Desberdintasun sozialaren inguruan asko hausnartu du Massimo Cermelli (Italia, 1979) ekonomialariak, eta bere harri koskorra ekarri du Forokoopek kooperatibismoaren inguruan Bilbon antolatu duen jardunaldira. Cermelliren gogoetak bat egin du foroan askotan errepikatu den ideiarekin. «Lankidetzan aritu behar da, bai enpresa mailan, bai langile mailan eta bai herrialde mailan».
Krisi garaian asko ari da hitz egiten desberdintasunaz. Hala ere,ez al da betidanik existitu?
Lau europarretik bat pobre eta baztertzeko arriskuan bizi da. Eta datu horiek ez dira berriak; urteak daramatzagu zama horrekin arrastaka. Orain hamar edo hamabost urteko kontua da, nahiz eta desberdintasuna beti egon den. Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, desberdintasun hori jaitsi egin zen, hemen erdiko klasea haziz joan zelako, baina azken krisi ekonomiko eta sozialak gauza bat erakutsi digu: desberdintasunaren arrakala duela hamar edo hamabost urte hasi zen berriz zabaltzen.
Erdiko klasean al dago giltza?
Sortu den arazoa da erdiko klase hori Europan txikituz doala. Borondate politikoak bultzatuta, edo ekonomia garatuetan hazkundea txikiagoa izaten ari delako, desberdintasuna hazi egin da, erdiko klasea akabatzen ari direlako. Euskadin ere, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan biltzen da. Egia da hemen hobeto kudeatzen ari direla gauzak. Hori erakusten du Gini adierazleak [irabazien arteko desberdintasuna neurtzen du, 0 eta 1 artean mugitzen den koefizientearen bidez; 0ak berdintasun osoa erakusten du eta 1ak desberdintasun osoa]. Euskadin 0,27koa da, Espainian 0,35ekoa eta Europako batez bestekoa 0,30ekoa. Halaere, Euskadin 2008an 0,25ekoa zen. Ikusten da krisiak eragin duela.
Zer beste faktorek laguntzen du desberdintasuna desagertzen?
Gustuko dut Txinaren adibidea.Enpresak zenbat eta nazioartekoagoak egin, desberdintasunak desagertuz doaz. Txina nazioarteko merkatura zabalduz joan den neurrian, lansariak haziz joan dira apurka-apurka, nahiz eta hasieran oso baxuak izan. Nazioarteko komertzioan sartuta, kontsumoak gora egin du, eta apurka erdiko klasea sortu da.
Datuek diote Euskal Herrian ere ekonomia hazi egin dela.
Baina jendeak ez du nabaritzen hori. Kalean galdetu bestela. Zergatik? Sortzen ari den enplegua kalitate eskasekoa delako. Langabezia tasa jaits daiteke, baina 0 euro irabazi beharrean langile batek 300 euro irabazten baditu, horrek ez du esan nahi ez dagoela alderik. Lan kualifikatua sortu behar da; minilanen ereduarekin lor daiteke hazkunde tasa polita, baina ez du luzaroan iraungo.
Zein da euskal kooperatiben eginkizuna?
Eredu kooperatiboak, orokorrean, funtzionatzen du. Volkswagenen adibidea datorkit burura,langileen ahalduntze indartsuari esker funtzionatzen duelako. Alde batera utzita azken afera, kudeaketa eredua Euskadiko kooperatiben ereduaren oso antzekoa da. Adibidez, Volkswagenekbi urtez langileen soldatak jaitsi zituen, lehiakorragoak izan eta auto gehiago saltzeko. 2011. urtearen amaieran, kontuak egindakoan, langileei gehigarri bat eman zieten. Hori, halere, bakarrik gerta daiteke langileek enpresaren kudeaketarekiko konpromisoa erakusten dutenean.
Europan, berriz, elkartasun gutxi ikusi da. Euroguneko sistema kolokan jarri dute ahots askok.
Bai. Euroguneko sistema elkarrenganako konfiantzan oinarritzen da. Jar daiteke sistema bera zalantzan? Bai. Baina pentsatu behar da itsasontzi erraldoi bat dela. Hondoratzen denean, lehen klasekoak eta hirugarren klasekoak berdin-berdin hondoratuko dira. Desadostasun horiek amaitzea lortu behar da.
Europaren errezeta austeritatea izan da. Bide egokia izan al da?
Zeharo gaizki kudeatutako politikak eraman dituzte aurrera. Ezin diezaiokezu Espainiari edo Italiari eskatu zorra murriztea, arazoa denean ekonomia ez dela aireratzen. Alemaniak agindutako guztia betetzea porrota izan da. Ameriketako Estatu Batuek egindakoa da eredugarria: saiatu ekonomia zaharberritzen, eta behin krisia pasatuta, orduan hasi eztabaidatzen murrizketak egin ala ez. Italiak, Frantziak, Espainiak... gauza asko onartu dituzte. Merkatua malgutzea lortu dute? Bai. Baina zeren truke? Oinarrian, langileen kaleratzea merkatzea lortu dute. Ez dute lan erreforma sakonik egin. Enpresen eta langileen artean ez luke inolako gatazkarik egon behar. Egia da orain arte langileek eraman dutela zamarik handiena. Enpresek, behin ekonomiak martxa hartuta, langilearenganako ikuspegi hurbilago bat izan beharko lukete.
Zerga politikekin borrokatu al daiteke desberdintasuna?
Politika horiek sustatu egin behar dute epe luzeko kontratuak sinatu daitezen. Kooperatiben arteko lankidetza eta lehia sustatu behar da. Ideia hori da: lankidetzan aritu. Bai enpresa mailan, bai langile mailan eta bai herrialde mailan.
Eta zerga zuzenen bitartez?
Euskadin behinik behin ondo garatuta daudela uste dut. Kontzertu ekonomikoa oso tresna garrantzitsua da. Horri esker, abantailak lor daitezke desber- dintasunari aurre egiteko. Politika asko daude pentsatuta, diru sarrerak bermatzeko errenta, adibidez. Sustatu beharreko erreminta da.
DSBEa tartean dela, zenbait politikarik etorkinen aurkako diskurtsoa zabaldu dute.
Kritikek ez dute ez hanka, ez buru. Iruzurra egiten dutenen ehuneko oso txikia da. Tortillari buelta eman behar zaio. Gizarteak egitura demografiko gaztea behar du, eta etorkinek egitura hori berritu dezakete. Kualifikatuak izan ala ez. Alemaniak hori oso ondo ulertu du. Badaki hasieran kostu bat izan arren, luzera begira lagungarri izango zaiola.
Massimo Cermelli. Deustuko Unibertsitateko Ekonomia irakaslea
«Desberdintasuna hazi egin da, erdiko klasea akabatzen ari direlako»
Borondate politikoari egotzi dio aberastasuna gero eta esku gutxiagotan biltzea, eta eredu kooperatiboa proposatu du lan kualifikatuaren bitartez desberdintasun sozialak gutxitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu