Dendartean: «Sistema ezartzeko prozedurak eta epeak ez dira egokiak»

Gipuzkoako merkataritza elkarteak protesta egingo du astelehenean, Donostian. Aldundiak hitz egiteko borondatea duela azpimarratu du

aitor biain
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gipuzkoako saltoki txikiak ez daude ados Ticket Bai fakturazio sistema berria martxan jartzeko asmoz aldundiak ezarri dituen prozedurekin eta epeekin. Uste dute sistemak «kalte handiak» eragingo dizkiola «lehendik ere kaltetuta segoen sektoreari», eta ohartarazi dute kasu batzuetan dendak ixtera ere bultzatu dezakeela neurriak. Hala esan diete ogasuneko arduradunei ere, baina erantzunik jaso ez dutenez, protestak areagotzea erabaki dute. Elkarretaratzea antolatu du Dendartean merkataritza elkarteak astelehenerako, Donostian, Ticket Bai, horrela ez lelopean.

Ticket Bai derrigorrezkoa izango da Gipuzkoan azaroaren 1etik aurrera txikizkako merkataritza, taberna eta ostatuentzat. Dendartean elkarteak azaldu du, ordea, saltoki gehienei data «oso azkar» iritsi zaiela, eta dendari asko ez daudela prest horretarako. Izan ere, gogorarazi dute sistemak «kostu handi bat» ekarriko dietela negozioei. «Hileroko gastu berri bat ekarriko die, hasieran ikusten ez dena: programa informatikoarena, Internetarena...», adierazi du Xabier Aldalur Dendartean elkarteko teknikariak. Hori dela eta, elkartearen ustez «oso garai txarra da» horrelako gastu bati aurre egiteko, eta are gehiago egungo egoera aintzat hartuz gero.

Elkarteak azpimarratu du ez daudela sistemaren aurka, eta bat egiten dutela helburuarekin; ez, ordea, moduekin. «Merkataritza txikiak ez dauka ezer ezkutatzeko; gainera, gaur egun ia dena txartelarekin ordaintzen da. Baina garaia bera eta eskatzen duen ahalegina ez dira bateragarriak saltoki askorentzat».

Horregatik eskatzen dute epemuga atzeratzeko, edota, ahal dela, gainerako ogasunekin batera ezartzeko. Izan ere, Bizkaiko Ogasunak 2024ra arte atzeratu du derrigortasuna. Orain hilabete izan zuten aldundiarekin bilera azkenekoz, eta eskaera hori egin zioten orduan ere. «Entzun gaituzte, eta arrazoi asko ulertzen dituzte, baina agian ez dira konturatzen zein kalte eragin dezakeen», esan du Aldalurrek.

Aldundia, hitz egiteko prest

Aldundiak BERRIAri adierazi dio ez duela aurreikusitako epemuga atzeratuko oraingoz. Neurriak eragiten dien sektoreekin etengabeko harremana duela azpimarra du, eta horren erakusgarri dela derrigortasuna bi aldiz atzeratu izana —2020an urtebete atzeratu zuten, eta iaz beste sei hilabetez—. Hala ere, hitz egiteko borondateari eusten diola berretsi du diputazioak.

Gipuzkoan iaz hasi zen fakturazio sistema borondatez ezartzeko epea, eta uztailaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da zerga aholkularitza enpresentzat. Aldundiak jakinarazitako datuen arabera, gaur egun 5.866 zergadun ari dira sistema erabiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.