Euskal ontziolak. Ikurra hondoratzen

Denbora gehiegi flotagailu baten zain

'Tax lease' finantzaketa sistemaren auziak hankaz gora jarri zuen Naval, eta, hura baretu ostean, Sestaoko ontziola ez da enpresa bera izan. Zorraren pisuak hondoratu egin du, eta ez da flotagailurik iritsi gaur arte.

Living Stone ontzia Sestaotik Santurtzira eraman zuten iaz, han bukatzeko. MIGUEL TOÑA / EFE.
xabier martin
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal ontzigintzaren historia da Naval, baina gaizki bukatzeko traza guztia du. Lehia globalak eragindako itsaso zakarrean porroterako norabidea hartu zuen aspaldian Sestaoko ontziolak, eta denbora gehiegi egin du ur hotzetan flotagailu baten zain. Ez da azaldu inbertitzailerik, alegia, eta diru berririk gabe ez dago aurrera egiterik.

Euskal ontziolen ikurra dena ezinean dabilen ikasle bihurtu da beste eragileen aldean. Zamakonak (Santurtzi), Balenciagak (Zumaia) eta Muruetak (Erandio) tax lease izeneko ekaitzetik onik ateratzen jakin dute. Navalek, ez. Horiek horrela, ehun urtetik gorako ontziola hori likidazioan sartu da. Hau da, itxiera aurreko azken bidaiari ekin dio.
 

ZERK ERAGIN DU NAVALEN

EGOERA ETSIA?



Azken lau urteetan galera handiak pilatu izanak, funtsean. Jadanik, 150 milioi euroko zorra du bankuekin. Tax lease-aren auziak hutsik utzi zituen ontziolaren nasak pare bat urtez. 2014an, ontzien eraikuntza finantzatzeko sistema berria indarrean jarri zenean, kontratuak iristen hasi ziren. Baina, lan horiek lortzeko, oso prezio txikiak eta epe estuak onartu behar izan zituen. Kudeaketa erratu horrek eraman du muturreko egoerara.
 

ZERTAN DA 'TAX LEASE'-AREN

EKAITZA?



Bruselak 2013an erabaki zuen legez kanpokoa zela Euskal Herriko eta Espainiako ontziolek erabiltzen zuten tax lease finantzaketa sistema. Kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko sistema bat da, enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak pagatzeko, eta erosleari produktua bera merkatzeko, azken finean.

Sektoreak agur esan zion urteetako amesgaiztoari 2015eko abenduan, Europako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi baitzuen Europako Batzordearen 2013ko erabakia, euskal ontziolen kontra hartutakoa. Agurra gero arte bat izan da, ordea, orain bi hilabete itzuli baita berriro tax lease ahaztua. EBko justiziak baliogabetu egin du ontziolen laguntzen aldeko epai hura, eta Europako Auzitegi Nagusiak berriro aztertu beharko du sistema legezkoa den edo ez. 2014tik, tax lease sistema berria darabilte euskal ontziolek, zaharraren oso antzekoa.
 

NOR DA NAVALEN JABEA?



2006an egindako pribatizazioaren ondoren, honela banatzen da kapitala: akziodun nagusiak Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa dira —akzioen %38,07 ditu bakoitzak—; Iniciativas Navales del Nortek, berriz, akzioen %12,18 ditu; Naviera del Nervionek —Manuel Del Dagorenak—, %10,15; eta Lairak, %1,5. 1979tik 2006ra arte, Espainiako Estatua izan zen ontziolaren jabea, harik eta SEPI sozietate publikoak Construcciones Navales del Norteri (CNN) saldu zion arte.
 

ZERGATIK EZ DUTE INBERTITU

NAHI GEHIAGO AKZIODUNEK?



Egungo zorraren zamarekin, negozioa ez delako errentagarria. Gainera, ez da giro jabeen artean. Akziodun txikiek auzitara eraman dituzte akziodun handiak, leporatuz aberastu egin direla Navalen bizkar, ontziolari lotuta egindako hainbat operaziori esker. Eta ekaintzaren erdian langileak daude. Zuzenekoak, 175; baina zeharkakoak 2.000 inguru dira, azpikontratatuta, ontziola ahalmen betean dabilenean. Azkenaldian, azpikontratutako enpresa askok utzi egin diote ontziolan lan egiteari, ez dietelako ordaintzen. Sindikatuek erakundeen esku hartzea eskatu dute, baina halakorik egitea ukatu egin du Eusko Jaurlaritzak, Europako arauen aurkakoa delakoan.
 

NOLA DAGO SEKTOREAREN

ESKAERA ZORROA?



Ontziolak pozik daude, Naval salbu, 2018. urtean aurrekoan lortutako eskaera mailari eutsi diotelako, eta oraindik ez da bukatu urtea. 2006. eta 2008. urte arteko urrezko garaia «ez da berriro gertatuko», Euskal Herriko Itsas Foroak dioenez, baina 2017. eta 2018. urteak onak izan dira. Zamakonak hiru kontratu lortu ditu aurten, kontainer ontzi bi eta atunontzi bat egiteko; Muruetak atoiontzi bat eta arrantzontzi bat egiteko tratuak itxi ditu; eta Balenciagak, 70 metro luze den arrantzotzi bat egiteko kontratua. Horiek horrela, euskal ontzioletan 20 ontzi berri eraikitzeko lan karga dago: arrantzontziak, merkataritza ontziak, gurutze ontziak, yate handiak....
 

NOLAKO GEROA DU

SEKTOREAK?



Alorreko klusterrak dio ez dela batere txarra, nahiz eta munduko ekonomiaren martxak nabarmen baldintzatuko duen. 2017. urtean 2.840 milioi euroko fakturazioa egin zuen sektoreak, aurreko urtean baino %3,5 gutxiago. 13.735 langile aritu ziren (%6,8 gutxiago), bestalde. 2018an bi kopuru horiek hobetuko direla uste du Itsas Foroak, baina, Naval itxiko balitz, ezinezkoa litzateke enpleguaren aldagaia hobetzea.

Eta datorren urteari begira, zer? Petrolioa garestitzeak eskaera gehiago ekar ditzakeela. Offshore proiektu berriek are gehiago suspertuko lukete sektorea. 2019. urterako espero ditu horrelako lehen proiektuak klusterrak; iritsiko ez balira, ia segurutzat jotzen du 2020. urterako ixtea lehen kontratuak.

Naval, azken portura bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.