Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren erdigune bilakatuko da uda honetan Euskal Herria. Via Campesina erakundeak Derion (Bizkaia) egingo du bere zazpigarren batzarra, uztailaren 16tik 24ra. Mundu osoko170 nekazari elkarteetako 500 ordezkari etorriko dira, baserritarrek beren lana egiteko duten eskubidea eta herritarrek elikagai osasuntsuak jasotzeko dutena aldarrikatzeko.
«Gure herriak elikatuz mugimendua eraikitzen dugu, mundua elikatzeko». Lelo hori aukeratu du Via Campesinak bere VII. batzarrerako. Derioko apaiztegi zaharrean egingo dute aurten, eta bigarren aldia izango da Europan egingo dutena. Lehen batzarra 1993. urtean egin zuten, Mons hirian (Wallonia, Belgika); azkena, 2013an, Jakartan (Indonesia). Hiri horretan du egoitza nekazari altermundialisten batasunak.
EHNE-Bizkaiari egokitu zaio aurten Via Campesinaren batzarra antolaketaren zati handi bat.Batzarkideei ostatua eta jana ematea, garraiatzea eta beste lan logistikoak egitea egokitu zaioBizkaiko baserritarren sindikatuari. Espainiako COAG —horko kide da EHNE— eta Frantziako Confederation Paysanne —horko kidea da ELB— ere Via Campesinako kideak dira.
Atzo Bilbon azaldu zutenez, batzarraren ildoak eta landutako gaiak lantzen aritu da azken egunotan erakundeko nazioarteko koordinaziorako komitea, Durangon.
Emakume baten irudia
Emakume bat izango da aurten VII. Batzarraren kartelaren protagonista, emakume baserritarrek erakutsi duten borrokarako sena nabarmentzeko. Borroka hori nekazaritza sektoreko multinazionalen aurkakoa da, hein batean behintzat. «Populazioari jana eman ahal izateko […] ezinbestekoa da lurra, ura, haziak eta beste ondasun komunak eskuragarri izatea. Ondasun horiek, multinazionalen esku geratzen ari dira mundu osoan, espekulaziorako gai gisa erabiltzen diren merkantzia bihurtu dira», ziurtatu du erakundeak.
Konferentziarako hautatu duen leloaren bidez, gizartea baserritarren borrokan inplikatu nahi du Via Campesinak. Mundua aldatu beharra dagoela uste du erakundeak: «Via Campesinak ez du nahi elikagaien ekoizpena gerra jokalekuetan garatzerik. Ez du nahi aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna gero eta handiagoa den gizarterik ere, nahiz eta, zoritxarrez, egoera horixe den gero eta gehiago zabaltzen ari dena».
Derion egingo du Via Campesinak bere VII. batzarra, uztailean
«Gure herriak elikatuz mugimendua eraikitzen dugu, mundua elikatzeko» leloa hautatu du. Erakundeko 500 ordezkari espero dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu