Defizitak eta zorrak behera egin dute eurogunean

Europako Batasuneko 11 kidek hautsi zuten iaz %3ko defizitaren muga, eta hamahiruk, berriz, %60ko zorrarena.

EBko buruzagien bilera, joan den astean, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
EBko buruzagien bilera, joan den astean, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 22a
13:05
Entzun

Derrigortuta egin aurretik, euroguneko estatu kideak etxeko lanak beren kabuz egiten hasi dira. Aurten jarri da indarrean berriro kontu publikoak orekatzera behartzen dituen Egonkortasun Ituna, baina iaz jadanik gai izan ziren beren defizitak eta zorrak pixka bat txikitzeko. Defizita BPGaren %3,7tik %3,6ra murriztu zen, eta zorra, berriz, %90,8tik %88,6ra. Hori bai, herrialde batetik bestera, alde handiak daude, eta bilakaera okerragoa izan dutenen artean Frantzia nabarmendu da.

Eurostatek gaur kaleratu dituen datuen arabera, 2023an 516.000 milioi euro gehiago gastatu zituzten beren kutxetan sartu baino. 2022an baino 22.000 milioi gehiago izan ziren, baina, BPGa 868.000 milioi euro handitu zenez, zulo horren neurri erlatiboa hamarren bat txikitu da.

Koronabirusaren krisiari aurre egiteak asko handitu zuen gastu publikoa, eta 2020an BPGaren %53,5era iritsi zen eurogunean. Pandemia arindu eta amaitu ahala txikitu da gastu publikoaren pisua, eta iaz %50era iritsi zen.

Euroguneko kide ez diren Europako Batasuneko zazpi kideak batuz gero, defizita hamarren bat handitu da, %3,5eraino.

EBko 27 kideetatik lauk besterik ez zuten izan iaz superabita: %3,1ekoa Ziprek eta Danimarkak, %1,7koa Irlandak, eta %1,2koa Portugalek.

Beste 23k zuloa izan zuten beren kontuetan, baina bereziki Italia (-%7,4), Hungaria (-%6,7) eta Errumania (-%6,6) nabarmendu ziren. Hiru horiek eta beste zortzik, gainera, gainditu egin zuten Egonkortasun Itunak finkatzen duen gehienezko muga, %3koa.

Frantzia, okerrago

EBko gobernuek iazko abenduan berritu zuten Egonkortasun Ituna, eta zenbait arau aldatu zituzten, baina bere hartan utzi zuten defizitaren %3ko muga, eta estatu kideak behartzen ditu doikuntza planak aurkeztera zulo hori txikitzeko. Hori egin beharrean izango direnen artean daude Espainia eta Frantzia.

Espainiak uste baino gehiago txikitu zuen iaz bere defizita —%4,7tik %3,6ra—, eta espero du hazkunde ekonomikoaren bitartez lortuko duela aurten %3ko mugatik behera jaistea, inolako murrizketarik egin gabe.

Halakorik ezingo duela egin onartu du dagoeneko Frantziako Gobernuak. Defizita handitu zutenetako bat izan zen, %4,8tik %5,5era, urte bukaeran diru sarrerak uste baino apalagoak izan baitziren. Horrenbestez, Bruno Le Maire Finantza ministroak agindu du aurten «ahalegin gehigarriak» egingo dituztela kopuru hori jaisteko. Parisen asmoa da defizita 2027an jaistea %3ko langatik behera, baina horrek milaka milioi euroren murrizketak eskatuko ditu, betiere Emmanuel Macron lehendakariak ez badu atzera egiten eta zergak igotzeko betoa kentzen ez badu.

%57,3

EBko kideen artean Frantzia da proportzioan gastu publikorik handiena egiten duen herrialdea. Iaz, BPGaren %57,3 gastatu zuten administrazio publikoek. Atzetik ditu Italia (%55,2) eta Finlandia (%55,6). Beste aldean, Irlanda da gasturik txikiena egiten duena (%22,9), baina kontuan hartu behar da haren BPGa neurri gabe puztu egiten dutela han Europako egoitza duten AEBetako multinazionalek.

Defizit handia estali behar izateak hiru bilioi eurotik gora eraman zuen Frantziaren zorra lehen aldiz (3,1 bilioi). Hala ere, bere zorraren pisu erlatiboa pixka bat apaldu zen, BPGaren %111,9tik %110,6ra igaro baitzen. 

Kopuru osoetan Alemaniak soilik du zor handiagoa (4,1 bilioi), baina zorra neurtzeko modu egokiagoa da BPGan duen zatia kontuan hartzea, horrek hobeto erakusten baitu nolako ahalegina egin behar duen estatu edo eskualde batek zor hori zerbitzatzeko.

Alde horretatik, Grezia da EBko herrialderik zorpetuena, %161,9ko zorrarekin, 2010eko hamarkadan jasotako erreskateen ondorioz. Zor hori, ordea, nabarmen jaitsi da azken urteetan —2020an, %207koa izan zen—.  Haren atzetik Italia dago, %137,3ko zorrarekin (-3,2 puntu).

Egonkortasun Itunak %60ko muga jartzen dio zor publikoari, eta gaur egun hamahiru dira hortik gorakoa duten estatu kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.