Alki kooperatibako zuzendari nagusia

Eñaut Jolimon: «Denek ez dugu Alki marka erosten ahal, baina erosketa hautuak ere badira»

Larresorora lekuz aldatu da Alki kooperatiba, eta handitzeko xedea badu heldu diren urteetan: ekoizpena hirukoiztu nahi lukete, eta langile gehiago hartu ere bai.

Alki kooperatibako zuzendari nagusia da Eñaut Jolimon 2017az gero. GUILLAUME FAUVEAU
Alki kooperatibako zuzendari nagusia da Eñaut Jolimon 2017az gero. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
LARRESORO
2024ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Gaur goizean ireki dizkiote Alki kooperatibako Larresoroko (Lapurdi) egoitza berriaren bortak publikoari. Kadira eta mahaiak sortzen ditu Alkik, 1981tik geroz. Urteak aitzina, Itsasun (Lapurdi) zuten berezko egoitza ttipiegia gelditu zitzaien; orduan, lekuz aldatzeko ideia hazten hasi zen. Abuztu hondarrean heldu ziren Larresorora langileak, bi urte eta erdiko eraikuntza obretatik landa.

4.000 metro koadroetatik 9.000 metrora iragan dira, espazio berriak asmaturik horien egoitzarako. Epe luzean, ekoizpena hirukoizteko helburua dute, eta, garapen horrekin batean, langile gehiagoren hartzeko xedea ere. Eñaut Jolimon Alki kooperatibako zuzendari nagusia (Azkaine, Lapurdi, 1988) heldu diren erronkez mintzatu zaio BERRIAri.

Aldaketa eta helburu handiak dira. Zer gogorekin zarete?

Kasik hamar urte aipatzen dugula proiektu hori. Denak ilusio handiarekin sartu gara hona.

Konkretuki, zer baldintzatzen du etapa berri honek?

Lekua handitzen da eta, beraz, gehienbat, lan baldintzak hobetzen dira. Ateleria zaharrari begira, denak ziren hobetzeko arloak: argia, berotasuna, isolazioa, errautsen tratamendua... anitz hobetu ditugu.

Horrez gain, badira ekartzen ditugun funtzio berriak. Erakustokiak, lehenik, delako showroom horrek, profesionalak hurbilagotik akonpainatzeko balioko digu, produktuak erakusteko, baita materioteka bat proposatzeko ere. Bestalde, partikularrak errezibitzen ahalko ditugu, deskubri ditzaten gure lan egiteko manera, gure izpiritua eta, bistan dena, gure produktuak.

Berrikuntza handia da esperientzia bat eskaintzea jendeari; barnea eskaintzea. Estreinaldiarekin horretan hasi gara, nolazpait: lehenik, kooperatzaileen eta Alki ekosistemakoen arteko estreinaldia egin genuen, gure familiekin; bigarrenik, estreinaldi instituzionalagoa, kazetari, administrazio eta gunearen erakitzaileekin; azkenik, gure lan munduari dedikatu diogu estreinaldi bat, arkitektoekin, diseinatzaileekin, bezeroekin...

Beste funtzio bat bigarren eskuko produktuen salmenta gunea da. Produktuen bizia ahal bezainbat luzearazteko; azken espazioa dendatxoa da, honen anbizioa delarik Euskal Herriko punta guztietako hainbat jakintza goraipatzea, gure unibertsoari begira osagarriak diren objektuekin. 

Langile gehiagoren beharra dakar.

Ekarriko du. Aldaketa estrukturalak ez digu enplegua sortzen zuzenean, aktibitateak du hori gidatuko. Gaitasunean gara, baina salmenten arabera emendatuko dugu lankide kopurua. Hemen, epe luzean, 80 pertsona arte izaten ahal garela proiektatu dugu; gaur egun, 47 gara.

Eta kopuru horiekin, zenbat ekoizten duzue gaur egun?

Gaur egun, guti gorabehera, 10.000 jarleku egiten ditugu [kadirak, tabureteak, sofak...] eta 3.000 mahai [mahai apal, mahai gora, bulego...]. Anitz iruditzen zaigu, baina, azkenean, aipatzen ari garen merkatua begiratuz, aktore ttikia gelditzen gara.

Bistan dena, bezero gehiago behar dira. Gure garapen ardatz argi bat da ondokoa: partikularrei irekitzea eta hemen dugun tresna, azkenean, jende guztiaren zerbitzura ezartzea; gaur egun gure merkataritza mundua kasik profesionalez bakarrik egina da. 

Halere, garapena segituko dugu profesionalekin: lekukoekin, Frantzia mailakoekin, baita atzerrikoekin ere, geroz eta irekiago izanez. Gaur egun, gure urteko negozio zenbatekoaren %70 Ipar Euskal Herrian eta Frantzian egiten dugu; %30 atzerrian. Gure helburua da bi horiek orekatzea eta COVID-19 aitzineko ratioetara itzultzea: %55 Ipar Euskal Herria eta Frantziaren artean, eta %45 atzerrian.

«Erabilitako materiala, gure kasuan, haritz sendoa da Frantziako oihan babestuetatik atera dena; hemengo langileen eskutik egina da gero, hemengo ateleria batean...»

Kontratu alimale batzuk izenpetu dituzue: Frantziako Liburutegi Nazionala, Apple eta Google AEBetan... Zer-nolako enpresek erosten dizkizuete produktuak?

Gustatzen zait erratea, hala ere, enpresa guztiak gutarik hurbiltzen ahal direla. Aipatzen dituzun proiektu horiek erreferentziak dira bai irudi mailan, baita kalitate mailan ere, enpresek kalitatezko partaideak miatzen dituztelako. Baina, itzultzeko nire erantzunaren hasierara, harro gara hemengo lekuko edozein ostalarik Alkiri pentsatzea eta guk hornitzea leku horiek. Badira gogo, estilo eta moltsa denentzat aukerak.

Zer heinetaraino heltzen ahal zaie moltsa denei? Nahiko prezio altuak baitira.

Bistan dena, moltsa guztiek ez dute Alkiren edozein produktu erostea erabakitzen ahal, baina produktu batzuk atzematen dira. Gure aulkiak 200 eta 1.600 euro artean dira, bakoitza. Hori begiratu ondoren, gibelekoari begiratu behar zaio: erabilitako materiala —gure kasuan haritz sendoa Frantziako oihan babestuetatik atera dena—, nola eginak izan diren, hemengo langileen eskutik hemengo ateleria batean...

Bistan dena, usaia izan dugu kadira bat 30 eurotan atzemateko, baina 30 euro horien gibelean diren ezaugarriei hasten bagara begiratzen, guhaurrek kritikatzen ditugun ezaugarri guztiak dira: kristoren garraioa, oihanak ez bortxaz babestuak, lan baldintza ez bortxak errespetatuak... Horretan da, niretzat, hipokrisia pixka bat: denek ez dugu Alki marka erosten ahal, egia da, baina erosketa hautuak ere badira.

(ID_14441946) ALKI
47 pertsonak lan egiten dute Alki kooperatiban gaur egun. GUILLAUME FAUVEAU
Ekoizpenari begiratzen badiogu, zer egiten duzue hemen, eta zer kanpoan?

Egur lan guztiak hemen eginak dira, eta produktu guztiak hemen bukatuak. Burdinazko piezak kanpoan egiten ditugu, Zestoan [Gipuzkoa]. Gure hornitzaileen %80 hemendik 100 kilometro baino gutiagora dugu.

Bestalde, tapizeria hemen egiten hasi gara berriz. Garai batean egiten zen, gero gelditu genuen, eta berriz integratu dugu. Kolaboratzen dugu kanpoko beste tailer batzuekin oraindik, bistan dena, baina badugu gurea ere bai.

«Herrian lan eta bizi» idatzi ohi duzue zuen komunikazioan. Aldi berean, geroz eta haboro zabaldu zarete. Nola azaltzen duzue tokiko proiektu baten defentsa egitea eta, aldi berean, merkatu internazionalari so egotea?

Nik ez dut batere paradoxazkoa atzematen, egia errateko. Gehiago salduz, lortuko dugu aberastasun gehiago ekartzea hona eta enplegu gehiago sortzea: horrek erran nahi du Euskal Herria eta zehazkiago Ipar Euskal Herriko barnealdea dinamizatzea enplegu mailan. Nire ustez, kooperatiba batek ukaiten ahal duen anbizioa hori ere bada. Ez du erran nahi garatzea edonora joanez, edozer eginez, baizik eta hemengo aberastasuna eta dinamismoa bultzatzea, hemengo gazteriari lana eskaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.