BAIONA. Erabateko geldialdia. Helburu hori eman dute sindikatu nagusiek Frantziako Gobernuaren erretreten erreforma geldiarazteko. Greba orokorrera deitu dute gaurko, baina sektore anitzetan jarraipena izanen du ondoko egunetan ere, hala nola garraioan eta energian. Ekonomia blokeatzeko ekintzak ere iragarri dituzte.
Hezkuntza arloan %60k greba eginen dutela aurreikusi dute sindikatuek. Tren zerbitzuan ere eragin handia espero dute, eta hegazkin andana ere bertan behera utzi dituzte. Atzo bertan hasi zituzten lehen mugimenduak garraiolariek, gune logistiko eta hiri handien horniduretan eragiteko asmoarekin. Hainbat unibertsitatetan blokeatze mugimenduak abiatu dituzte.
Ipar Euskal Herrian ere grebak erantzun handia izanen duela espero dute sindikatuek. Manifestazioa eginen dute gaur, 10:30ean, Baionako geltokitik abiatuta. Enpresa bakoitzean asanbleak antolatzera deitu dituzte langileak, grebaren jarraitutasuna erabakitzeko.
Dena blokeatzera, erretreten erreforma gelditzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu