Politika ekonomikoa. Industria politika berria

Desafio handien atarian

Patronalak hazkundea eta garapena bultzatzeko zerga politikak nahi ditu, eta ELAk, berriz, sozietate zergatik bildutako diruekin funtsak osatzea; LABek ere ezinbesteko iritzi die inbertsio handiei.

BERRIA.
Irune Lasa.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Euskal enpresen ordezkariak eta langileen ordezkariak, guztiak daude jabetuta datozen transformazio handiez. Industria politiketan zer behar den gogoeta egin dute BERRIArentzat.

1. Zer iritzi duzue Euskal Herrian egiten den politika industrialaz?
2. Zeintzuk izan behar dira Euskal Herriaren apustu industrialak?
3. Zer industria politika behar da apustu horietarako?

EDUARDO ZUBIAURRE Confebaskeko presidentea

«Kualifikazioarena izango da desafiorik garrantzitsuenetako bat»

1. «Industria politikaren planteamendu estrategikoa zuzena da. RIS3-n jasotako Euskadiko Espezializazio Adimentsurako Ikerketan eta Berrikuntza Estrategiako garapen industrialean oinarrituta dago, eta zerikusia du fabrikazio aurreratuarekin, energiarekin eta bio-zientziekin. Helburua da gure industriak bere lehiakortasunari eustea eta hobetzea, mundua gero eta espezializatuagoa baita. Horrela soilik mantenduko dugu gure ongizatearen funtsezko oinarria den sektorearen indarra. Industria lehiakorrik gabe, gure ongizatea arriskuan legoke».

2. «Batez ere, Europak lehentasunezko gisa hartzen dituenak. Beraz, Euskadiren apustu industrialak jada abian dauden trantsizio digital eta klimatikoari lotuta egin beharko dira, eta transformazio horri loturik datozen inbertsio eta hazkunde aukerez baliatuta. Gainera, oraindik ere oso inportantea da garapen teknologiko eta industrialean apustu egitea, industriaren etorkizuneko hazkundea finkatzeko».

3. «Zalantzarik gabe, presazkoena erronka bikoitz batekin dago lotuta, hots, demografia eta kualifikazioa lotzen dituen erronkarekin. Herri gisa hurrengo hamarkadan aurrean izango dugun desafio garrantzitsuenetariko bat izango da. Ezinbestekoa da politika zehatzak eta espezifikoak diseinatzea; batetik, adin goiztiarretan hezkuntza orientazio bat, abangoardia industrialean eta ekintzailetzan jarriko duena arreta; eta, bestetik, trebakuntza ertain eta goren bat, euskal industriak eskatuko dituen soslaiei erantzuna emango diena. Ez bagara eskari horri erantzuteko gai, gizarte gisa arriskua dugu atzean gelditzeko behin betiko».

«Horrez gain, industriaren hazkundera eta garapenera zuzendutako zerga politika bat ere izan behar da, baita beste politika batzuk ere, kualifikazio etengabera eta teknologikora eta enpresen dimentsiora eta nazioartekotzera bideratuak. Gure industriaren lehiakortasunaren hobekuntzan lagundu dezatela, eta horrekin ziurtatu gure ongizate estatu berezia».

MIKEL NOVAL ELAren ikerketa bulegoko arduraduna

«Industria politikaz hitz egitea fiskalitateaz hitz egitea ere bada»

1. «Euskal erakundeen industria politikak gutxiegi argi bat merezi du, hiru arrazoi nagusirengatik. Batetik, aurreko tesia, hau da, industria politikarik onena existitzen ez dena dela, negargarria bazen, buelta bat eman da; izan ere, euskal erakundeek enpresek hartzen dituzten erabaki guztiak justifikatzen dituzte, modu akritikoan, langileei lan baldintzak okertzeko egiten zaien xantaian rol aktiboa hartuz, Tubacexen orain bezala».

«Bigarrenik, euskal erakundeek jardun dute sektore estrategikoetan funtsezko tresnak gal daitezen. Aurrezki kutxak bankarizatu izanak, Euskaltel eta energia enpresak pribatizatu izanak eta sistema elektrikoa liberalizatu izanak botere publikoak funtsezko tresnarik gabe utzi ditu gaur egun behar diren politikak martxan jartzeko».

«Eta, hirugarrenik, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ez daude krisi ekologikoaren erronkaren mailan. Uko egiten diote ekoizpen sistemaren eraldaketa ekologiko eta soziala bultzatzeari: dieselaren aldeko apustu zorrotza, automobilgintzan bai edo bai emango den aldaketa prestatu gabe; mota guztietako energia fosilen defentsa —frackingetik hasi eta gasarekin sortutako hidrogenoraino—, edo Zaldibarrekin batera eraitsi zen hondakinen politikaren defentsa, egin beharko litzatekeenetik urrun dago».

2. «ELAren ustez, beharrezkoa da industria politika errotik aldatzea. Beharrezkoa da enpresa partikularren interesak defendatzeari utzi, eta herrialdearen diseinua egiten hastea, herritarren eta planetaren beharrak kontuan hartuko dituena. Horretarako, lehenik eta behin, sektore estrategikoen kontrola berreskuratu behar da, kapitalean parte hartze publiko handia lortuz».

«Gainera, ELAk uste du dagoeneko aurre egin behar zaiola herrialdeko eredu ekonomikoari buruzko eztabaidari, zer eta nola ekoizten dugun, ekoizpen ereduaren eraldaketa sozial eta ekologikorako estrategia batean, bidezko trantsizioaren ikuspegitik, eta kalitatezko enplegua bermatzeko helburuarekin».

«Ildo beretik, COVID-19aren pandemiak agerian utzi du, batetik, euskal ekoizpen ereduak gabeziak dituela bizitzari eusteko funtsezkoak diren jarduera ekonomikoei dagokienez, eta, bestetik, ekonomia birkokatu egin behar dela».

3. «Industria eraldaketa horrek bultzada publiko handia eskatzen du. Horretarako, ELAk proposatu du bi funts sortzea Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen barruan, 2.300 eta 600 milioi euroz hornituak hurrenez hurren, eraldaketa ekologikoa hainbat sektoretan bultzatzeko».

«Azkenik, ELAk uste du beharrezkoa dela kontuan hartzea industria politika zentzu zabalean ulertu behar dela. Adibidez, argi dago aipatutako neurriak hartzeko baliabide publiko asko behar direla, eta, beraz, industria politikaz hitz egitea fiskalitateari buruz hitz egitea ere bada. Eta, arlo horretan, funtsezkoa da enpresa etekinei eta aberastasun handiei ezartzen zaizkien zergak handitzea. Sistema ekonomiko eta sozial justua izateko, beharrezkoa da enpresek sozietateen gaineko zergan irabazien %25 gutxienez ordaintzea. Era berean, kapitalak eta ondareek ordaintzen dituzten zergen igoera handia eman behar da. Horretan ere, Nafarroako eta EAEko erakundeen politika behar denaren antipodetan dago».

ZORION ORTIGOSA LABeko Industria federazioko kidea

«Burujabetza industrialaren bidea urratu beharko genuke»

1. «Euskal Herria enpresa bat balitz, industria politika ekoizpen sailak diseinatu beharrean, marketin sailaren ardurapean dagoela esango nuke. Hau da, ez dago inolako estrategiarik, eta enpresa handien aurrean instituzioek duten menpekotasuna izugarria da».

«Datuek diote azken hamar urteotan industriak BPGan duen pisua lau puntu murriztu dela; beldurgarria da. Geure agintariek industriaren bikaintasunari gorazarre egiten dioten bitartean, enpresen teknologia maila, oro har, txikia eta ertaina da, eta gero eta enpresa gehiago kanpoko inbertsio funtsen esku daude, horietako asko diru publikoarekin sortutakoak eta hazitakoak».

«Zeintzuk izan dira instituzioen ekimenez Euskal Herrian azken hogei urteetan sortu diren enpresa traktoreak? Ez dago horrelakorik».

2. «Lehen-lehenik, industriaren aldeko apustua egin behar ote dugun galdetu beharko genioke geure buruari. LABen argi diogu baietz, baina betiere enplegu duina sortzeko balio badu, eta jasangarriak diren jarduerakegingo baditu».

«Aspaldiko proiektuen herentziaz bizi gara; bere garaian sortutako automozio sektorearekiko menpekotasun handia dugu. Eta ikusi nahi ez duenik badago ere, eredu horrek agortze zantzuak ditu».

«LABen osatzen ari garen Programa Sozioekonomikoan hainbat neurri proposatzen ditugu berandu baino lehen hartu beharrekoak; sektore estrategikoetan partaidetza publikoa eta kontrol publikoa proposatzen ditugu deslokalizazioak ekiditeko, eta Trantsiziorako Batzordeak eratzea galdegiten dugu zenbait jarduera industrialen ordezkapena era adostuan diseinatzeko»

«Ekonomia sozialean oinarritutako proiektuek rol garrantzitsua jokatu behar dute industria sarea hedatzen eta errotzen».

«Digitalizazioa eta adimen artifiziala hedatzeak sortuko dueneraldaketak ongizatean eragina izatea da erronka, besteak beste, lanorduak murrizteko eta ez lanpostuak, zaintzaren berrantolamendu eta aitortzan bidea egiteko».

3. «Industria eraldaketa erraldoi baten atarian dagoen honetan —industria 4.0 eta digitalizazioa, Euskal Herrian ez gaude prestatuta aldaketa garai honi aurre egiteko. Mundu osoan estatuek inbertsio handiak eta estrategia keynestarra darabiltzaten bitartean, Euskal Herrian ez dugu estaturik horrelako estrategiarik garatzeko».

«Burujabetza industrialaren bidea urratu beharko genuke, Espainiatik inposatzen zaigun kostuak murrizteko estrategia alboratu, eta inbertsio eta balio erantsiaren sorreran oinarritutako industriaren alde egingo duena, eta Ipar Euskal Herrian behingoz industria estrategia bat finkatuko duena; gazteen lan merkaturatze duina eta karrera profesionalak bermatuko dituena, eta oraindik industrian baztertuak diren emakumeen ekarpena jasoko duena».

«Kostuen murrizketetan oinarritutako estrategiak duen etorkizun bakarra turistez betetako industria basamortuarena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.