«Harrigarria», «lotsagarria», «oso larria»... Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak adjektibo zerrenda deigarria erabili zuen atzo Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin defizita mugatzeko adosturiko akordioa deskribatzeko. «Hasieran, uste genuen azken minutuan sarturiko gol bat zela, baina gero ikusi genuen nahita egin zutela. Austeritate politikak mantentzeko eta fiskalitatea ez ukitzeko onarturiko mugak dira». Are gehiago, autogobernua «neurri antisozialak» babesteko erabili izana egotzi zion Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari.
Mikel Noval sindikatuko ikerketa taldeko kideak gogorarazi zuen Espainiako Gobernuak irailaren 30ean iragarri zuela 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako kenduko zirela defizit eta zor mugak eta gastu araualurralde eta administrazio guztietarako. Pandemiaren kalte ekonomikoei aurre egiteko harturiko ezohiko erabakia da, Europako Batzordearenoniritzia zuena, hark ere kontuak orekatzeko betebeharra kendu baitie estatu kideei, arrazoi berak argudiatuta.
Egun hartan bertan, baina, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordio bat itxi zuten defizita BPGaren %3,5era mugatzeko 2020rako —%2,6 Jaurlaritzari eta %0,9 aldundiei—; 2021erako, berriz, %3: %2,2 Jaurlaritzarentzat eta %0,8 aldundientzat. Berez, berritasuna ez zen Jaurlaritzaren defizita —uztailaren amaieran hitzartu zuten, eta bilera horretan berretsi—, baizik eta aldundiei onartzea aurrerantzean defizit kopuru propio bat izateko eskubidea, eta ez tratatzea tokiko administrazio gisa.
ELAk, baina, nabarmendu du porrot bat izan zela akordio hori. «Lorpen mo duan saldu zuten inork ez dituen mugak onartzea. Ia xanpaina edaten atera ziren», deskribatu du Novalek. Sindikatuko kideek muga zurrun bat balitz bezala deskribatu zuten, baina akordioaren berri ematean Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuak zehaztu zuen «erreferentziazko kopuru» bat zela finkatutakoa, eta kopuru hori handitzeko aukera badagoela, krisiak okerrera egingo balu. Alegia, ez dela muga zorrotz-zorrotza, baina, edonola ere, betetzen saiatuko direla, eta %2,6ko muga batekin osatuko dituztela aurrekontuak. «Arduraz jokatuko dugu», aurreratu zuen. Ardura hori bera eskatu zuen atzo Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak, erkidego guztien erreferentziazko defizita %2,6 izango dela iragartzean.
Lakuntzaren iritziko, horrelako muga bat onartuta bi ondorio atera daitezke. Batetik, «autogobernuari uko egin zaiola», eta, bestetik, euskal erakundeen tratu ezberdina «okerrera egiteko» erabili dela: «Aldebiko akordio historikoa zela esan zuten. Historikoa eginiko erridikulua izan da». Bestetik, akordio horrek agerian uzten du ez dagoela borondaterik «behar sozialak» konpontzeko: «Cristobal Montoro Espainiako Ekonomia ministro ohiak berak esan du pandemia egoera honetan defizit mugek ez dutela zentzurik. Bada, pentsa: Jaurlaritza are eskuinago kokatu da, eta han ez dago toki askorik».
ELAren eskaerak
Sindikatuak hiru eskaera egin zizkion Jaurlaritzari, eta aurrenekoa oso zehatza da: «Bertan behera utzi behar du akordio hori», eta, bide horretan, Nafarroako Gobernuari mintzatu zitzaion: «Eskatzen diogu ez diezaiola bide berari jarraitu». Era berean, muga hori desagertuta, gastu soziala handitzea nahiko luke ELAk, eta zerga erreforma egitea: «Irabaziak dituzten enpresek gehiago ordain dezatela: errenta handiena dutenek, ondasunen zerga igotzea... Badirudi Jaurlaritzak igaro nahi ez duen marra gorri bat dela hori».
Lakuntzak dei egin zien EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi: «Hau erdigunean jartzeko garaia da, dena hemendik jaiotzen da. Oso larria da gertatu dena, eta ahotsa altxatu behar dute».
Defizitari buruzko akordioa bertan behera uzteko eskatu dio ELAk Jaurlaritzari
Sindikatuaren ustez, gobernuak onarturiko zorpetze muga «lotsagarria» da, ez baitago horretara behartuta. Dirua behar sozialetara bideratzeko eskatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu