Gipuzkoako EHNEren VII. Biltzarrean, sektorearen egoera aztertzen eta batasun faltari argibideak ematen saiatu ziren atzo, Tolosan. Zuzendaritza berria izendatu eta idazkari nagusi Garikoitz Nazabal hautatu zuten.
Zein da Gipuzkoako EHNEren osasuna?
Biltzarra amaitu berritan, balorazio ona egiten dut. Jendeak babesa eman dio zuzendaritza berriari. Batzarrera etorri garen kideok adostasuna erakutsi eta iritzia emateko eskubidea praktikara ekarri dugu.
Zein ildori eutsiko diezue etorkizunean?
Erronka latza dago afiliazio sektorea kohesionatzen. Urte askoan oso era interesatuan erabilitako dinamika antzua bukatu behar da esparru guztietan, sektorean eta instituzioetan. Elkar uztartuta etorri behar du sektorean ezinbizi hau sortzen duen egoerari buelta emateko irtenbideak. Planteamenduak mahai gainean jarri behar dira, sektoreak arnasa har dezan eta, batez ere, baserritar orori bizimodu duin bat ematea posible izan dadin. Egoera oso latza da, baina sinesten dugu egoera honetara ekarri gaituzten jarrerak gainditu eta urratsak egin daitezkeela.
Zein erronka finkatu dituzue datozen urteetarako?
Sektore denetan dauden arazo batzuk baditugu. Lehentasunetako bat izango da sektore formatu bat izatea. Gure produktuetatik bizi nahi dugunez, merkaturatzean gardentasuna eta gertutasuna lortu nahi ditugu erosleekin. Salmenta zuzenean aritzen direnek, denda bati saltzen ari diren baserritarrek edo kooperatiba batean salmenta kolektiboak bultzatzen dituztenek; gure erronka da denek funtzionatzea behar bezala. Azken gatazkarekin, gizartearen aurrean antzezten ibili garela irudikatu da, baserritarren defentsan aritu garela irudikatu ordez. Eta irudi hori bukatu behar da.
Egun, zaharkituta dago sektorea. Gazteak nekazaritzan sartzeko, zer egiteko asmoa duzue?
Gazte batek, bizitza hautu hori egiteko, errentagarritasun ekonomikoa behar du. Eguneroko ogia lortzeko bidea baldin bada, jendeak hori aukeratuko du. Ezin da sektore bat erromantizismoz planteatu eta ahaztu denok ditugula beharrizanak eta soldata baten truke lan egiten dugula. Merkaturatze bideak eta egiturak aldatu eta parte hartze instituzionala lortu behar da.
Kontsumo taldeei buruz, bitartekariak gutxitzeaz hitz egin da. Nola landuko duzue arlo hori?
Salmenta bide ezberdinak bilatu behar dira, eta kontsumo taldeak indartu. Sistema horren bidez erosteko aukera duten baserritarrei ere lagundu behar zaie. Guztientzako lekua dago, eta ez dugu sartu behar batzuek besteak kriminalizatzeko pelikula horretan.
Afiliatu talde batek EHNE utziko duela esan du. Horrek nola eragin diezaioke GipuzkoakoEHNEren osasunari?
Autokritika etengabekoa izan da, eta hala izan behar du gerora ere. Baina kideek taldea uztea ez da ona inorentzat; 1.200 kideetatik berrogei inguruk utzi dute.
Sindikatua utziko dutenek diote batzarren deialdia modu irregularrean egin dela. Hori egia da?
Ez, ez da egia. Prozesu osoa azaldu diogu jendeari. Eta norbait kexu bada, edozeinek dauzka kezkak bideratzeko zilegitasun osoko bideak.
Baserritarren arteko batasun faltak nola eragiten dio sektoreari?
Pertsona batzuek darabilten diskurtsoarekin, batasuna nekez lantzen da. Kontrara, jarrera eraikitzaile batekin esertzen bagara, elkarren arteko ezberdintasunak oso azalekoak direla ikusiko dugu. Gaur askotariko kideak bildu dira: esne, haragi, baso sektorea... Denetik egon da. Beraz, inork ezin du esan eredu talka dagoenik. EHNEk bere oinarriari eutsiko dio, eta hori baserritarren defentsa da.
Garikoitz Nazabal. Gipuzkoako EHNEko idazkari nagusia
«Denentzat dago lekua; ez gara hasiko besteak kriminalizatzen»
Gipuzkoako EHNEren VII. Biltzarra egin dute, eta kideek zuzendaritza berria aukeratu dute, «sindikatu barruko gatazkak amaitzeko». Sektorea «indartzeko» helburua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu